MEATZARITZA

Lizarraldean kobrea bilatzeari «legez kanpo» ekin diotela salatu dute ekologistek

Ekologistek diote baso eremuetan hasi dituztela ikerketa lanak, eta soilik labore eremuetan jarduteko baimena dutela. Elkarretaratzea egingo dute bihar Sorladan, 19:00etan.

Kobre meatze bat, Panaman, 2025ean. CARLOS LEMOS / EFE
Kobre meatze bat, Panaman, 2025ean. CARLOS LEMOS / EFE
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 2a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte hasieran Nafarroako Gobernuak baimena eman zion Iberian Copper enpresari kobre bilaketak egiteko Lizarraldean eta Zangozan, eta Sorladan (Nafarroa) hasiak dira jada lan horiek egiten, «udalaren baimenarekin». Bada, Ekologistak Martxan taldeak eta Lurgorri meatzaritzaren kontrako Lizarraldeko plataformak salatu dute baimenean xedatutakoak urratuz hasi dituela enpresak ikerketa horiek.

Izan ere, azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuaren Meatzaritza Zerbitzuak ikerketak labore lurretan egiteko baimena baino ez dio eman enpresari, eta salatu dute baso eremuan hasi direla behaketak egiten. Horrez gain, ekologistek salatu dute enpresak proiektuari buruz entregatutako txostenetan ez zuela zehaztu orain ikerketak egiten ari diren lekuak erabiliko zituztenik, eta adierazi dute hori ere Nafarroako legediaren kontrakoa dela. Azaldu dutenez, 346, 351, 373 eta 375 herri partzeletan ari dira behaketak egiten.

Beraz, enpresak bi lege urraketa egin dituela salatu dute. Gainera, azaldu dute Batasunaren intereseko habitat naturaletan egiten ari direla ikerketak; Europako Batasuneko Habitat Zuzendaritzak lehentasunezko eremu izendatuta dauzka halakoak.

Hori dela eta, ekologistek salaketa jarri dute Natura Babesteko Guardia Zibilaren Zerbitzuan, eta nabarmendu kasua Nafarroako Gobernuaren Meatzeen, Lurralde Komunaren eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren esku utzi dutela. Bestalde, eskatu dute ikerketak bertan behera uzteko ahalik eta lasterren, eta udalerriei eta lur jabeei eskatu diete lizentziarik ez emateko.

Azkenik, elkarretaratzea egingo dute bihar Sorladan, 19:00etan, eta, gero, bisita bat egingo dute Iberian Copper ikerketa lanak egiten ari den lurretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA