Lukas Agirreren hilketaz akusatutakoek argudiatu dute ez direla gogoratzen gertatutakoaz

2022ko Eguberri eguneko goizaldean hil zuten Agirre, labankadaz, Donostian. Hiru akusatuek deklaratu dute gaur; bik onartu dute drogak hartu zituztela.

Lukas Agirreren hilketaren epaiketaren artxiboko irudi bat, Donostian. EFE
Lukas Agirreren hilketaren epaiketaren artxiboko irudi bat, Donostian. EFE
kristina martin
2026ko maiatzaren 28a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lukas Agirre hernaniarraren hilketa dela-eta epaitzen ari diren hiru akusatuek deklaratu dute gaur. «Giza hilketa» leporatzen dioten gizonak esan du lausoak direla gau hari buruz dituen oroitzapenak. Haren arabera, nahiz eta askotan saiatu den 2022ko abenduaren 25eko goizalde hartan Donostian gertatu zena gogorarazten, «laino beltz bat» du.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegian egiten ari dira epaiketa. Gaurko saioa hamabosgarrena izan da. Hiru akusatu daude Agirreren hilketarekin lotuta. Bati «giza hilketa» leporatzen diote, eta «ezinbesteko laguntzaile» izatea beste bati; bi horientzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Hirugarrenarentzat, berriz, hiru urteko zigorra eskatu du, gertatutakoa «estaltzea» egotzita.

Agirreri heriotza eragin zizkioten labankadak egiteaz akusatuak gaur adierazi duenez, gau hartan lankideekin atera zen, eta onartu du alkohola, kokaina eta ketamina erosi eta kontsumitu zituela. Erantsi duenez, familiarekin afaldu ostean, parrandan atera zen, eta orduan ere drogak hartu zituen. Haren esanetan, diskotekatik irten zirenean ikusi zuen bigarren akusatua jendez inguratua zegoela, eta haiengana gerturatu zen. Haren esanetan, ez zuen parte hartu borrokan.

Baietsi duenez, ez du gogoratzen bigarren akusatuak labana eman zionik; gogoratzen du, ordea, kolpeak hartzen hasi zela eta ihes egin zuela. «Orduko uneei buruzko laino beltz bat» duela berretsi du. Ustez labana eman zion lagunari oinetakoa eskatu zionik ere ez du gogoan. Etxera bidean alkandora eta jaka bota zituela aitortu du, «urratuta» zeudelako. Haren esanetan, ez zuen jakin Agirre hilda zegoenik etxera iritsi eta amak esan zion arte.

Ertzainak «konbentzituta»

Komisarian ertzain bati errudun zela esan ziola berretsi du, baina argudiatu du ertzainak «konbentzitu» zuela, esanez bideo batean ageri zela labana ateratzen Lukas Agirreren ondoan zegoenean. Ertzainak esan omen zion zigor txikiagoa izango zuela erruduna zela aitortuz gero.

«Ezinbesteko laguntzaile» kargua duenak ere esan du gau hartan droga kontsumitu zuela, baina berak ez zuela labanarik eraman, eta ez zuela halakorik inon ikusi. Atxilotu zutenik ere ez du gogoratzen, ezta abokatuarekin hitz egin zuenik ere. Bestalde, «estaltzaile» izateaz akusatuak kontatu du borrokan ari zirenak banatzen saiatu zela, eta etengabe irainka aritu izana leporatu die Agirreren lagunei. Labankadarik ez zuela ikusi berretsi du, baina, haren hitzetan, beste bi akusatuak eta beste batzuk korrika ikusi zituenean beldurtu, eta bera ere lasterka hasi zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA