Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Lurraldebuseko beste linea bat jarriko du martxan, Donostia Eskuzaitzetako industrialdearekin lotzeko. Autobus horrek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizean goizetik (05:30-06:00) iluntzera arte (22:00-22:30), eta intermodala izango da. Modu horretan, Zubietako kartzelara joateko autobusa izango dute hango langileek eta presoen senitartekoek.
Linea horri esker, ireki berri duten espetxean garraio publikoko «zerbitzu egokia» izango dela esan du Azahara Dominguez Mugikortasun foru diputatuak, «espetxeko beharrizanetara egokituta, langileei beraiei, presoen familiei eta espetxearen eremuan lan egiten duten elkarte eta profesionalei erantzuna emateko».
Mugikortasuneko foru diputatuak iragarri duenez, erabaki horrek «orain arte ibilgailu pribatuaren eta zerbitzu berezien menpe egon diren ehunka langileren mugikortasuna erraztuko du», azken urteotan «asko handitu» baita industrialde hori. Diputatuak erantsi du «ireki berri den espetxerako sarbidea bermatuko» duela autobus horrek, baita Zubietara garraio publikoan sartzea ere, «Realeko eta Sanseko emakumezkoen taldearen partidetara joateko».
Dominguezek Eskuzaitzetako industrialdean bertan egin du agerraldia, eta bertan izan dira, halaber, Justiziako sailburuorde Alfonso Gomez, industrialdean ezarritako enpresen ordezkariak, bai eta ESEN presoen gizarteratzearen eta duintasunaren alde lan egiten duen gizarte erakundeen sareko ordezkariak ere.
Azken egunetan, Zubietako kartzelara joateko garraio publikorik ez zegoela salatu dute zenbait elkartek. Martuteneko espetxe zaharrera joateko arazorik ez zegoen lehen, Donostian egonda, udalak bermatzen baitzuen garraio hori. Ondoren, udalak argi esan zuen Zubietara joateko autobusa jartzea ez dela haren ardura, Donostiatik hamar bat kilometrotara baitago kartzela berria, Donostiako Udalaren lurretan, baina hirigunetik urrun, Eskuzaitzetako industrialdean.
Astelehenetik igandera
Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, linea berria BU15 izango da, eta industrialdeko langileei eta Zubietako espetxera edo Zubietako kirolgunera joan behar dutenei zerbitzua emateko izango da. «Ordutegi zabala da, Eskuzaitzetan dauden askotariko egoerei erantzuteko pentsatua», esan du. Eskerrak eman dizkie bai enpresetako arduradunei bai ESENeko ordezkariei azken hilabeteetan erakutsi duten prestasunagatik.
«Industrialde honetarako mugikortasun eskaera gero eta handiagoa da, eta orain arte ez zegoen garraio publikorik eskaera horri erantzuteko. Horregatik, Foru Aldundiak Lurraldebus Eskuzaitzetara zabaltzeko apustua egin du», adierazi du foru diputatuak. Industriagune horretan hamar bat enpresa handik egunero ehunka langileri lana ematen diete, «eta modu erabakigarrian laguntzen dute aurrerantzean ere Gipuzkoa lurralde oparoa izan dadin».
Lantoki horietarako «sarbidea erraztea bada modu bat da», Dominguezen ustez, «ehun ekonomikoa indartzeko, eta herritar guztientzako lurralde kohesionatuagoa eta aukera gehiago ematen dituena eraikitzen jarraitzeko». Ziurtatu du aurrerantzean «inork» ez diola uko egin beharko Eskuzaitzetan lan egiteari ibilgailu pribaturik edo eramango duen inor ez izateagatik. Erantsi du Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzak kanpaina bat egingo duela langileen artean zerbitzu horren erabilera sustatzeko.