Lurralde Historikoen Legea aldatzeko urratsa egin du legebiltzarrak

PSEren lege egitasmoa tramiterako onartzea babestu dute EAJk, EH Bilduk eta UPDk.Herrialdeen arteko oreka lortu eta legebiltzarrak harmonizazio fiskala bermatzeko eskumenak izatea nahi du PSEk

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia atzoko saioan. JAIZKI FONTANEDA/ ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa arautzen duen Lurralde Historikoen Legea berrikusteko urratsa egin du Eusko Legebiltzarrak, PSE-EEk lege hori aldatzeko aurkeztutako lege proposamena tramiterako onartuta. PSEk ez ezik, EAJk, EH Bilduk eta UPDk ere bozkatu dute lege proposamena eztabaidatzearen alde. PPk soilik egin du kontra. Euskal instituzioen sarea «modernizatu» ahal izateko, «adostasun maila handiena» lortu nahi dute sozialistek. Izan ere, uste dute garaia iritsi dela lege hori erreformatzeko, eta, hartara, zerga politiken harmonizazioa bermatzeko gaitasuna Eusko Legebiltzarraren esku uzteko eta udalen finantzaketa eredua aldatzeko.

Lurralde Historikoen Legea 1983. urtean sartu zen indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa eta administrazio esparruen eskumenak arautzeko. Bere garaian, barne konstituzioa deitu zitzaion, eta legeak 32 urte bete ditu. Historikoki gai minbera izan da: 1986an, Carlos Garaikoetxearen legea aldatzeko proposamen batek EAJren haustura ekarri zuen, eta ordutik ezin izan da adostasunik lortu hura erreformatzeko. EAJk eta PPk izan dituzte errezelo handienak. Haatik, hamarkadak igarota, gaur egungo instituzioen eskema nabarmen zaildu da, eta EAJk ez dio uko egiten legea erreformatzeari, hainbat muga jarrita. Hain justu, EAJk eta PSEk 2013an sinatutako akordioaren ardatzetako bat da arkitektura instituzionala eguneratzearena. Paperaren gainean, ordea, desadostasun sakonak dituzte bi alderdiek erreforma horren edukiak zehazterakoan.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak EAJri gogoratu dio Lurralde Historikoen Legea berrikusteko konpromisoa hartua izan arren ez duela urratsik egin, argudiatuta «foru sistema ukiezina» dela. Mendiak azpimarratu du Gernikako Estatutuan txerta daitekeela sozialistek proposatzen duten erreforma eta «borondatea» baino ez dela behar aurrera eramateko.

Mendiak azaldu du herrialdeen arteko desberdintasunak orekatzea nahi dutela, eta aldaketak hobeto gobernatzeko eta administrazio eremuen arteak bikoizketak eragozteko balioko duela. Ukatu egin du, halaber, erreformarekin lurralde historikoak desagerrarazi nahi dituztela: «Aldundien kudeaketaren tradizioa baliatu nahi dugu».

EAJ, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne antolaketa instituzionalari buruzko «sakoneko hausnarketa» egiteko prest agertu da, baldin eta bere «eraginkortasuna» hobetzeko bada. Eztabaidatzeko jarrera irekia agertu du Joseba Zorrilla EAJko legebiltzarkideak, baina zalantzan jarri du sozialisten proposamenaren edukia, arlo juridikoan eta politikoan. Haren ustez, PSEren proposamenak egungo eredu instituzionalean «eraldaketa» bat ekarriko luke, lurralde historikoak EAEko erakunde komunen menpe jarriko lituzkeelako. Horrez gain, erreforma arau juridikoetara egokitzeko zailtasunak daudela uste du Zorrillak eta ohartarazi du 1976ko Estatutuaren aurkakoa izan daitekeela.

Estatuarekiko harremanak

EH Bilduk eta UPDk azaldutako argudioak —lege proposamenaren aldeko botoa eman dute biek— oso bestelakoak izan dira. EH Bilduk aldeko botoa eman du erreformaren eztabaida abiatu nahi duelako, baina ez soilik «barne antolaketaz» hitz egiteko, erabakitzeko eskubidea aitortzeko modua bertan txertatzeko baizik. Dani Maeztu koalizioko eledunak esan du barrura ez ezik Espainiako Estatuarekiko dagoen antolaketa eredua berrikusteko garaia ere badela.

UPDko Gorka Maneirok, berriz, bere alderdiaren printzipioekin «koherentziaz» jokatuta babestu du lege proposamena tramiterako onartzea. UPD EAEko instituzio sarea txikitzearen aldekoa da eta Lurralde Historikoen Legearen «erreforma sakona» proposatzen du horretarako.

PPk, bestalde, «foru sistema suntsitzeko» asmoa ikusi du PSE-EEren proposamenaren atzean, eta horregatik eman du kontrako botoa. Horrela ohartarazi du Nerea Llanosek: «Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa berrikusi nahi da, ondoren lurralde historikoak eta foru aldundiak behin betiko kentzeko». PSEri helburu «zentralizatzaileak» izatea leporatu dio Llanosek.

Legebiltzarrak tramiterako onartuta, bide luzea du aurretik PSEren lege egitasmoak. Orain, zuzenketak aurkezteko epea zabalduko da, eta, ondoren, eztabaidarako lantalde bat sortuko dute. Gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta, zaila dirudi legealdi honetan legearen erreformarik onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.