ETAk Dolores Gonzalez Katarain Yoyes hil zuen duela 40 urte. Urteurrena irailaren 10ean izan zen, eta Gogora Institutuak erakusketa bat zabaldu du orain haren herrian, Ordizian (Gipuzkoa), ETAko kide izan ostean erakunde hark hil zuen emakumearen ibilbidea eta amaiera tragikoa azaltzeko. Lau panelek X bat osatzen dute Aita Barandiaran plazan, ETAk hura hil zuen leku berean. Bakoitzak Yoyesen bizitzaren aro bat islatzen du; argazkien bidez, prentsan azaldutako informazioaren bidez, Yoyesek idatzitako hausnarketak jasota... Halaber, haren hilketaren inguruko azalpenak bildu dituzte, eta heriotza horren ondoren Ordizian sortutako ezinegona eta muturreko egoera ere bai, esaterako, haren omenez egindako kontzertuen berri emanez. Urriaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketaren inaugurazioan egon dira Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonso eta Ordiziako alkate Adur Ezenarro. San Josek bi ideia azpimarratuz hasi du bere hitzaldia. Lehenik, adierazi du «beste gizaki bat hiltzearen zentzugabekeria» ez duela «ezerk» justifikatzen. Gero, esan du «disidentziarako eskubidea» dutela banakoek; «kontzientzia librea da; horregatik, erakusketa hau egia esatea erabaki zuten pertsonez ari da, askatasunez bizi ahal izatea amestu zuten pertsonez, etorkizun berri bat eraikitzeaz, nahiz eta azkenean bizia galdu beren proiektu politikoa indarrez inposatzen saiatzen zirenen esku».
Jarraian, beste mezu bat plazaratu du, orainaldiari erreparatuz: «Hilketa hura duela berrogei urte planifikatu, gauzatu eta txalotu zutenek aukera lapurtu zioten Yoyesi haietako asko orain egiten ari diren bide bera egiteko».

ETAn egindako ibilbidea
Dolores Gonzalez Katarain 1954ko maiatzaren 14an jaio zen, Ordizian. Yoyes ezizena etxekoek eta ingurukoek jarri zioten, txikitan Dolores izena ahoskatzea zaila zitzaiola eta. ETAn ibilbide bat osatu zuen, 1970eko hamarkadako lehenengo urteetan hasita. 1973. urtearen amaieran ihes egin zuen Iparraldera, eta 1974ko irailetik aurrera ardura karguak izan zituen; hala, Batzorde Exekutibora iritsi zen lehen emakumea izan zen. Baina 1979an erakunde armatua utzi zuen, gogoeta pertsonal bat egin ostean, eta Mexikora joan zen.
1985eko azaroaren 4an itzuli zen Euskal Herrira, Espainiako Justiziarekin kitatzeko auzirik ez zuela. Semearekin Ordiziako azoka ikusten ari zela hil zuen ETAk, 1986ko irailaren 10ean. Hilketa hura mugarritzat jotzen dute askok. Haren aurkako atentatuaren ostean, Ezker Abertzaleko hainbat militantek desadostasuna erakutsi zuten argiro.
X eran jarritako lau panel bikoitzek osatzen dute erakusketa. Yoyesen hilketa gogoratzen duen leku zehatzaren alboan dago, familiak jarritako oroitarria errespetaturik. Nagusiki, hainbat hedabidetako argazkilarien lanek, hemerotekak eta presentzia eta garrantzi handiko beste iturri batek osatzen dute: Yoyesen egunerokoetatik hartutako zatiak, familiak eta hurbilekoek Yoyes, desde su ventana (Yoyes, haren leihotik) liburuan argitaratuak.
Paneletako batean, Yoyesek berak eskuz idatzitako gutuna irakur daiteke. «Nire heriotzaren erantzukizuna ETAri dagokio», adierazten du, eta hauxe dio: «Onartezina da iraultzailea dela dioen erakunde batek taktika faxistak edo estalinistak erabiltzea, gehien gustatzen zaion bezala, garai batean (nire kasuan, urrun) parte izan ziren kideekin. Isiltasuna konplizea da». Gutun hori Parisen idatzi zuen, 1985eko urriaren 8an, hil baino hamar hilabete lehenago.

Ezenarroren hitzak
Ordiziako alkate Adur Ezenarrok ere egin ditu hitz batzuk ekitaldian. «Gogora-k jakinarazi zigun ekimen hau egiteko asmoa zuela, eta errespetu osoz ikusten ditugu Gogora-k egiten dituen ekimen guztiak, baita hau ere. Esan genien eragozpenik ez genuela, eta bat egingo genuela, nahiz eta erakusketa ez dugun guk antolatu».
EH Bilduko alkateak erantsi du Yoyesi buruzko erakusketa udala egiten ari den ekimen batean txertatzen dela, eta akuilua ere badela. «Bizikidetza Mahaia eratu genuen duela urte batzuk, eta aurten jakinarazi dugu ekimen horretan gaudela. Udal talde guztiak gaude mahai horretan, herriko bizikidetzan aurrerapausoak emateko, indarkeria guztietako Ordiziako biktima guztien aitortza lortzeko, ikerketa mapa bat osatuz». Ordizian bizi diren Yoyesen senitartekoekin egon da udala, erakusketaren harira, «beraien jarrera eta eskuzabaltasuna aitortzeko».
Erakusketaren inaugurazioan erakundeetako ordezkari gehiago egon dira, Andoaingo alkate Andoni Alvarez (EH Bildu), EAJko legebiltzarkide Xabier Barandiaran eta PSE-EEko Gipuzkoako batzarkide Alberto Albistegi, kasurako. Kultur arlotik, han egon da Xabier Euzkitze ere. Jon Sarasuak, Andoni Egañak eta Euzkitzek berak jarritako bertso sorta bat dago paneletako batean, ez alferrik: Yoyes hil ondorengo omenaldi batean jarri zituzten haiek. Halaber, Yoyesen zenbait senitarteko ere han izan dira. Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariarekin batera jaso dituzte denek panelen inguruko xehetasunak.