Madrilek Mikel Zabalza biktima gisa aitor dezala eskatu diote Denis Itxasori

Heriotzaren 37. urteurrenean, omenaldia egin diote Donostiako Altza auzoan. Gaitzetsi dute Espainiako Gobernuak ez duela aldatu jarrera

Lore eskaintza egin zioten Zabalzari Altzan, haren muralean. JON URBE / FOKU.
joxerra senar
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Kargu politiko bat duzunean, ez dago keinu pertsonalik». Mikel Zabalza Herri Ekimenak gutun bat bidali dio Denis Itxasori. Duela bi urte, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria Donostiako Udalak Zabalzari egin zion omenaldian izan zen, eta, han, Itxasok adierazi zuen keinu pertsonal bat zela hura, eta Madrilen jarrera aldaketa bat zetorrela. Atzo, herri ekinaldiko ordezkariek gogorarazi ziotenez, «halako ardura instituzionala eta politikoa duena ezin da geratu keinu pertsonaletan». Horregatik, eta ikusirik jarrera aldaketarik ez dutela sumatu, galdegin diote Zabalzarekiko konpromisoa har dezala eta Madrilek Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitor dezala.

Atzo, Donostiako Altza auzoan omenaldia eta lore eskaintza egin zizkioten Mikel Zabalzari, Mikelen Txokoa izena hartu duen eta haren oroimenezko murala dagoen tokian. 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Zabalza, auzo hartan, Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Aitor Zabalza eta Manuel Bizkairekin batera. Guardia Zibilak torturatu egin zituen. 20 egun geroago, Bidasoa ibaian agertu zen Zabalzaren gorpua.

Euskal gizarteak oso argi badu ere Guardia Zibilak torturatuta hil zela, epaitegiek ez zuten ikertu zer gertatu zen, ez eta erantzulerik zigortu ere. Aurten, senatari talde batek eskatu arren, CNI Espainiako zerbitzu sekretuak uko egin zion agiriak argitaratzeari, sekretu ofizialen legeak debekatzen diela argudiatuta. Alta, lege hori aldatzea blokeatu dute PSOEk eta PPk.

Horri gehiturik Jose Barrionuevok berriki eginiko adierazpenak, uste dute Madrilgo gobernuan ez dagoela jarrera aldaketa sakonik, eta, gobernuko ordezkari den heinean, bere jarrera argitzeko eta «urrats zehatzak» egiteko eskatu diote Denis Itxasori. Gaur, 12:00etan, Orbaizetako Olan egingo zaio omenaldia (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.