Negu Gorriak kolektiboak manifestaziora deitu du Arantzadiko etxegabeen kaleratzea salatzeko

Larunbatean eginen dute protesta, 12:00etan, Iruñeko Errekoleten plazatik abiatuta. Iruñeko Udalak migratzaileekin duen jokabidea txarretsi dute antolatzaileek: «Bi gau hotel batean, ez diete besterik eskaini».

Negu Gorriak kolektiboko kideak, gaur, Arantzadiko komentu zaharraren parean. IÑIGO URIZ / FOKU
Negu Gorriak kolektiboko kideak, gaur, Arantzadiko komentu zaharraren parean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko apirilaren 16a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Obretako hesiaren bestaldean egin behar izan dute agerraldia, ahotsak hondeamakinen eta zerra erradialen zarataren azpian isilduta. Lanak iragarri eta ordu gutxira heldu ziren makinak eta beharginak Arantzadira, eta orain ezinezkoa da agustindarren komentu zaharrera sartzea. Eraikin abandonatu horretan bizi ziren ehundik gora lagun, migratzaileak denak, eta, salatu dutenez, orain ez dute nora joan. «Askok barruan utzi zituzten nortasun agiriak, errolda tramitatzeko paperak eta bestelako gauza pertsonalak, eta gehienei ez diete utzi horiek berreskuratzen», azaldu du Samira Calvok, Negu Gorriak kolektiboko kideak. Manifestazio bat antolatu du plataforma horrek, Arantzaditik kanporatutako etxegabeen egoera larria eta Iruñeko Udalaren jokabidea salatzeko. Heldu den larunbatean eginen dute, 12:00etan, Iruñeko Errekoleten plazatik abiatuta.

Calvorekin batera, Fatima El Mourabitek hartu du hitza, Negu Gorriak kolektiboa osatzen duten eragileen izenean. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako manifestuan, adierazi dute Arantzadiko komentu zaharra husteko operazioan «140 langile migratzaile» irtenarazi zituztela, eta ez dietela beste bizitokirik eskaini. Iruñeko Udala jo dute gertatutako guztiaren erantzuletzat: «Udalak bere erabakiz hustu du eraikina, hirigintza zinegotziak astelehenean aitortu zuen bezala, eta udaltzainak izan dira operazioa aurrera eraman dutenak. Asironek oso-osorik erabakitako makrokaleratze bat izan da hau, ez Nafarroako Gobernuak ez Espainiakoak ez baitute esku hartu, eta ez da egon udala behartzen zuen agindu judizialik». 

«Joseba Asironen eta Txema Mauleonen formak ez dira Trumpek eta Albiolek erabiltzen dituztenak, baina emaitzak antzekoak dira»

SAMIRA CALVO Negu Gorriak kolektiboko kidea

Eraikinetik egotzitako gazte gehienei aukera eman zieten hiru egunez udal aterpetxeetan gelditzeko. Gaur amaitu zaie egonaldia, eta udalak beste bi gau eskaini dizkie hiriko hoteletan. Gero, kalean geldituko dira. «Udalak ez die besterik eskaini, eta ez denei, gainera: udaltzainek identifikatu zituztenei eta Iruñean erroldatutakoei bakarrik eman diete aukera hori», esplikatu du Calvok. Askok, baina, ez dute errolda agiria, eta hori lortzeko behar duten dokumentazioa eraikin abandonatuan dago oraindik: «Gehienei ez diete baimenik eman beren gauzak biltzeko. Hortaz, Arantzadin dituzte maletak, objektu pertsonalak eta beren egoera erregularizatzeko behar duten dokumentazioa». Gazte migratzaileen erroldatze prozesuari urteetan jarritako trabak ere salatu dituzte Calvok eta El Mourabitek: «Bostehun eskaera inguru blokeatu dituzte iazko ekainaz geroztik».

Lanak Arantzadiko komentu zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lanak Arantzadiko komentu zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU

«Etxegabetzeen olatu bat»

Negu Gorriak kolektibokoek uste dute «makrohusteen olatu batek» zeharkatzen duela Euskal Herria: «Hasieran Bilbon egin zuten, gero Donostian, eta orain Iruñean. Hiru hiriburuetako modus operandi-a berbera izan da, gainera: gazteak kriminalizatzea, espazioa interes pribatuen esku uztea, eta han zeudenak bizitoki alternatibarik gabe kanporatzea». Are: Donald Trumpek AEBetan duen jokabidearekin eta PPko Xavier Albiolek Badalonan duenarekin (Herrialde Katalanak) alderatu dute Iruñeko Udalaren jokabidea: «Hemen ez dago ICErik, AEBetan bezala. Ez da beharrezkoa. Eragin bera dute Espainiako Atzerritarren Legeak eta udal erakundeen kolaborazionismoak. ICEren jarduerek iritzi publikoa hunkitu dute, eta Badalonako makrohusteak Iruñea eta Nafarroa gobernatzen duten alderdi guztien gaitzespena jaso zuen. Joseba Asironen eta Txema Mauleonen formak ez dira Trumpek eta Albiolek erabiltzen dituztenak, baina emaitzak antzekoak dira».

Horregatik guztiagatik, dozenaka etxegaberen kanporatze masiboak eta «makrohusteak» salatuko dituzte heldu den larunbateko manifestazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA