Babes ofizialeko etxebizitzak «non, nola eta zer lehentasunez» eraiki behar diren, horixe trenkatu nahi du Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloko lehen lurralde plan sektoriala eginda. Bide orriaren prestaketa urri hasieran aurkeztu zuen Denis Itxaso sailburuak, eta, gaur bertan abiatu dituzte haren osatzeko lanak.
Itxasok etxebizitzaren «ikuspegi metropolitanoa» defendatu du, haren arabera eskaera ez baita desagertzen, baizik eta «udalerrien artean lekualdatzen». Hain zuzen ere, EAEko hamabost eremu funtzionalen bizitegi beharrak aztertuko dituzte dokumentuan. Jakin nahi dute arreta non jarri behar den, eta zer egin behar den esku hartze publiko «eraginkorragoa» lortzeko. Sailburuak ziurtatu duenez, plan sektorial «loteslea» osatzeko helburua dute udal plangintzarako, «udalak ordezkatu gabe» halere.
Eremu funtzionalen beharrak aztertzeaz gain, eskuragarri dagoen lurzorua identifikatzea da helburua, baita blokeaturik dagoena ere. Hortik ateratako ondorioen arabera, kokapen irizpideak eta inbertsio lehentasunak ezarriko dituzte, eta, hori guzia egiteko, kontuan hartuko dute garraio publikoarekiko lotura ere.
Plan sektoriala osatzeko lanak aurtengo azaroan hasi diren arren, behin betiko onarpena 2030erako emango diotela aurreikusia dute. Hamasei urtez izanen da indarrean, eta lau urtean behin berrikusiko dute. Denbora horretan guzian, bide orriari lotutako lan zikloak antolatuko dituzte, jakinez eta dokumentu hori 2027ko lehen hiruhilekorako idatzita ukaitea aurreikusi dutela. Erakundeen arteko topaketak ere eginen dituzte, eta kontsulta digital irekiak antolatuko dituzte herritarrentzat.