Avanzako autobus gidariek bertan behera utzi dute greba, 26 egunen ondoren

ELAren ustez, greba egin izana erabakigarria izan da «urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko». Bestalde, LAB kexu da enpresak jartzen dituen zerbitzu berriak —Loiuko aireportukoa, adibidez— langileen bizkar geratzen direlako.

Lurraldebuseko autobus bat greba egun batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Lurraldebuseko autobus bat greba egun batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 9a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Avanza enpresak garraio publikoko autobus zerbitzua ematen du Gipuzkoan. Langile gehienek hitzarmen kolektiboa sinatuko dute, eta, horrekin batera, eten egingo dute 26 egunez iraun duen greba. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresarekin egin duten negoziazioan hobekuntzak lortu dituztelako erabaki dute protestak eta lanuzteak bertan behera uztea.

Sindikatuak zerrendatu egin ditu negoziazioan lortutako hobekuntza nagusiak: urteko 1.592 orduko lanaldia, eta enpresaren konpromisoa Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen hurrengo lizitazioan lanordu gisa kontuan har ditzan autobusa utzi eta sartu bitarteko denbora hori. Langileek sinatuko duten hitzarmen berrian, halaber, neurri hauek jasotzen dira: errelebo kontratu mugagabeak eta aldi baterako langileen lan poltsa sortzea, lanaldia 22 orduz murriztea eta soldata igotzea.

ELAk lortutako hobekuntzak goraipatu ditu, negoziazioan enpresak izan duen jarrera kontuan hartuta: «Enpresak prekaritate egoerei eustea defendatu du, mutuek bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du, eta lortutako akordioak aldatzen saiatu da».

Sindikatuaren iritziz, grebak pisu handia izan du negoziazioaren emaitzan: «26 greba egunak erabakigarriak izan dira urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko».

Avanza enpresak Gipuzkoako Lurraldebuseko zenbait autobus zerbitzu ematen ditu: Gipuzkoa Bilborekin eta Gasteizekin lotzen du, Loiuko aireportura (Bizkaia) joateko zerbitzua ere eskaintzen du, eta Debagoieneko garraio zerbitzua haren esku dago. Azken urteetan, baina, beharginen lan baldintzak tarteko, sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko lan gatazka areagotuz joan da, eta hainbat protesta eta greba egin dituzte.

LABen kexa zerbitzu berezien inguruan

LABek ere eskaera bat egin du Avanza autobusetako gidarien baldintzak hobetzeko. Haren kexak zerikusia du zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordainarekin. Sindikatuak argitu du langileen ordezkariak ados daudela garraio publikoaren zerbitzua hobetu nahi izatearekin eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztearekin. Hala ere, erantsi duenez, «ez da bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende beraren ahalegina baliatuz ezartzea».

Adibidea ipini dute: 4:15ean Donostiatik Loiuko aireportura doan zerbitzu berria. «Printzipioz albiste ona da bidaiarientzat. Enpresak, gainera, bere gain hartuko du zerbitzua, aldunditik edo udaletatik iristen diren eskaerekin egin ohi duen bezala». Baina LABek gogorarazi du enpresak kobratu egiten dituela zerbitzu horiek, eta, kasu honetan, gaueko zerbitzua denez, «pentsatzekoa da ezaugarri berezi horrekin bat datorren prezioa izango duela».

LABek salatu du igoera hori ez dela gidarien ordainsarian islatzen; horrekin lotuta, sindikatuak azaldu duenez, langileek 4:15etik 6:00etara lan egiteagatik 1,75 euro inguru jasotzen dituzte gaueko lanaren kontzeptuan.

Gidariek salatu dute, gainera, prentsaren bidez izan dutela aireporturako zerbitzu berri horren berri. LABek nabarmendu duenez, enpresak ez die aldez aurretik jakinarazi, eta ez dizkie baldintzak azaldu. Sindikatuak esan du langileak «nekatuta» daudela erakundeen proposamen berri bakoitzak eskakizun berri bat ekartzen duelako gidarientzat, eta «enpresak ziurtzat jotzen duelako gidariek dena onartu eta beren gain hartu behar dutela, haien iritzia kontuan hartu gabe eta konpentsazio egokirik gabe».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA