Euskal presoak

Madrilek irteteko baimena eman die Urko Labeaga eta Emilio Salaberria euskal presoei

EPPK-ko kideek uko egin diote etorkizunean indarkeria erabiltzeari, eta eragindako mina aitortu dute. Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, kolektiboko zazpi kidek jaso dute halako baimena.

Dueso (Kantabria, Espainia) kartzela. Han dago preso Emilo Salaberria.
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 12a
21:11
Entzun

Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak egun batzuetarako irteera baimena eman die Urko Labeaga eta Emilio Salaberria euskal presoei (EPPK), haien eskaera onartuta. El Diario Vasco-k eman du berria, eta BERRIAk egiaztatu egin du, Presoen Aldeko Batzordearen bidez. Bigarren graduan dauden presoak dira biak, eta, beraz, espetxe araudiak ematen die halako baimenak jasotzeko aukera —hiru edo lau egunekoa eman die Castrok—.

El Diario Vasco-k bere hitzetan dio epaileak egiaztatu duela damutu egin direla bi euskal presoak, baina Presoen Aldeko Batzordeak BERRIAri azaldu dio ez dutela horrelako kontzepturik erabili. EPPK-k 2017ko uztailean ateratako adierazpenean zioen kolektiboko kideek ez dutela damua aipatuko eta ez dietela kideak zigortzeko kolaborazioari helduko espetxe arloko bide juridikoari jarraitzean.

Labeaga eta Salaberria Espainian dauzkate preso —aurrena Villabonan (Asturias), eta bigarrena Dueson (Santoña, Kantabria)—, eta, prozedurari jarraikiz, tokiko kartzelako tratamendu batzordean aurkeztu zuten baimen eskaera, bakoitza berea. Kazeta haren eta Presoen Aldeko Batzordearen arabera, etorkizunean indarkeria erabiltzeari uko egin diote, eta esan dute euren jarrera ere lagungarri izan dela ETA buka zedin. Eragindako mina aitortu dute, EPPK-k 2013ko adierazpenean bezala. El Diario Vasco-k dio Labeagak idatzian errespetua erakutsi diela biktimei.

Iazko ekainetik Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, EPPK-ko zazpi kideri eman diete egun batzuetarako irteera baimena: Xabier Sagardoiri, Alfredo Remirezi, Ekaitz Ezkerrari, Julen Ibarrolari, Gorka Fraileri eta aipatutako biei. Lehen laurak jada aske daude, eta, Fraile —preso eria da—, Labeaga eta Salaberria ez bezala, ETArekin zuzenean zerikusirik ez zuten zioengatik egon ziren kartzelan. Ia 50 euskal preso daude bigarren graduan; Etxerat elkarteak joan den ekainean salatu zuenez, Madrilek ia beti ezezkoa eman die haien irteera-baimen eskaerei. Labeagaren eta Salaberriaren aurretik Fraile izan zen azkena baimena lortzen: duela lau hilabete.

Lehengo astean, berriz, jakin zen Espetxe Zaintzak egun baterako irteera ahalbidetu ziela Marta Igarriz eta Xabier Agirre EPPK-ko kideei. Logroñoko (Espainia) kartzelan daude biak, eta jarduera kultural baterako atera ziren kalera. Lehen aldia izan zen Madrilek EPPK-koei halako aukera bat eman diela. Frantziako Estatuak berriki bi aldiz eman dio egun bateko baimena Zigor Garrori (EPPK).

EPPK-ko 249 lagun daude espetxean gaur egun. Badira beste bederatzi euskal preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.