Martuteneko kartzelako (Donostia) eremuan Espainiako Etxebizitza Ministerioak egingo ditu etxebizitza berriak. Espetxea Zubietara mugitu zutenetik, jakina zen bertan etxebizitzak egiteko asmoa zegoela, baina Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak gaur jakinarazi du azkenean Madrilek egingo dituela etxebizitzak han.
Hasiera batean, asmoa zen Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari lagatzea lurrak hark eraiki ahal izateko, baina sailburuak Euskadi Irratian emandako elkarrizketan azaldu duenez, Etxebizitza Ministerioa izango da eraikin horiek eraikitzearen arduraduna. Madrilek Gernikako Estatutua sinatu zenetik lehen aldiz eraikiko ditu etxeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Asteazkenean egingo dute bilkura ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Jon Insausti Donostiako alkaterarekin batera.
Ikusi gehiago
Itxasok azaldu duenez, Jaurlaritzaren Visesa sozietateak jada egin du eraiste proiektuaren erredakzioa, eta Espainiako Estatuaren jabetzakoa den Casa 47 enpresa publikoa arduratuko da kartzela eraisteaz, lurra prestatzeaz eta ostera urbanizazio eta eraikuntza lanak egiteaz; Itxasok aurreratu du 2027ko bigarren seihilekoan eraitsita egongo dela, dena ondo bidean. Eraisteak soilik 3,7 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi du Itxasok, eta gehitu etxebizitzak eraikitzen hasi aurretik lan dezente egin beharko dituztela. Izan ere, kartzela zenaren eremua «hondoratuta dago», sailburuaren hitzetan, eta Tomiñene auzoaren altuera berean jarri beharko dute lurra. Etxebizitza guztiak sozialak izango dira.
Gehiengoa, udalaren lurra
Insausti alkatea ere bileran izango da, hain zuzen, kartzelako lurren zati handi bat Donostiako Udalarena delako. Sailburuak emandako datuen arabera, espetxeak berak lurzoruaren %40 baino gutxiago hartzen du, eta gainontzeko guztia udalarena da. Alkateak «konpromiso bat hartu» nahi duela azaldu du sailburuak, eta horregatik egongo dela asteazkeneko bileran, lagapena nola egingo den zehazteko.
Gainontzean, babesa galtzear duten 209 etxebizitza publikoei buruz galdetuta, Itxasok esan du EAEko Etxebizitza Legea erreformatuko dutela kasu horietan eskuhartu ahal izateko. «Babesa galtzeko zorian dauden etxebizitza horien kalifikazioa mantentzea izango da helburua, eremu tentsionatuan dauden bitartean», esan du.