Garraioa

Loiu eta Alemania arteko hamasei hegaldi bertan behera utzi dituzte

Hegazkina hartzera zihoazen 3.000 laguni eragin die Alemaniako gaurko greba egunak

Frankfurteko aireportua, gaur, ia hutsik. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 27a
12:00
Entzun

Greba betean da gaur Alemaniako garraio sektorea. Ver.di langile publikoen sindikatua eta EVG trenbideetakoena greba «erraldoian» dira aireportuetan, trenbide sarean, portuetan eta tokian tokiko zerbitzuetan; 2,7 milioi langiletik gora deitu dituzte lanuzteak egitera. Municheko aireportuko hegaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta horrek eragina izan du Loiuko aireportuan. Izan ere, hemengo eta Alemania arteko hamasei hegaldi bertan behera geratu dira gaur —Loiu eta Munich, Frankfurt, Stuttgart eta Dusseldorf arteko hegaldiak ziren—. Denera, 3.000 bidaiari geratuko dira hegaldirik gabe gaur. Datua askoz ere handiagoa da hegaldi guztiak kontuan hartuta: aireportuen patronalaren arabera, lanuzteek 400.000 ia lagun utziko dituzte hegazkinik hartu ezinda.

Lan hitzarmen berria ari dira negoziatzen, eta erosahalmenaren galera da grebaren arrazoia: garraioetako langileek galdegin dute soldata %10,5 igotzea, inflazioari aurre egiteko —otsaileko urte arteko tasa harmonizatua %9,3koa izan zen herrialde hartan—. Sindikatuek urte hasieratik egin dituzte «abisuzko» lanuzteak; besteak beste, hiru aldiz gerarazi dituzte Alemaniako aireporturik handienak. Gaurko greba, ordea, herrialde osokoa da, eta garraioen sektoreko bi sindikatu handik deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.