Louis Joinet Institutuak larunbatean atera zuen argitara Lestelle-Betharramgo (Biarno, Okzitania) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katoliko pribatuan 1950 eta 2004 artean izaniko sexu erasoak eta indarkeria fisikoa urtebetez aztertu dituen komisioaren txostena. Magalie Besse institutuko zuzendaria asteburuko akidura eta bero artean harrapatu du BERRIAk, ikerketaren inguruko azalpenak biltzeko.
Betharramgo sexu erasoen eta bortizkeriaren biktimak 1.500 izan daitezkeela kalkulatu duzue. Zenbaki hori onartu ote du Betharramgo kongregazioak?
Gutienez, ez du eztabaidatu. Larunbatean txostena onartu zuen, eta barkamena galdegin die biktimei; orduan, nik dakidala, ez du zenbaki hori zalantzan jarri.
Sexu indarkeriari dagokionez, beti da zaila datu zehatzak zein diren trenkatzea, bai baitakigu gertatu baino gutiago jakinarazten dela beti. Horregatik da estrapolazioa beharrezkoa: errealitatera ahal bezainbat hurbiltzeko, nahiz hipotesiak diren, ororen buru. Metodologia zein den zehaztu dugu, zintzotasunez alde batetik, eta eztabaidagarria izan dadin bestetik.
Azkenean mintzatu ez diren biktimei ere lekua ematen die.
Bai, hala da. Hainbat arrazoirengatik, jende anitzek sekula ez dute horrelako komisioetan parte hartuko, edo ez dira salaketa ezartzera joanen. Halere, badagokigu gertatutakoaren neurria behar bezala hartzen entseatzea.
Zenbatu dituzuenez, beraz, kasu anitz dira. Salatu duzue Betharramgo afera sistemikoa izan dela. Zer erran nahi du horrek?
Sistemikoa izateak ez du erran nahi arduradunek indarkeria kasuak gertatzea galdegin dutenik, ezta baimendu dituztenik ere. Haatik, hainbeste hamarkadaz hainbeste indarkeria kasu gertatu baldin badira, erasotzaile desberdinen eskutik, orduan horrek erran nahi du jende gehiegi egon dela gertatzen ari zena salatu gabe, erasoak ez dituztela eragotzi, aferak isildu dituztela... Hori da sistemaren alde konkretua.
Baina Betharramen kasuan, gainera, egoitzaren famak parte hartu du sistema horretan. Biktimen hitzari eragin dio: beti da zailagoa errespetua aitortzen zaien lekuak eta pertsonak salatzea. Batzuentzat maila handiko eskola zen, besteentzat «haur gaitzak» bide onean ezartzekoa... Hemengo jendeen artean —35 urtetik gorakoak, guti gorabehera— usu aipatu da haurtzaroko mehatxu hori: «Ongi portatzen ez bazara, Betharramera bidaliko zaitugu». Horrek erran nahi du gure gizarte honek onartzen dituela haurren kontrako indarkeria dagoen tokiak.
Hori baino gehiago, ahanzten duen gizarte batean bizi gara: 80ko hamarkadan bi afera anitz aipatu ziren hedabideetan —Devert eta Karrikart aferak—, eta, 2023an Alain Esquerren ekimenez Betharramen izena atera zelarik berriz, harritu ginen; garai hartan, alta, hedabideek papera bete zuten. Baina badugu gaitasun kolektiboa ahanzteko, jendeak ez baitu nahi halako gaietan pentsatu, trabagarria delako, instituzioak zalantzan jartzen dituztelako...
Horrek guztiak parte hartzen du indarkerien sisteman.
«Sexu indarkeriari dagokionez, beti da zaila datu zehatzak zein diren trenkatzea, bai baitakigu gertatu baino gutiago jakinarazten dela beti. Horregatik da estrapolazioa beharrezkoa: errealitatera ahal bezainbat hurbiltzeko, nahiz hipotesiak diren»
Sistemikotasun hori Elizari dagokio zehazki, edo haurren kontrako indarkeriari? Biak?
Bada elementu bat ezin dena ahantzi: nagusiki, haurrak familietan dira biktimak, urrundik. Badira datu desberdinak, baina haurren kontrako indarkeriaren %80-85 etxean gertatzen da. Ez dut hori zehazten Betharramgoa gutiesteko, baina errazegia litzateke Betharramgoa baizik ez aipatzea eta etxean gertatzen direnei kasurik ez ematea.
Betharram afera enblematiko bat da, baina jakina da lurraldeko beste hainbat ikastetxetan gertatu direla indarkeria kasuak.
Orain, erlijioari dagokionez... Eragina ukan dezake, baina afera ez da jendea sinestuna delako gertatzen direla indarkeriak, ez da hori: gerta litekeena da erlijioak jendeengan duen eraginak pisu handiegia hartzea eta indarkeria errazkiago gertatzera bideratu izana horrek. Gainera, biktimak sinestunak badira, bokazio bat dute, eta, orduan, eraso batek oraino alderdi gehiagori eragiten die; fedeari, adibidez.
Hain zuzen ere, biktima anitz elkarrizketatu dituzue ikerketa bideratzean. Nola bizi izan dute, azkenean, instituzio ofizial batek entzunak izatea?
Erreakzio biziki desberdinak izan dira. Momentu berezia da entzutea. Gure erronka ez zen terapia baten eskaintzea, baina terapeutikoa ere izan daiteke entzute saio bat. Pertsonak entzunak dira, eroso sentitu behar dute, ez dute beldur izan behar kontatuko dizkigutenek ez gaituztenetz kordokaraziko, eta abar.
Aldiro-aldiro, psikologo bat edo psikiatra bat izan da, indar egin nahi genuelako gertakariak izendatzen laguntzeko ere, jendea hobengabe sentiarazteko, zeren ikusten baitira oraino ere 30 edo 40 urte berantago hobenduntasuna adierazten duten pertsonak. Entzute saioak ez zien bizia aldatuko, baina, gutienez, erran ahal izan diegu gertatu zaiena indarkeria izan dela, bortxaketa bat, sexu eraso bat, debekatua dela, ilegala, eta ez direla horren erantzule. Gutienekoa da hori. Mundua berriz zentzu onean ezartzea, funtsean.
Lotura horien egitea bortitza da, aldi berean, indarkeriek jendeen bizitzan ekarri dituztenak neurtzera ere ekartzen baikaitu. Hots, huts egindako egintzak. Injustizia ikaragarria da; oraino gehiago ohartzen garelarik ondorio horiek arta batzuk saihestu edo mugatzen lagundu zitzaketela. 40 urterekin denbora baratzen zaigu traba horiek gabe aitzina egiteko, baina 60, 70, 80 urterekin, bizia izan zitekeenaren dolua egin behar da. Momentu dorpeak dira.
Biktimak ez ezik, Betharramen izandako eta indarkeriarik jasan ez duten bederatzi pertsona ere elkarrizketatu dituzue. Zergatik?
Komisioa egiarako eta entzuterako leku bat izatea nahi genuen, lehen-lehenik. Jende batzuek beharra sentitu dute Betharramen bizi izandakoaren beste ikuspegi bat kontatzeko, baina beti izan da aski nahasia: ororen buru, jendea ez datorkigu erratera oporgune baten gisakoa izan zenik Betharram.
Halere, jende horren kontaketek lagundu gaituzte zenbait kalteberatasun faktoreren identifikatzen. Betharramen —beste edonon bezala—, denak ez dira ber motako biktimak. Ez dira gauza bera eguna eta gaua: barnetegian egoten ziren haurren artean, batzuek bazituzten kalteberatasun faktore jakinak, hala nola prekaritate ekonomikoa, guraso bat galdu izanarena, indarkeria balioekin bat egiten duen ingurumenarena... Erasotzaileek ez dute kuraiarik; beraz, hasieratik lanjer handienean den haurrari hurbiltzen zaizkio.
Beste faktore bat adina da: zenbat eta gazteagoak izan haurrak, orduan eta gehiago erasotzen zaie.
«Entzute saioak ez zien bizia aldatuko, baina, gutienez, erran ahal izan diegu gertatu zaiena indarkeria izan dela, bortxaketa bat, sexu eraso bat, debekatua dela, ilegala, eta ez direla horren erantzule»
Txostenean —1.500en simulaziotik harago— 197 biktima daude zenbatuak. Salaketa jarri dutenak dira?
Zenbaki anitz dira... Alain Esquerrek emandako dosier anonimatuaz baliatu gara, eta bertako datuekin kalkulatu dugu estrapolazioa. Hain zuzen ere, Betharramgo aferaren arazo nagusia zenbakiena da.
Paueko (Okzitania) prokuradoreari ere galdegin dizkiogu datuak, baina ezin izan dizkigu eman. Hortaz, Esquerren zenbakiekin egin dugu: deklarazio anitz jaso eta bildu ditu, baina ez dira ezinbestez salaketa bilakatu —jende anitzen ustea izanik ere hori—. Deklarazioak aldika ekarri dizkio prokuradoreari, baina beste zenbaitek beren aldetik ezarriko zuten salaketa.
Eta prokuradoreak ez dizue erran nahi izan zenbat dituen?
Erran digu ezin dizkigula eman, salaketa eta deklarazio guziak ez direlako sekula elkarrekin bildu. Dakigun gauza bakarra da bi erasotzaileri loturako hiru afera oraino auzibidean direla.
Txostenean aipatutako 37 erasotzaile identifikatuak, beraz, Alain Esquerrek bildutako 197 deklarazioei dagozkie?
Bai, hori da.
Eta zer informazio dago erasotzaile horietaz? Hil dira gehienak?
Gehienak, bai.
Denak barne harturik, deklarazio eta salaketak 1950 eta 2004 artean gertatutako indarkeria kasuei lotuak dira. Ondoko urteetan zer? Ikerketa batzorde parlamentarioak 2020ko jakinarazpen bat aurkitu zuen artxiboetan...
Kasu, hor: haurrei harrera egiten zaien zentro batean jakinarazpenik batere ez bada, ez da gauza ona. Erran bezala, urtero, Frantzian, 160.000 haur dira sexu indarkeriaren biktima. Horrek erran nahi du denetan badirela biktimak, ezinbestez. Leku bateko edo besteko arduradunak horien sistemaz harro baldin badira jakinarazpenik ez baitute, erran beharko zaie: «Ez, dena ez doa ongi; zure sistemak ez du funtzionatzen, besterik ez da».
Beraz, garai hori aztertu izanak ez du erran nahi beste biktimarik ez dela izan geroztik, baina ez dagokio gehiago [egoitzaren barneko] arazo sistemiko bati.
«Haurrei harrera egiten zaien zentro batean jakinarazpenik batere ez bada, ez da gauza ona. Urtero, Frantzian, 160.000 haur dira sexu indarkeriaren biktima; horrek erran nahi du denetan badirela biktimak, ezinbestez»
Irailaren 16an bilkura bat egitekoa duzue alde guziekin. Zer izanen da helburua?
Txostena ongi da, baina aholkuak plantan ezartzen ez badira, ez du baliorik. Lotura egin behar da, eta ez du zertan juridikoa baizik izan: eragile batzuek, gaur egun, gehiago ez dute betebehar juridikorik, baina gauzak ikusi eta salatu beharko zituzten bere garaian; zenbait biktimak oraino ere pairatzen dituzte ondorioak. Orduan, galdegiten dena da bakoitzak bere neurrira erantzukizuna hartzea. Betharramen kasuan betetzen baldin bada, ongi, baina besteei ere balio badie, hobe.
Hau da mezua: gaur egun, ez dira errespetatzen haur denboran indarkeria jasan dutenen eskubideak. Hobetu behar dugu.
Halere, badea sentipena gauzak aldatuko direla, hots, Betharramen gertatutakoak pauso bat aitzina ematera bortxatu duela?
Hala espero dut, baina ez naiz segur. Sumintzea ongi da, baina anitzez errazagoa da sumintzea zuzenean hunkitzen ez gaituelarik, adibidez. Gure kusia, aita edo osaba delarik, haatik... Sumintzea ongi da, baina guri pertsonalki eragiten digutenentzat ere sumindu beharko genuke.
Bestalde, baliabideak behar dira. Haurren eskubideen alde etikoak berak hunkitzen ez dituen jendearentzat, argi geratu behar da: haurrei egindako indarkeriak anitz kosta zaizkigu kolektiboki. Zeren aipatutako ondorio guztiak ordaindu behar dira osasunaren arloan eta arlo sozialean, batez ere. Baina jendeak ez du lotura egiten, eta ez da ohartzen arazoaren kostuaz. Blokeo bat dago, eta, baliabideak aipatzen ditugularik, biziki zaila da horien eskuratzea.
Beraz, sumintzea ongi da, baina horrek deus ez die aldatzen biktimei; politikak plantatu behar dira.

