Lekukoek esan dute akusatua «obsesionatuta» zegoela Maialen Mazon «kontrolatzearekin eta menperatzearekin»

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hilketa delitua egotzi diote Maialen Mazonen bikotekideari. 2023ko maiatzean hil zuen: haurdun zegoen, bikien esperoan, eta gorpuaren ondoan aurkitu zuten haren 2 urteko haurra. Gaur hasi da epaiketa.

Maialen Mazonen hilketaren epaiketako lehenbiziko saioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maialen Mazonen hilketaren epaiketako lehenbiziko saioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain - Isabel Jaurena
Gasteiz
2026ko maiatzaren 4a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko hotel apartamentu batean hilda aurkitu zuten Maialen Mazon, 2023ko maiatzean, indarkeria zantzuak zituela. Bikien esperoan zegoen, eta gorpuaren ondoan aurkitu zuten Mazonen 2 urteko haurra. Haren bikotekidea biharamunean atxilotu zuten, Zaragozan (Espainia). Gaur hasi da epaiketa, eta hilaren 15era arte iraunen du. Lehen saioan, lekukoek kontatu dute gizonak emakumea «kontrolatzen eta menperatzen» zuela, eta gaizki tratatzen zuela. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak gertakarien kontakizun gordina eta zehatza egin dute, eta Mazonen bikotekideari —J.R.— hiru delitu egotzi dizkiote: azpikeriaz eginiko hilketa delitua, abortu delitu bikoitza —haurdunaldia eteteagatik— eta adingabearen abandonu delitua. Horrez gain, genero indarkeria eta senidetasun lotura larrigarri gisa aplikatzeko eskatu dute. Denera, 45 urteko espetxe zigorra galdegin dute. Lekukoek esan dute akusatua «obsesionatuta» zegoela Maialen Mazon «kontrolatzearekin eta menperatzearekin». Akusatuaren defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du.

Akusazioaren arabera, harremana amaitzeko erabakia hartua zuen Mazonek, eta ingurukoei adierazia zien bizimodua hutsetik hasi nahi zuela Gasteizen. Hala ere, bikotekideak ezarritako «kontrol eta mendekotasun harremanak» baldintzatuta zegoen. Akusazioaren arabera, gizonak biktimaren gaineko kontrol ekonomikoa eta soziala ezarria zuen: sakelako telefonoa, dirua eta eguneroko erabakiak gainbegiratzen zizkion, eta horrek mendekotasuna sortzen zion. Epaiketan azaldu denez, akusatuak etengabe kontrolatzen zituen Mazonen mugimenduak, eta eztabaidak ohikoak ziren bikotean; eztabaida horietan indarkeria agertzen zen sarri: irainak, umiliazioak eta eraso fisikoak ere bai.

Fiskaltzak nabarmendu du harremana «genero indarkeriaren ziklo klasiko baten barruan» kokatzen zela. Emakumeak «mendekotasun emozional sakona» zuen gizonarekiko, eta horrek zaildu egiten zuen harremana etetea. Gainera, mendekotasun ekonomikoa ere bazegoen, eta horrek are gehiago lotzen zuen erasotzailearekiko. Dinamika horren ondorioz, akusazioaren arabera, Mazonek ez zuen bere burua gai ikusten harremanetik ateratzeko, indarkeria matxistaren testuinguru askotan gertatzen den bezala.

Egoera horretan, 2023ko maiatzaren 19an elkartu ziren biak, Gasteizko hotel apartamentu batean. Mazonek ez zuen hitzordura joan nahi, baina, azkenean, onartu egin zuen hotel batean egun batzuk igarotzea. 19:08an sartu zen gizona logelan, eta orduantxe jakin zuen Mazonek beste harreman bat hasia zuela. Fiskaltzak azaldu duenez, akusatuak logelako sukaldeko labana bat hartu eta emakumeari eraso egin zion, hura lo zegoela aprobetxatuta, defentsarako aukerarik gabe. Guztira hamahiru labankada eman zizkion, «hiltzeko asmo argiz», eta horietako batek eragin zuen heriotza. Erasoa alaba txikiaren aurrean gertatu zen: 2 urteko umea gelan zegoen une hartan. Fiskaltzak nabarmendu du gizonak bazekiela Mazon haurdun zegoela —16 asteko— eta bikiak espero zituela.

Fiskaltzaren kontakizunaren arabera, hilketaren ondoren, akusatuak hotela utzi zuen, alaba adingabea logelan bakarrik utzita, amaren gorpuaren ondoan. 20:24 aldera alde egin zuen, eta hurrengo eguneko 14:30 arte egon zen haurra bakarrik, jan-edanik eta arretarik gabe, «erabateko babesgabetasunean». Epaiketan aurkeztutako txostenen arabera, gertakariek ondorio larriak utzi dituzte haurrarengan. Eta biktimaren aitak ere kalte emozional nabarmena pairatu duela azpimarratu dute.

Ildo beretik aritu da herri akusazioa ere, Clara Campoamor elkartea. Cecilia Piris abokatuak argi adierazi du gertatutakoa genero indarkeriaren testuinguruan ulertu behar dela, biktimaren zaurgarritasun egoera «muturrekoa» izan zela eta akusatuak une oro jakin bazekiela zer egiten ari zen. Haren arabera, hilketa baldintza bereziki larrietan gertatu zen: azpikeria eta ankerkeria egon ziren, eta, gainera, biktimak ezin izan zuen bere burua defendatu. Are gehiago, hilketa alabaren aurrean gertatu izanak sufrimendua areagotu zien, biktimari zein umeari.

Genero indarkeriaren astungarria ere nabarmendu du, hau da, gizonak emakumea hil zuen hark akusatuarengandik banandu nahi zuelako. Gainera, biktimak babes agindu bat zuen indarrean, gogoratu duenez. «Halako aginduak ez dira automatikoki ematen; beharrezkoa da delitu zantzuak eta arrisku egoera objektibo bat egotea. Horrek berretsi egiten du arriskua benetakoa zela».

Kontrola eta dependentzia

Lehen lekukoek ere deklaratu dute gaurko saioan. Biktimaren aitak, haren bikotekideak eta izebak berretsi dute akusatuak emakumearekin zuen harremana «itogarria», «menperatzailea» eta «kontrolatzailea» zela. Azaldu dutenez, emakumea ahul zegoen: diabetikoa zen, intsulina behar zuen, eta alkoholarekin arazoak zituen. Bikotekideak drogekiko eta alkoholarekiko adikzioa zuen. Gizonak biktimaren diruaren kontrol osoa zuen, eta Mazonek «izugarrizko dependentzia ekonomikoa» zuen gizonarekiko, kontatu dutenez. «Sarri uzten zuen bakarrik, dokumentaziorik, telefonorik, dirurik eta medikaziorik gabe».

Lekukoek askotan ikusi zituzten eztabaidak akusatuaren eta emakumearen artean, eta, kontatu dutenez, gizonaren jarrera «oso jeloskorra» eta mehatxatzailea zen harekiko: lagunekin harremanak mugatu nahi izaten zizkion, eta beldur giroa nagusitzen zen. Are, zenbaitetan intsulina kendu izan ziola ere adierazi dute. Harremana hausteko saiakerak egon baziren ere, atzera egiten zuen emakumeak, menpekotasunaren ondorioz.

Azpimarratu dute akusatuaren kontrola «obsesiboa» zela: telefonoa kentzen zion, eta zaila zen alabarekin hitz egitea, «beti zegoelako bera atzetik». Ekonomikoki ere menpekoa zen emakumea, eta eztabaidak etengabeak ziren; gizonak «haserrealdi bortitzak» izaten zituen, eta batzuetan objektuak ere apurtzen zituen. Behin baino gehiagotan, gainera, eraso fisikoen lekuko izan ziren. Azkenaldian, «goia jo» zuela, harremana amaitu nahi zuela eta Gasteizera itzuli nahi zuela esan izan zien biktimak, «seguruago» egongo zelakoan.

Defentsa

Akusatuaren defentsak bestela interpretatu du gertatutakoa, eta gizonaren absoluzioa eskatu du. Ukatu egin du J.R. akusatuak Maialen Mazonengan kontrol edo menderatze jokabideak eduki izana. Aitzitik, abokatuak adierazi duenez, akusatuaren presentziak «hobekuntza» ekarri zion Mazoni, eta harremana ez zen akusazioak deskribatutako genero indarkeriaren dinamikan kokatzen.

Are, defentsak ziurtatu du presio ekonomikoa Mazonek egiten ziola gizonari, eta ez alderantziz. Azaldu du akusatuak berak pairatzen zuela «menpekotasun psikologikoa», eta emakumearen «nortasun sendoa» azpimarratu du. Defentsaren tesien arabera, harremanari eusteko arrazoi nagusiak Mazonen arazo ekonomikoak eta adikzioak ziren, eta egoera horretan kokatu du bien arteko lotura.

Gertakarien uneari dagokionez, defentsak azaldu du hilketa gertatu zen egunean eztabaida bat izan zutela, eta horretan alkohola eta botiken kontsumoak eragina izan zutela. J.R.-k «estres egoera akutua» pairatu zuela dio, eta horrek egoera disoziatibo batera eraman zuela: kontzientziaren galera, oroimenaren hutsuneak eta errealitatearekiko deskonexioa.

Abokatuaren arabera, une horretan akusatua ez zen gai bere ekintzen kontrola izateko, ezta arrazoitzeko ere. «Errealitatetik erabat deskonektatuta» zegoela azpimarratu du, eta hori bere jokabidea ulertzeko funtsezko elementua dela defendatu. Ildo horretan, «aldi baterako nahasmendu mentala» eta alkoholismoa aipatu ditu defentsak, akusatuaren erantzukizun penala baztertzeko edo, gutxienez, arintzeko.

Urruntze agindua indarrean

Gizonak, baina, emakumearengandik urruntzeko agindua zuen, eta Ertzaintzak bazekien urratzen ari zela. Hain zuzen, urte hartako urtarriletik zekien hori Ertzaintzak, baita Herrialde Katalanetako epaitegi batek «muturreko arriskuko» babesa ezarria ziola ere. Hala ere, ez zuten gizona atxilotu, ezta emakumea babesteko neurri berezirik hartu ere, indarkeria matxistaren kontrako protokoloek ezartzen duten moduan. 

Ordu hartan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu zen Josu Erkorekak erran zuenez, Ertzaintza emaztekiaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren bertsioak «kontrastatzeko lanak» egiten ari zen. Izan ere, Erkorekaren arabera, emakumeak poliziei adierazi zien ez zuela bere burua «arriskuan» ikusten. Horiek hala, Ertzaintzak erabaki zuen emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegira atestatu bat bidaltzea, horren berri emateko.

Hilketa matxista hark eztabaidak eragin zituen hala bortizkeria matxista jasaten duten emakumeendako babes neurrien inguruan nola horien gaineko arriskua neurtzeak duen garrantziaren inguruan. Eta urte hartako ekainean bertan urruntze aginduak betetzen ez dituztenen kontrako protokoloa gogortu zuen Ertzaintzak Araban: agindua betetzen ez dutenak atxilo hartuko dituzte, nahiz eta biktimak urratzeko baimena eman.

Bada, neurri hori bera adostu zuen Espainiako Fiskaltzak 2023ko urtarrilean: kontrol telematikoa indartu zuen, eta adierazi urruntze agindua urratzen zuten erasotzaileak atxilotu behar zituztela, biktimak urratzeko baimena eman arren. Maialen Mazonen hilketaren ondotik, Arabako Fiskaltzak erran zuen ez zutela argibiderik eman erasotzaileak ez atxilotzeko, eta adierazi udaltzainek bai, udaltzainek atxilotzen zituztela urruntze aginduak urratzen zituztenak. Bien bitartean, Ertzaintzaren sindikatuetako iturriek onartu zuten azkenaldian Araban «lasai» jokatu zutela horrelako kasuetan.

ITAIA: «INSTITUZIOEK MARTXAN JARTZEN DITUZTEN NEURRIEK MUGA ARGIAK DITUZTE»

«Instituzioak indarkeria matxistaren kudeaketa hutsera mugatzen dira, eta martxan jartzen dituzten babes neurriak ez dute emakumeon segurtasuna bermatzen. Baina ez hori bakarrik, ez dute inolako bide orririk indarkeria matxista amaitzeko». Maialen Mazonen hilketaren inguruko epaiketaren lehenbiziko egunean ohar bidez egin ditu adierazpenak Gasteizko Itaiak. Gogoratu dute «muturreko arriskuko» egoera ezarria ziotela emakumeari Espainiako Barne Ministerioak duen Viogen sisteman, baina Gasteizera itzultzean Ertzaintzak «arrisku baxuko trataera» eman ziola kasuari. «Emakumea babestu behar zuten instituzioen koordinazio falta agerikoa zen», erran dute.

Instituzioek martxan jartzen dituzten neurriek «muga argiak» dituztela erran dute, eta nabarmendu aurten, Gasteizen, gutxienez 33 aldiz urratu dituztela urruntze aginduak. «Eta urruntze agindua duten gizonek jantzi beharreko eskumuturrekoetan akatsak ere antzeman izan dira, eta Gasteizen, adibidez, erasotzaile bat biktimaren portalean agertu zen joan den irailean». Salatu dute, halaber, neurri horiek emakumearengan jartzen dutela ardura osoa, horiek direlako bizilekua eta ohiturak aldatu behar dituztenak, edo gizona hurbil dagoenean abisua eman edo ihes egin behar dutenak. «Erasotzailearen kontrolerako balio omen duen neurri horrek egoera guztiz zaurgarri batean dagoen pertsona jartzen du erabakiak eta babes neurriak hartzeko eginbeharrean», borobildu dute.
Aurten lau hilketa matxista izan direla ere erran dute, eta bi hilketa saiakera; azkena joan den asteburuan, Donostian. Hori guztia dela eta, matxismoaren kontrako «konpromiso eta jarrera aktiboa zabaltzea» ezinbertzekotzat jo dute, «matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eraikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA