Mendi martxa bat egin dute Loiuko aireportua handitzeko proiektua salatzeko

Jauzi Ekosozialak eta Sukar Horiak gogorarazi dute hegazkin bidezko garraioa dela guztietan kutsagarriena, eta sektore horren isuriak 1990ean halako bi direla orain.

Mendi martxaren amaiera, Loiuko aireportuan.
Mendi martxaren amaiera, Loiuko aireportuan. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko maiatzaren 5a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzean geratu dira COVID-19aren pandemian ikusi ahal izan ziren aireportu hutsen irudiak, eta abiazioaren sektorea inoiz baino indartsuago dago. Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkarteak argitaratutako datuen arabera, historian hegaldi gehien egin diren urtea izan zen iazkoa, eta pandemiaren aurreko urteko datuak gainditu ziren; zehazki, 2019. urtearekin alderatuta aire trafikoa %3,8 handitu zen 2024an, eta 2023tik 2024ra igoera %10,4koa izan da. Joera hori ikus daiteke Euskal Herriko aireportuetan ere; Loiukoak (Bizkaia), esaterako, inoizko bidaiari gehien izan zituen iaz, eta zazpi milioi bidaiari jaso zituen ia, 2023an baino %7 gehiago. Horiek hala, AENAk —Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioa— hainbat aireportu handitzeko plan estrategikoa onartu zuen iaz, eta tartean da Loiukoa.

Handitze asmo hori salatzeko, Sukar Horiak eta Jauzi Ekosozialak mendi martxa bat egin zuten atzo, Bilbotik aireportura. Bi talde ekologista horiek gogorarazi dute abiazioa dela garraio sistemarik kutsagarriena —Europako Batasuneko isurien %5en erantzule da—, eta uste dute klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoa dela hegaldi komertzial gutxiago izatea.

Horrez gain, azaldu dute aireportuaren handitzeak bestelako ondorio sozialak ere izango dituela. Lehenik eta behin, esan dute aireportuek kalte egiten diela inguruan bizi direnei, bereziki zaratagatik eta airearen kutsaduragatik. Bestalde, esan dute aireportuko bidaiari kopurua bi halakotzea dela asmoa, hau da, ia zazpi milioi bidaiari hartu beharrean hamalau milioi hartzea, eta horrek, nahitaez, turisten joan-etorria ere handituko duela: «Helburua da gurera inportatzen ditugun turisten kopurua eta guretik esportatzen ditugunena orain halako bi izatea». Gogorarazi dute maiatzean turismoari buruzko hainbat jardunaldi egingo dituztela, udaren atarian.

Jauzi Ekosozialaren eta Sukar Horiaren ustez, aireportuak handitu ordez «txikitzean pentsatu behar dugu, eta gaur egun aireporturako erabiltzen diren lurrei beste funtzio batzuk eman: nekazaritza, etxebizitza, zerbitzu publikoak…».

Duela hilabete, Ekologistak Martxan-ek ere ohartarazi zuen aireportuak handitzeak dituen arriskuez; elkarteak azaldu zuen AENAk eta Espainiako Gobernuak onura ekonomikoak soilik dituztela helburu —Espainiako hamabi aireportu eta Loiukoa handitzeko asmoa du AENAk—. Horrez gain, adierazi dute kalteak hainbat alorretan nabarituko direla: berotegi efektuko gasek klima aldaketa areagotuko dute, aireportuen inguruko ekosistemak eta landa eremuak kaltetuko dira, eta horrek jendearen osasunari eragingo dio. Beraz, uste dute proiektu horiek «jendearen interes orokorraren kontrakoak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.