Manifestaziora deitu dute Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunak etxegabetu nahi dituztela salatzeko

120 familia baino gehiago etxetik kanporatuak izateko arriskuan daude, putre funts batek alokairuko etxebizitzak erosi eta kontratuak ez berritzeko asmoa adierazi duela eta. Bizilagunek eta LAB sindikatuak deitu dute mobilizaziora, ostegunerako.

Erandioko 'Los Ochos' eraikinetako bizilagunen agerraldia, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
Erandioko 'Los Ochos' eraikinetako bizilagunen agerraldia, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 18a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinetako bizilagunek manifestazio batera deitu dute hurrengo ostegunerako, hilaren 24rako, Mosaic putre funtsak haien etxebizitzak erosi dituela eta etxegabetuak izateko arriskuan daudela salatzeko. LAB sindikatuarekin batera egin dute deialdia; 19:30ean abiatuko da protesta etxebizitzak dauden plazatik, eta herritar guztiei parte hartzeko eskatu diete. Bizilagunek adierazi dute ez daudela beren etxeak uzteko prest: «Bidali egin nahi gaituzte, baina ez goaz inora. Hemen geratuko gara».

120 familia baino gehiago daude egoera horretan. Orain arte etxebizitzen jabea InmoCaixa zen, La Caixa bankuaren higiezinen ondarea kudeatzen zuen enpresa. Duela gutxi, ordea, Los Ochos-eko etxebizitzak lotean saldu zizkion Mosaic funtsari. Bizilagunen arabera, jabe berriak ez du asmorik indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeko, eta, horren ondorioz, maizterrak etxetik kanporatuak izateko arriskuan daude.

Bizilagunek salatu dutenez, funtsaren asmoa da etxebizitzak saltzea gaur egun maizterrek ezin pagatu ditzaketen prezioetan. Horrez gain, presioak eta mehatxuak erabili izana egotzi diote, etxebizitzak lehenbailehen hutsik gera daitezen. Mosaic funtsarekin negoziazio mahaia osatzeko eskatu dute, eta egungo maizterren diru sarreretara egokitutako alokairu kontratuen berritze kolektiboa negoziatzeko exijitu diote.

«Enpresa hauentzako zenbaki hutsak gara estatistika taula batean. Nola joango gara bada hemendik, auzo honetan, herri honetan, eraiki badugu gure bizitza?», galdetu dute bizilagunek. Haien esanetan, urteak daramatzate bertan bizitzen, eta auzoan dute eguneroko bizitza: «Gure seme-alabak hemengo eskolara doaz, hemen bizi eta lan egiten dugu».

Udalari eta Jaurlaritzari neurriak eskatu dizkiete

Erakundeei ere mintzatu zaizkie. Gogorarazi dute duela bi urte Erandio tentsio handiko eremu izendatzeko aukera egon zela, baina udalerriak ez zuela halakorik lortu. Haien arabera, ordutik udalak ez du neurri nahikorik hartu etxebizitzen prezioa jaisteko eta etxebizitzarako sarbidea errazteko.

Horregatik, Erandioko Udalari eskatu diote herria tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua azkartu dezala, legeak aurreikusten dituen luzapenez baliatu ahal izateko, eta, horrela, kaleratze mehatxurik gabe negoziatu ahal izateko Mosaic funtsarekin.

Halaber, udalari eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan bitartekari gisa jarduteko galdegin diete, eta konponbidea lortzeko «beharrezko neurriak» hartzeko. Luzera begirako konponbidetzat jo dute Los Ochos-eko etxebizitzak jabetza publikora igarotzea eta alokairu publikoaren parkearen barruan sartzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA