Maider Etxebarria izango da, berriro ere, PSE-EEren hautagaia Gasteizko alkate izateko. Gaur agertu da prentsaren aurrera, albiste hau bera iragartzeko.
EH Bildu izan zen garaile 2023ko foru eta udal hauteskundeetan, zazpi eserleku lortuta. Nolanahi ere, Etxebarriak eskuratu zuen alkatetza, EAJk eta PPk haren alde egin baitzuten, Rocio Vitero EH Bilduko zerrendaburuari bidea ixteko asmoz. Etxebarria izan da Gasteizko lehen emakumezko alkatea, eta beste lau urtez izan nahi du bertako alkate.
Gaur goizean egindako agerraldian, adierazi du hirian «akordio eta egonkortasun gehiago» behar direla, «zaratari eta konfrontazioari» aurre egiteko. «Erakutsi dugu posible dela gobernu sendo eta fidagarri bat zuzentzea, itunak konplexurik gabe egiten dituena», gehitu du.
Etxebarriak Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen: Enpresa eta Jarduera Turistikoetako Teknikariaren diplomatura du. Gerora, frantsesari buruzko goi diploma lortu zuen, eta Aleman Filologia ikasi zuen EHUn. Politikan aritu baino lehen, sektore pribatuan egin zuen lan gehien, esaterako, turismo gidari eta ekintzaile gisa.
Etxebarriak iaz adierazia zuen berriz ere hautagaitza aurkezteko asmoa, eta, gaur baieztatuta, argitu dira alkate izateko lehian arituko diren lau izenak. EH Bilduk Rocio Vitero aurkeztuko du berriro. EAJk eta PPk, berriz, izen berriak jarri dituzte mahai gainean: Jon Urresti eta Iñaki Garcia Calvo, hurrenez hurren. 2023ko hauteskundeetan, botoen %19 eta %22 artean eskuratu zituzten EH Bilduk, PSE-EEk, EAJk eta PPk, goitik beherako ordena horretan.