Manuel Lezertuak amaitutzat eman du bere zikloa Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko gisa, eta kargua utziko duela iragarri. Hamar urte egin ditu herritarren defendatzaile gisa, bi agintaldi, eta iritzi dio erreleboa behar dela erakundean. Horregatik, Eusko Legebiltzarrari eskatuko dio ordezkoa izendatzeko prozedura abia dezala. Ez du datarik eman oraingoz, baina adierazi du «tarte labur batez» baino ez dela egongo karguan.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketan egin du iragarpena Lezertuak. Adierazi du hamar urte «denbora asko» dela arartekoarentzat, kargu horrek «inplikazio handia eta etengabekoa» eskatzen baitu. «Erantzukizun horretan hamar urte zahartu naiz», adierazi du. Bada, erakundean haren lekua hartuko duen ordezko bat behar dela azpimarratu du, «ideia berriak eta luzera begirako proiektua» izango dituena.
Atzera begiratu eta bere agintaldiaren errepasoa ere egin du elkarrizketan, eta jakinarazi karguan denetik arartekoaren jarduera %66 areagotu dela, urtean 9.000 tramite baitzituen lehen, eta 16.000 orain. Bereziki osasunari, etxebizitzari eta ingurumenari lotutako kexak ugaritu dira azken urteetan, eta, batez ere, kutsadura akustikoari buruzkoak. Aldiz, apaldu egin dira DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari eta beste gizarte laguntzei lotutakoak.
Lezertuak arartekoaren jarduna nabarmendu du, herritarrentzako erreferentziazko figura delakoan. Eta adierazi du, salbuespenak salbuespen, gainerako erakundeek ere ikasi dutela haren eskaerak eta gomendioak aintzat hartzen. Izan ere, gogoratu du 2023an «haserretu» egin zela, erakunde batzuek ez ziotelako kasurik egiten. «Lehendakariarengana jo behar izan nuen, eta konpondu zen». Ziurtatu du 2024an ez dela erantzunik gabeko kasurik izan.
Dena den, adierazi du erakundea eguneratu beharra dagoela. Kargua utzi aurretik onartu nahiko luke, hain zuzen ere, Arartekoaren Legea. Testu hori Eusko Legebiltzarrean dago iazko uztailaz geroztik.
Sare sozialetan, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok esker ona adierazi dio Lezertuari, azken hamarkadan eginiko lanagatik: «Funtsezkoa den instituzio honen alde aritu da, betiere errespetuz eta konpromisoz, eta bere jarrerarekin eta profesionaltasunarekin arartekoaren izatearen funtsa ohoratu du». Erantsi du arartekoaren jarduna «ezinbestekoa» dela «herritarren eskubideak eta askatasunak eraginkortasunez babesteko».
Seigarren arartekoa
Lezertuak 2015ean hartu zuten EAEko arartekoaren lema, Iñigo Lamarcari lekukoa hartuta. Lehen agintaldian, EAJren, PSE-EEren eta PPren babesarekin izendatu zuten; bigarrenean, berriz, jeltzaleen eta sozialisten gehiengo osoari esker. EAEko seigarren arartekoa da Lezertua: 1989-1995 artean Juan San Martin aritu zen; 1995-2000 artean, Xabier Markiegi; 2000-2004 artean, jardunean, Mercedes Agundez; 2004-2015 artean, Lamarca; eta Lezertuak Lamarcari hartu zion lekukoa 2015ean.
Bilbon jaio zen Lezertua, 1957an, eta Zuzenbidean lizentziaduna da; legeetako masterra egin zuen Londresko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzako abokatu gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta handik Estrasburgora joan zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiko eta Auzitegi Konstituzionaleko abokatu gisa lan egitera. Azken urteetan, ararteko hautatua izan aurretik, krimenaren aurkako borrokaren ataleko burua izan zen Europako Kontseiluan, baita aholkulari juridikoa ere.
EH Bilduk Lezertuaren lana txalotu du
EH Bilduk esker ona adierazi dio Manuel Lezertuari, egindako lanagatik. «Bere jarrerarekin eta profesionaltasunarekin Arartekoaren izatearen funtsa ohoratu du». Ohar bidez, esan dute orain alderdi politikoei dagokiela Lezertuaren lanari jarraipena emango dion beste ararteko bat topatzea: «Arartekoaren jarduna ezinbestekoa da herritarren eskubideak eta askatasunak eraginkortasunez babesteko, eta hala izan behar du etorkizunean ere».