Oposiziora itzuli da berriro, baina hezkuntzari oso lotua segitzen du Isabel Zelaak (Bilbo, 1949), PSE-EEko ordezkari. Nabari zaio halako min bat. Zelaak abiarazitako proiektu batzuek aurrera jarraitzen dute EAJren gobernuan—hiru eleko ereduak eta biktimak eskoletara joateko programak—, baina kritikak isildu dira. «Orain, badirudi onak zirela». Uste du PSEko ordezkari zelako kritikatu zutela. «Ez da bidezkoa».
LOMCE lege da. Ezartzeko unea dator. Zer egin behar du Jaurlaritzak?
Irmo jokatu. Ea hasten garen gauzak argi esaten. Irmotasun horren falta sumatu genuen Jaurlaritza berria hastean: negoziatu egin nahi zuela, luzapen bat... Legea bera onartzea da hori. Kontua ez da hainbeste LOMCEri iskin egitea; okerra da hezkuntza garatzeko, eta ez dugu nahi, ez hemen eta ez beste inon. Zer egin, beraz? Inteligentziaz jokatu, gure eskumenen barruan. Helegitea jarri behar da, eskumenak urratzen ari baita. Denbora exijitu behar da, curriculuma garatzeko. Dekretu batek denbora eskatzen du. Legea hilda jaio da: oso interesgarria da oposizioak egindako akordioa, legea bertan behera uzteko. Amaierako azterketek behartuko gintuzkete gehien, eta horiek 2017ra arte ez lirateke jarriko martxan. Ordurako LOMCE ez da egongo. Denbora irabazi behar dugu.
Gehiengo zabala aurka dago. Zergatik ez fronte bat egin denen artean?
Frontea badago. Baina soilik legearen barruan mugi gaitezke. Ezin da intsumisioa egin. Esaten baduzu intsumiso zarela, legetik at geratzen zara. Era sotilagoan lan egin behar dugu: ez dugu LOMCE ezarri nahi, eta ahal dugun guztia egingo dugu. Gauza asko egin ditzakegu. Era inteligentean jokatu behar dugu. Europaren ildora lotzen ari ginen —ratioak, indartze irakasleak, autonomia...—; hori bertan behera utzi du LOMCEk.
Auzitegiaren edo PPk gehiengoa galtzearen zain geratu behar dugu?
PPk gehiengoa galdu zain egon behar dugu, bai. Baina itxaronaldi aktiboa behar dugu, ez ezartzen saiatuz. Urtarrilean gaude. Dekretu bat egiteak bederatzi hilabete behar ditu. LOMCEtik gutxi ezarriko da. Hilda jaio da. Intsumisioa da zure alternatiba.
Ez, ez. Nik ez dut intsumisioa aipatu.
Gobernu batek ezin du intsumisiora jo. Legeari helduta aritu behar du. Legea beteko ez lukeen gobernuak emandako titulazioak ez lirateke baliozkoak. Horrekin ezin da jolasean ibili. Besterik da Rajoyren gobernua aritzea eskumenen eremua aldatzen. Bertikalak izango dira eskumenak, enborreko ikasgaiak ezarrita etorriko dira. Hori eskumenak urratzea da. Helegitea jartzeko eta irabazteko modukoa da. Baina, tira, LOMCEri denbora gutxi geratzen zaio.
Oso itxaropentsu dirudizu.
Guztiz. Denbora gutxi geratzen zaio. Ez nago itxaropentsu, ordea, euskal hezkuntzan bizitzen ari garenaz. Inertziaz ari gara, motorrik gabe. Mugitzen ari dira besteak, eta distantzia handitzen ari da.
Jaurlaritzak Heziberri 2020 plana abiarazi du. Badu zuen babesik?
Ikusi dugunarekin, ez. Aholkularitza bateko hizkuntza duen logistika hutsa da. Déjà vu bat. Edozein alderdi nazionalistak gobernura itzultzean egiten duena da: identitateari bueltaka aritu, iraganera itzuli. Ikusia daukagu. Ez gaitu era lehiakorrean jartzen etorkizun globalerako. Altxor kultural ugari ditugu, eta euskara da nagusia. Gure identitatearen eta kulturaren zati da. Baina ezin dugu nahastu denen ondare dena soilik alde batena den ideologiarekin. Hezkuntzan, ideologia ikasgela atarian utzi behar da.
Non ageri da ideologia nazionalista?
Oraingoz datak bakarrik dauzkagu. Edukirik ez. Ideologia dago esaten denean egingo dela curriculum bat zazpi herrialdeen Euskal Herrirako. Barregarria da. Esaten ari gara Wert eskumenak urratzen ari zaigula. Eta guk zergatik urratuko ditugu beste lurralde baten eskumenak? Zertara garamatza horrek? Ez da eragingarriagoa euskara munduan kokatzea? Zertarako ari gara esaten produktu bat egingo dugula zazpi herrialdeentzat? Inork sinesten du hori? Esaten da nahi denarentzat izango dela. Baina, aizu, hori jadanik egiten da: ikastolen curriculuma badute Nafarroako eta Iparraldeko ikastola batzuetan. Arazorik? Batere ez. Heziberri 2020 distraitzeko mekanismo bat da. Diagnostikorik gabe jaio da, LOMCE bezala. Zer ari da 2010eko curriculumean huts egiten, orain beste bat egin behar izateko? Falazia hutsa da esatea Heziberrik erreforma geldiaraziko duela.
Cristina Uriarte sailburuak lortu du eragileak mahai batean elkartzea.
Mahai batean eseri egin ziren. Nik ere eduki nituen Carltongo konpromisoan, hiru elekoaren markoan, Eskola 2.0 proiektuan...
Gehiengo sindikala ez.
Eta gobernu honek bai? Saiatu zen ELAk, LABek eta EILASek Gizalegez akordioa sina zezaten, bakarrak izan baitziren Carltongoa ez sinatzen. Ez dute lortu. Inork ezin du esan gobernu honek adostasun gehiago duela hezkuntzan aurrekoak baino. Ona da hori jakitea. Aurkakoa esatea litzateke onartzea gizarte honetan ezberdintasunak beti onartzen direla. Nazionalista batek egiten badu, ondo; sozialista batek egiten badu, gaizki. Ez da bidezkoa.
Heziberri planean hezkuntza lege berria egitea aipatzen da. Behar da?
Ez da gaizki egongo. Gaurkotzea eta itunpekoa inplikatzea ondo dago. Baina lege batek memoria ekonomikoa behar du, eta hori da arazoa. Ez dirudi baliabide askoz gehiago dagoenik. Guk inoiz ez dugu onartu publikoko baliabideak itunpekora eramatea. Eta erne egon behar dugu. Baliabide gehiago ez badago mahai gainean...
Itunpeko sarea ondo finantzatuta dagoela uste duzu?
Oso ondo finantzatuta.
Ikastetxe erlijiosoetako lan gatazka nola ari zara ikusten?
Batzuk gai izan dira arazoak konpontzeko —ikastolek egin dute—, eta beste batzuetan, ez da posible izan. Aldeei dagokie konpontzea. Patronalak adierazpen arduragabe batzuk egin ditu. Zenbakiez hitz egin behar bada, hitz egin zehatz: inoiz ez zen %5 murriztu. Ez zen %2,5era iritsi. Inork ez zuen esperoko, sare publikoko irakasleei mozketa eginda, itunpekoei ez egitea. Haien soldata beti zehaztu da publikokoen %95 bezala. Auzitegiek beti esan dute Jaurlaritzak ez duela ardurarik. Gobernuak oso erne ibili behar du: itunpeko irakasleen soldatetan edozein gehikuntza izateak isla izan behar du irakasle publikoetan.
Gatazkaren erantzule sentitzen zara?
Inola ere ez.
Ez zaizu iruditzen ari dela dikotomia bat sortzen bi sareen artean?
Ez baitira berdinak. Ez dago dikotomiarik. Administrazioak bere sare publikoarekin du lehen ardura. Itunpekoa nahi duen tokian eta nahi duenean jartzen da. Publikoa, ez: beharra dagoen tokian egon behar du, eta behar bereziak dituztenei kasu egin behar die. Horregatik da garestiagoa. Administrazio batek berdin tratatu nahi baditu publikoa eta itunpekoa, oker ari da. Badakigu euskal hezkuntza sistema berezia dela, itunpeko indartsua eta boteretsua dagoela, historikoki bokazioa izan duela hezkuntza eskaintzeko. Errespetuz tratatu dugu. Baina publikoak izan behar du administrazioaren erreferente. Itunpekoak jakin behar du hori.
Hiru eleko eredua birformulatzeko asmoa du Uriartek. Zer espero duzu?
Azken soziometroan, familien %40k eskatu dute; D eredua nahi dutenak ez ziren %30 ere. Ingelesa oinarrizkoa da, eta ez dugu nahi dirua dutenek soilik ikas dezaten akademian. Ordena bat nahi baduzu: gehiago euskaraz, gaztelaniaz ere bai, eta ingelesez ere bai. Gaztelania ere bai. Asko entzuten ditut gaztelaniaz gaizki hitz egiten. Zer esanik ez euskaraz. Euskarari lehentasunezko arreta, denbora gehiago, baina ingelesa ere txertatu behar da. D eredua hasi zenean, euskaldundutako irakasle gutxi zegoen, eta egin genuen. Ezin da aitzakia izan lehenbizi irakasleak hezi behar direla.
Birformulazio bat onartuko zenuke?
Eztabaidatzeko prest nago. Sinetsita nago zentro bakoitzean era diferentean garatzen ari direla. Muga bat dago: zentroak ez uztea hizkuntzetako bat ere. Hiruretan irakurri eta hitz egin behar da.
Poliziaren biktimak sartu dituzte Bakerako Hezkuntza Planean. Esan daiteke plana zabalagoa dela orain?
Ez. Esan nuen sartu behar zirela. Plana zabalagoa izango da ikusten dugunean. Orain, dena geldirik dago. Arazorik ez dago; legeak aitortu ditu. Helburua da enpatia sortzea bestearekiko sufrimenduarekiko eta indarkeria baztertzea. Jakin dadila zer gertatu den: ETAren indarkeria, eta estatuaren indarkeria, eta norbaitek tortura jasan duela. Eskola batzuek soilik bidaliko balituzte Poliziaren gehiegikerien biktimak, historia ez lukete horrela kontatuko.
Eta ETAren biktimak soilik badoaz?
ETAren biktimak soilik joango balira, arituko litzateke kontatzen herri honetan egon den terrorismoaren zati fuerteena. Biktimak eskoletara bidaltzen genituenean, ETArena eta GALena joaten ziren. Baina hemen ETAren indarkeriaren arazo handi bat egon da, ezta? Hori aitortu behar da. Hezkuntzak ezin du jarri gortina bat umeen begien aurrean. Hemen M-11ko biktimez hitz egin da, eta ETArenez ez. Hitz egin dezagun ETAren biktimei buruz, ezta? Eta GALenei buruz ere bai.
Askok eskatu dute lekukotasuna?
Ez, askok ez.
Espero baino gutxiagok?
Ez. Ez zegoen espero zenik eta ez zenik. Plan berritzailea zen, eta bagenekien erresistentzia handia zegoela. Ulertezina da. Beste edonon ez zen hori gertatuko. Zentroak gurekin hitz egiten zuen, guk harekin, eta biktima joaten zen. Eskola askotara ez, gutxitara.
EAJren eta PSEren artean akordioak ikusi ditugu: aurrekontuak, zerga sistema... Hezkuntzan ere bai aurki?
Ez dakit. Itun horri esker gai izan gara gobernuari agintzeko 2012ko gastu bera egin dezala hezkuntzan. Ez du esan nahi 2012ko dirua dagoenik. Unibertsitatean eta ikerketan beherakada nabari da; 2013an hasitako joerak segitzen badu, diguten konfiantza urratuko dugu, eta komunitate zientifikoari garrantzia kenduko diogu.
Murrizketak zure garaian hasi ziren.
Oso-oso txikiak izan ziren. Doktoretza aurreko bekak %50 handitu nituen, eta doktoretza ondokoak, %40. Oso gai garrantzitsua da. Ikerketa besteek egiten badute, inoiz ez dugu izango balio erantsirik. Alemanian, adibidez, ikerketako dirua beti handitzen da, krisia egon edo ez; beste herrialde batzuetan, krisia iristean, gutxien ikusten omen dena murrizten da.
Diru kontuetatik aparte, akordio bat espero duzu EAJrekin?
Ez dakit Jaurlaritzak zer pentsatzen duen: ez hiru elekoari buruz, ez ebaluazioari buruz... Adibidez, Eguberri aurretik aurkeztu ditugu beti Ebaluazio Diagnostikoak. Zergatik ez da aurkeztu? Ez dakigu hezkuntzan zer proiektu duen.
Autogobernurako lantaldea eratzeko bidea hasi dute. Zer jarrerarekin doa PSE-EE?
Ondo iruditzen zaigu lan egitea gure markoa gaurkotzeko. Baina ez dugu ikusi paper bat ere. Ez dakigu zein asmorekin doazen Jaurlaritza eta EAJ. Denok elkar ezagutzen dugu hemen: badakigu zerk batzen gaituen, eta zerk aurrez aurre jartzen. Ikusiko dugu bakoitzak zer dakarren, eta eztabaidatu ahalko dugu. Hori bai: hau guztia bada EAJren behar bat, bere oinarriak gustura egon daitezen, gaia luzatzen joan dadin hurrengo hauteskundeetara arte, dena tentsioan jar dadin, ez gara ados egongo. Baina bai bizikidetza hobetzearekin eta kontsentsua handitzearekin, ETAk amore eman duelarik.
Euskobarometroak dio 2-4 parlamentari galduko lituzkeela PSE-EEk. Ez dituzue garai onenak.
Inkesta bat soilik da. PSOE birsortze eta gaurkotze handi bat egiten ari da, bai oinarri programatikoetan eta bai liderretan. Hilaren 18an izango dugu batzorde federala, eta primarioetarako egutegia ezarriko dugu. Oso alderdi irekia gara.
Patxi Lopez non ikusten duzu urtebete barru?
Berak erantzuten duena esango dizut: euskal politikari eta Espainiakoari zerbitzu ematen.
Isabel Zelaa. PSE-EEko hezkuntza arduraduna
«LOMCE legea hilda jaio da; denbora irabazi behar dugu»
Hezkuntza erreforma ez ezartzearen aldekoa da Zelaa, baina intsumisiora jo gabe. «Era sotilagoan» jokatzeko eskatu du. Ziur dago datorren legealdian bertan behera geratuko dela. «Itxaronaldi aktiboa» egiteko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu