Marzel Etxehandi hil da, 94 urte zituela. Eiheralarren jaio zen (Nafarroa Beherea), 1932an, eta Belokeko monasterioan (Ahurti, Lapurdi) zendu da. Hain justu, 10 urte zituela hasi zen Beloken ikasten, baxoa egin arte. Soldaduska Aljeriako gerran egin zuen, eta horren ondoren, Belokera itzuli zen, apaiz eta kolegioko irakasle izateko. San Benediktoren Ordenak iragarri du azaroaren 15etik 16rako gauean zendu zela, eta bihar egingo dute haren hileta Beloken, 15:00etan.
Monasterioan euskara eta euskal kultura gehien sustatu dituenetako bat izan da Etxehandi, Jean Marie Ihartza Iratzader-ekin batera. Hala adierazi du Lucien Etxezaharreta idazleak Euskal Irratietan: «Euskara ikasteko beren metodo famatua egin zuten, eta urte luzeetan Belokeko liburutegi famatuko arduraduna izan da [Etxehandi], eta zernahi dokumentu bildu zituen. Militante abertzalea izan dela ere oroitarazi nahiko nuke. Poliziak bere kontra eraso egin zuen behin baino gehiagotan, eta atxilotua eta kontrolatua ere izan zen».
Izan ere, euskal kulturaren gordeleku izan zen Beloke. Baionatik hogei kilometrora dago eraikina, eta Hego Euskal Herriko hainbat errefuxiaturen aterpe izan da. 1960ko hamarkadan, gainera, zeresan handia izan zuten Belokek eta Etxehandik berak euskara biziberritzeko lanean. Francoren diktadura indarrean zen hegoaldean, eta euskararen erabilera jazarria zen; iparraldean ez zen zuzenean jazarria, baina hizkuntzak ez zuen inolako aitortzarik. Hala ere, oztopoak oztopo, Belokeko fraide beneditarrek euskal kulturaren mesederako artxibo lan handia egin zuten, Lazkaokoekin (Gipuzkoa) elkarlanean.
Horrez gain, euskal ondarearen zaintza ere hartu zuen Etxehandik ardura gisa. Ipar Euskal Herriko hainbat eliza zaintzen eta berritzen aritu zen, eta Lauburu elkartean ere ibili zen, hilerrietan lauburuen presentzia bermatzen.
Haren obra nagusia, baina, 1967an hasi zuen Etxehandik, 35 urte zituela. Orduan ekin baitzion Biblia bere osotasunean euskarara —lapurterara— itzultzeari; hori baitzen bere ametsa. Lan horren lehen saiakera 1980an argitaratu zen, eta 2008an heldu zen 40 urteko lanaren emaitza: euskarazko Biblia argitaratu zen orduan.