Fisikoki ezinezkoa da iraganera bidaiatzea, ez dago denboraren makinarik. Baina efemeride bereziek aukera ematen dute memorian barrena atzera egiteko. Ahanztura ofizialaren kontra, 1976ko martxoaren 3an mobilizatu ziren langileen borrokaren aldeko eta orduko sarraskiaren kontrako memoria bizi-bizirik dago. Mende erdi geroago, Arabako hiriburuan memoria ekitaldi ugari antolatu dira goizean goizetik. Ekitaldi horietan guztietan biktimen «aitortza» izan da ardatza, baina gehienetan, baita azken asteetan behin eta berriz egin den eskaera bat ere: Espainiako Estatuak jazotakoaren «erantzukizuna» bere gain har dezala. Eta Ministroen Kontseiluak auziaren inguruko adierazpen bat onartu du, baina, dokumentuan «Polizia Armatuaren jardun neurrigabea» gaitzetsi badute ere, ez diote estatuaren «erantzukizunari» erreparatu.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian, Elma Saiz eledunak jakinarazi du testu batean 1976ko sarraskiaren biktimak «aitortu» eta «memoria demokratikoaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren» alde egin dutela. Testu horretan, orduko langile mugimenduaren garrantzia ere nabarmendu dute, baina, gertakariari dagokionez, Polizia Armatuaren jardunari erreparatu diote soilik. Ondorioz, ez «erantzukizunik», ezta estatuaren «rolaren» inguruko aipamenik ere.
Ikusi gehiago
Erantzukizunaren auzia behin eta berriz errepikatu da gaur. EH Bilduk eguerdian egindako ekitaldian, koalizioko idazkari nagusi Arnaldo Otegik esan du Martxoaren 3koa «estatu operazio bat» izan zela: «Ez zen kasualitatea izan, errepresio ekintza bat baizik». Argudiatu du estatuak argi utzi nahi zuela «trantsizioa mugatua» izango zela, eta diktaduraren kontra egin zuen euskal langileriaren kontrako «zigor» bat izan zela 1976ko sarraskia. Nabarmendu du horrexegatik dela beharrezkoa estatuak «erantzukizuna bere gain hartzea».
Lore eskaintza egitearekin batera, Podemoseko ordezkariek ere hala salatu dute. Irene Montero eurodiputatuak esan du sarraskia «estatu krimena» izan zela eta ez zutela zigortu: «Trantsizioaren kontakizun ofizialak dio kriminal faxistak goretsi behar direla demokrazia ekarri zutenak izan balira bezala». Horien artean aipatu ditu Manuel Fraga PPren sortzailea eta garai hartako Gobernazio ministroa, eta Rodolfo Martin Villa. Sumarreko diputatu Lander Martinezek, berriz, adierazi du Espainiako trantsizio deritzona ez zela «eredugarria eta baketsua izan denentzat», eta horren adibide dela 1976ko Gasteizko sarraskia. Esan du «estatu indarkeria» izan zela, eta haren inguruko «dokumentu ofizial guztiak» desklasifikatzeko eskatu du. Bide beretik jo du Berdeak Equo taldeko Oscar Fernandez: «Irekirik den zauria da Martxoaren 3a, eta egia osoa jakin behar dugu».
EAJ, «atsekabetuta»
Monolitoan, loreak jartzen izan da ia Eusko Jaurlaritza osoa ere, Imanol Pradales lehendakaria buru zela. Haren alboan ziren Ibone Bengoetxea eta Mikel Torres lehendakariordeak eta beste zazpi sailburu —Maria Jesus San Jose, Nerea Melgosa, Bingen Zupiria, Juan Ignacio Perez Iglesias, Amaia Barredo, Susana Garcia, Javier Hurtado eta Denis Itxaso—. Isil-isilik egin dute lore eskaintza. Hurtadok, baina, geroxeago hartu du hitza. Eneko Andueza PSE-EEko buruarekin batera itzuli da monolitora, eta gaurko egunak «langile mugimenduarentzat» duen garrantzia nabarmendu du: «Langile haien lanik, antolakuntzarik eta borrokarik gabe, ez ziratekeen eskuratuko gaur egun ditugun askatasunak». Horrekin batera, eragile gehienek egin bezala, hark ere egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea aldarrikatu du, baina Madrili erreparatu gabe.
Hain justu, Espainiako Gobernuaren jarrerak «atsekabetu» egin du EAJko buru Aitor Esteban. Hark uste du Madrilek gaur egindako adierazpenean ez dela aitortu estatuak sarraskian izandako «rola», EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean adostutako testuan hala eskatu bazioten ere. «Berriki, Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEk aitortu egin ditu garai hartako gobernuaren jarduera eta estatuaren krimenak. Hala ere, halakorik ez dugu ikusi Ministroen Kontseiluaren erabakian», esan du. Bide beretik, Sekretu Ofizialen legea baliogabetzeko eta desklasifikazio oso bat egiteko eskatu du, «eta ez aukeratua». Haren ustez, hori litzateke biktimei «erreparazio osoa» emateko modua.
Antzera mintzatu da Pradales Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian. «Gaurko egunez, duela 50 urte, gure herriko bost seme erail zituzten tiroka», hasi du hitzaldia. Salatu du auzia krudela izan zela, gertatutakoa ezkutatu zutela eta biktimak babesgabe utzi zituztela, eta egia, justizia eta erreparazioa eskatu ditu biktimentzat. Horretarako, baina, oraindik bidea dago egiteko, lehendakariak adierazi duenez, eta argitu gabeko galdera ugari daudela esan du: «Zergatik gertatu zen hori guztia? Zergatik ezkutatu zen egia? Zergatik eduki dute alfonbra azpian ezkutatuta demokraziako gobernu guztiek, kolore batekoek eta bestekoek?». Hitz horien bidez, Sekretu Ofizialen legearen erreformari egin dio erreferentzia hark ere. Eta auzi horri erreparatu dio Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek ere: «Artxiboetako gune ilunetara helduta soilik jakingo dugu egia osoa; gardentasuna beharrezkoa da».
«Franco ohean hil zen»
Era berean, Gonzalezek eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Martxoaren 3aren memoria «patrimonializatzearen» kontra hitz egin dute. «Inork ez dezala Martxoaren 3ko memoria arrotz sentitu, inork ez dezala patrimonializatu», esan du Arabako ahaldun nagusiak. PPko ordezkariek ere auzi horri heldu diote lore sorta monolitoaren aurrean uztean. Gasteizko Udalean duten eledun Iñaki Garciak salatu du «ezker abertzaleak» Martxoaren 3ko sarraskia «bereganatu» duela. Adierazi du «sarraski injustu bat» izan zela jazotakoa, baina ez dio estatuaren erantzukizunari erreparatu, ez eta, besteak beste, PPko sortzaile Manuel Fragak izandakoari ere.
Lore eskaintza soilik ez, ekitaldi bat eta manifestazio bat ere egin ditu LAB sindikatuak goizean. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak 1976ko gertakariak langile borrokaren memoriarekin lotu ditu. «50 urte beranduago hemen gaude, indar handiagoz. Ezin izan zuten gu garaitu, eta ezingo dute».
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak eta Pepe Alvarez UGTkoak ere lore eskaintza egin dute. Sordok gogora ekarri du garai hartan langileen borroka klandestinitatean egiten zela eta Madrilgo gobernuak langileen mugimendua kontrolatu nahi zuela. «Franco ohean hil zen, baina demokrazia kalean jaio zen, langileek baldintza txarrenetan egindako borrokari esker». Alvarezen ustez, garai hartako Poliziaren audioek agerian uzten dute hura estatu krimena izan zela.
Denek ere mezu bat irakurri dute monolitoaren aurrean. Lurrean, letra gorriz, «justizia» hitza zegoen idatzia langileen omenezko monolitoan. Antzeko mezuak ikusi ahal izan dira San Frantzisko elizatik gertu. Zaramaga auzoko etxebizitza batean, M-3: borroka ez da eten zioen kartela eskegi dute. Hala, egunean zehar egindako lore eskaintza eta ekitaldietan behin eta berriro aipatu da biktimen aitortza.
martin villaren bertsioa
Trantsizio osoan, Rodolfo Martin Villak erantzukizun politiko handia izan zuen, eta haren itzala nabari da Gasteizko gertaeretan ere. Urteurrenaren harira, berritasun bat dago. Radio Vitoriak dokumental bat aurkeztu du, eta bertan hitz egin du.
Martin Villa Harreman Sindikaletako ministro zen Gasteizko sarraskia gertatu zenean. Dokumentalean dioenez, «suminez eta minez» oroitzen ditu gertaerak. Haren esanetan, «akats kate» baten ondorio izan zen. Egun hartan, Hondarribiko Paradorean zegoen bilduta, sindikatuen erreformari buruz hitz egiteko, baina batik bat Gasteizko egoeraz mintzatu ziren egoera «larria» zelako bertan. Martin Villaren arabera, Arabako gobernadore berria kargura iritsi berri zen, eta ez zuen ezer egin kalean gertatzen ari ziren istiluen harira. «Horrek ez du azaltzen Martxoaren 3an gertatu zen guztia, ezta justifikatzen ere, baina ezin da azaldu egun hartan gertatutakoa aurretik Gasteizen jazotakoa azaldu gabe».
Dokumentalean galdetzen diote ea Burgosko kapitain nagusiak tankeak kalera ateratzeko agindua eman zuen, eta Martin Villak ez du ukatu. Haren hitzetan, Adolfo Suarez Espainiako gobernuburuak «irmo» jokatu, eta hori egiteko autoritaterik ez zuela adierazi zion. Eliza husteko agindua hutsegitea izan ote zen ere galdetu diote. «Behin gertatutakoa ikusi eta gero erraza da asmatzea zer egin behar zen eta zer ez», dio. Agindua nork eman zuen galdetuta, gobernadore zibilarengan jarri zuen ardura: «Handik hilabete gutxira Gobernazio ministro izan nintzen, eta badakit gobernadore zibilek ardura hori har zezaketela. Arabakoak hori egin zuen, eta baliabide gehiago eskatu zituen. Han egin zen operazioa militarra izan zen, agindu eta eragile militarrekin».