Irmoa izan da, orain arte, Francisco Javier Garcia Mañuetako alkatearen jarrera. PP alderdiko kidea da, eta hainbat alditan uko egin zion herriko kontsultategiko leihoburu batean ageri zen idazkun frankista kentzeari. Atzo, ordea, Espainiako Gobernuak iragarri zuen idazkuna memoria demokratikoaren aurkako sinbolo eta elementuen katalogoan sartu zutela, eta, beraz, Mañuetako Udalak hiru hilabeteko epea zuela legeari men egin eta idazkuna kentzeko. Bada, hala egingo du udalak, PPk ohar bidez adierazi duenez.
Orain arte, Mañuetako Udalak eraikinaren balio historikoa zerabilen idazkuna ez kentzeko aitzakia gisa. Udalak jarritako helegiteen arabera, leihoburua egiturazko elementua da, eta ez dago hura erretiratzerik eraikin historikoari kalte handirik egin gabe. Espainiako Gobernuak, ordea, argudio horiek baztertu ditu: atzoko erabakian irakur zitekeenez, «katalogoan sailkaturiko elementua ez da leihoburua, idazkuna bera baizik». Gobernuaren ustez, beraz, posible da idazkuna bera estali edo ezabatzea, leihoburuari eta eraikinaren egiturari kalterik egin gabe.
Azkenean, lehen bidea hartuko du Mañuetako Udalak, idazkuna estaltzea, alegia, leihoburua ukitu gabe gobernuaren erabakia betetzeko asmoz. PPkoek diote «arkitekto bati kontsulta egin ostean» hartu dutela erabaki hori, leihoburua erretiratzeak eraikinean «arrakalak eta egiturazko kalteak» eragingo ei zituelako. Esku hartze hori hiru hilabeteko epearen barruan egingo dela ere adierazi du PPk, eta Mañuetako Udalak une oro «erantzukizunez» jokatu duela. Mañuetako alkateak, esan bezala, hainbatetan egin zion uko plaka hori kentzeari, argudiatuta idazkunak ez duela «inor ere gogaitzen».