«Marea goian behar du» Plentziako XIII. Itsas Martxak, presoen etxeratzea aldarrikatzen segitzeko

Bihar egingo dute martxa, eta presoen eskubideen aldeko «elkargunea» izango da. Herri bazkaria izango da, baita Bad Sound, Sua, EH Sukarra eta Malakiasen kontzertuak ere.

Plentziako XI. Itsas Martxa, 2024an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Plentziako XI. Itsas Martxa, 2024an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen begiratuan, itsas festa bat dirudi. Piraguak, salbamendu jakak, musika eta ehunka lagun Plentziako itsasadarrean (Bizkaia). Baina, jai giroaren azpian, segituan ikus daitezke euskal presoen etxeratzearen aldeko banderak: aurten ere eutsiko dio egitasmoak presoen eskubideak defendatzeari. Larunbatean egingo dute XIII. aldiz Plentziako Itsas Martxa, eta antolatzaileek uste dute mobilizazioak oraindik baduela zentzua, azken urteetako aldaketa politiko eta juridikoek jokalekua aldatu badute ere.

Egitarau oparoaz gozatu ahal izango dute bertaratuko direnek: mobilizazioak, herri bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste. Eguerdian, zubi zuritik abiatuko da mobilizazioa: uretako martxa eta itsas pasalekuan zehar egingo duten manifestazioa. Astilleron igaroko dute arratsaldea, jan-edana eta elektrotxaranga lagun. Gaualdean, Bad Sound, Sua, EH Sukarra eta Malakias taldeen kontzertuez gozatu ahal izango dute han.

Boluntario mordo batek dihardu eguna prestatzeko lanean. Irailean bildu ziren lehen aldiz aurtengoari begira, eta egunean bertan 200-300 boluntario ariko dira monitore lanetan, sukaldean edo garbitzen. Plentziako Itsas Martxan 2.000 lagun inguru biltzea espero dute. 

Garikoitz Urizar Itsas Martxaren antolatzaileak azaldu du aurtengo ekinaldiak «betiko helburu bera» duela: presoen eskubideen aldeko aldarria plazaratzea. Horretarako «marea goian» behar dutela nabarmendu du. Atzera begira, bozeramaileak gogoratu du Etxerat-ekin elkarlanean jaio zela Itsas Martxa, «Karmengo prozesioan» inspiratuta. Martxak «bide propioa urratu» du, eta, egutegian finkatu ahala, gero eta indar handiagoa erakutsi du.

Presoen egoeraren aterabide posibleekin lerratu dira partaideak, eta «bandera ezberdinetako» txalupak ikus daitezke urtero

Urizarren ustez, martxa jaio zenetik gaurdaino, presoen egoera «asko aldatu» da. Sakabanatze politikaren amaieran jarri du enfasia kideak: «Senideen egoera asko arindu zuen». Presoak gutxiago diren arren, «oraindik ere badaude»: oroitarazi duenez, presoak kartzelan daude oraindik, haietako batzuk «larri». Kasu «puntualagoak» direla aitortu duen arren, argi utzi du helmuga «preso guztiak etxeratzea» dela.

Hamahiru urtez, helmuga hori duten herritar guztien «elkargunea» izan da itsas martxa. Alegia, presoen auziari dagokionez, «ikuspuntu ezberdinetako sektoreak» batu ditu larunbateko egunak: presoen egoeraren aterabide posibleekin lerratu dira partaideak, eta «bandera ezberdinetako» txalupak ikus daitezke urtero. 

Azken hilabeteetan Sarek egindako adierazpenen harira, «etapa ixtear» dela sumatzen dute antolatzaileek, eta «helburu errealak» zehaztu behar direla esan dute. Presoen baldintzak hobetu ahala, haien aldeko egitasmoak «desagertuz» joan dira, hala nola Hatortxu Rock eta Lasterbidean. Hala, «itxiera» hurbil sentitu arren, ez dakite oraindik ere datozen urteetan itsas martxak iraungo duen ala ez. Antolatzaileen esanetan, «desiorik handiena egun batean Itsas Martxarik antolatu beharrik ez izatea da». Bitartean, ordea, Plentziako itsasadarrean ozenki entzun beharko dituzte presoen etxeratzearen aldeko oihuak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA