Europako Parlamenturako bozak zituzten atzo Ipar Euskal Herrian, eta Frantziako estatuaren kasuan ez bezala, sozialistak izan ziren nagusi horietan. Hamabost herri hartu ditu BERRIAk erreferentzia gisa, 5.000 biztanletik gorakoak Maule eta Donibane Garazi ez beste guztiak, eta denetan izan da lehen indarra Emmanuel Macronen taldea.
Bigarren tokian ekologistak geratu dira, zenbait salbuespenekin. Maule da horietako bat, non Alderdi Komunistak hartu dio aurrea. Salbuespenak izan dira baita ere Senpere, Bokale, Hazparne eta Kanbo non Marine le Penen eskuin muturra nagusitu den. Gainontzean, eta Frantzian ez bezala, hirugarren tokian geratu da eskuin muturra gune gehienetan.
Berdeeen gorakada handia izan da Ipar Euskal Herri osoan. Gorakada horren atzean daude besteak beste, azken hilabeteetan klima aldaketaren auziak hartu duen garrantzia eta baita alderdiak bake prozesuari eskainitako sostengua ere.
Oso bestelakoa da, ordea, eskuin eta ezker klasikoaren egoera. Izan ere, biek jo dute hondoa. Eskuin klasikoaren gainbehera izan da, hala ere, handiena, batez ere haintzat hartuz gero duela lau urteko Europako bozetan lehenengo indarretako bat izan zela.