Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizonak uko egin dio deklaratzeari

«Uste dut ez nagoela ongi, eta ezin dut deklaratu», esan du. Epaiketaren zazpigarren saioa egin dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian, eta emakumea ostatuan hilda aurkitu zuten eguneko irudiak jarri dituzte. Aldeek bihar emango dituzte ondorioak.

Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketan. RAUL BOGAJO / FOKU
Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizona, gaur, epaiketan. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 12a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maialen Mazonen hilketa matxistaren epaiketaren zazpigarren saioa egin dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. Ikusmin handia piztu du gaurko saioak, Mazon hiltzeaz akusatutako gizonak hitz egingo zuela espero baitzen, eta aretoa kazetariz eta herritarrez bete da haren azalpenak entzuteko. Azkenean, ordea, ez du deklaratu. «Uste dut ez nagoela ongi, eta ezin dut deklaratu», esan du epaimahaiaren aurrean, eta uko egin die fiskaltzaren, herri akusazioaren eta bere defentsaren galderei erantzuteari.

Deklaratzeari uko egin aurretik, 2023ko maiatzaren 27an Gasteizko hotel apartamentu batean grabatutako segurtasun kameretako irudiak erakutsi dituzte. Irudiek Maialen Mazon hil aurreko eta osteko uneak jasotzen dituzte, bereziki ustezko hiltzaileak gelara egindako sartu-irtenak. Grabazioetan ikus daitekeenez, arratsaldeko 14:30 aldera iritsi ziren ostatura bikotea eta haien bi urteko alaba, maletak eskuan zituztela. Handik gutxira, gizona gelatik irten zen alaba aulkitxo batean zeramala, eta gero berriz itzuli zen gelara.

Irudiek erakusten dute 19:00ak aldera berriro itzuli zela ostatura alabarekin batera, presaka. Gelan sartu zen aulkitxoarekin, eta minutu batzuk geroago bakarrik atera zen. Une horretan, motxila bat korridorera bota zuen, lurretik hartu eta handik alde egin zuen. Kamera irudietan ikus daiteke lehen elastiko batekin sartu zela, baina gero alkandora batekin atera zela gelatik. Ordu eta erdi geroago, berriz itzuli zen apartamentura, eta ustez barruan labana zeraman poltsa bat hartu, eta alde egin zuen handik, alaba eta amaren gorpua barruan zeudela.

Buru nahasmendua

Joan den astean hasi zen epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Aste osoan zehar entzundako lekukotasunek eta perituen txostenek talka handia erakutsi dute akusazioen eta defentsaren tesien artean. Fiskaltzak eta herri akusazioak uste dute gizona guztiz kontziente zela egiten ari zenaz, eta bikotekidea hiltzeko asmoz jokatu zuela. Horregatik, 45 urteko espetxe zigorra eskatu dute haren aurka: hilketa delituagatik, bi abortu deliturengatik —emakumea bizkiz haurdun baitzegoen— eta adin txikiko alabaren abandonuagatik.

Aitzitik, defentsak akusatua absolbitzeko eskatu du, emakumeari hamahiru labankada eman zizkionean «errealitatetik at» zegoela arrazoituta. Hain justu ere, aurreko egunetako saioetan defentsaren perituek ziurtatu dute akusatuak amnesia duela, eta ez dela ezertaz oroitzen ustez emakumea hil zuen ostatuko gelara sartu zenetik hurrengo egunean Guardia Zibilak atxilotu zuen arte.

Azaldu zutenez, akusatuak duen azken oroitzapena zera da, gelara sartu zenean eztabaidan hasi zela bere bikotekidea zenarekin. Defentsaren psikiatrak ziurtatu zuen akusatuak bikotekidea hil zuenean ez zuela bere buruaren kontrolik, «deskonexio egoeran» zegoela. Hala, defentsak absoluzioaren eskaera indartzeko baliatu du txosten hori.

Akusazioek, ordea, irmo ukatu dute hori. Besteak beste, Castelloko (Herrialde Katalanak) Medikuntza Institutuko forentseek eta Zaballako espetxeko (Araba) lehen arretako mediku buruak eta psikologo klinikoak adierazi dute akusatuak ez zuela buru nahasmendurik eta egiten ari zenaz kontzientzia osoa zuela.

Damurik ez

Saioaren amaieran, Virginia Urtaran eta Cecilia Piris herri akusazioko abokatuek komunikabideei egindako adierazpenetan esan dute defentsa ez dela «milimetro bat ere mugitu» hasierako estrategiatik. Haien esanetan, akusatuak ez du inoiz gertatutakoa aitortu, ez du barkamenik eskatu, ez du damurik erakutsi, eta ez du interesik azaldu bizirik dagoen alabarekiko.

Abokatuek azaldu dutenez, hau izan da behin betiko idatzian fiskaltzarekin batera egindako aldaketetako bat: jasotzea Mazon haurdun zegoen bizkiak emakumezkoak zirela; «sinbolikoki garrantzitsua» dela defendatu dute. Bestalde, gehitu dute akusatuak aurrez pentsatua zuela emakumea eta bikiak hiltzea, hilik ikusi nahi zituela eta hori lortzeko asmotan zebilela.

Gainera, herri akusazioko abokatuek defentsaren estrategia kritikatu dute. Haien esanetan, ez dituzte gertakariak izendatu ere egin bere idazkian, eta ez dute akusatua heriotzaren egile gisa identifikatu. «Bere erantzukizunetik azken unera arte aldentzen» saiatzen ari direla iritzi diote. Era berean, gogorarazi dute defentsak «erabateko salbuespen psikikoa» eskatu duela bere idazkian, eta hori onartuz gero litekeena dela akusatua espetxean ez sartzea. 

Bihar aurkeztuko dituzte alde guztiek ondorioen txostenak. Orduan izango du akusatuak azken hitza esateko aukera. Ondoren, herri epaimahaiaren esku geratuko da Maialen Mazonen hilketa matxistaren inguruko epaia ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE