Pablo Casado PPko burua berak aukeratu ditu zerrendaburuak, hiru lurraldeetako alderdikideen eskaerei entzungor eginez. Izan ere, Alfonso Alonso EAEko PPko burua ez da Bea Fanjulen hautagaitzaren aldekoa.
Madrilen hartu dute, ordea, erabakia, eta, horren arabera, Miguel Angel Blanco zinegotzi izandakoaren arreba Marimar Blanco izango da Arabako zerrendaburua, Javier Marotoren ordez. Bea Fanjul, berriz, bigarrenez izango da Bizkaiko zerrendaburu, eta Iñigo Arkauz Donostiako zinegotzi izandakoa jarriko dute Gipuzkoako zerrendaburu.
Arkauzen eta Fanjulen kasuan bezala, Blanco ere PPren zerrendetan aurkeztu zen joan den apirileko bozetan. Aldi hartan, Madrilgo zerrendetan aurkeztu zen Blanco, eta bi alderdikidek euren eserlekuari uko egin ostean sartu zen Kongresuan.
EH Bilduk ere joan den astean iragarri zuen nortzuk izango dituen hautagaiak azaroaren 10eko Espainiako Kongresurako bozetarako. Koalizio abertzaleak apirileko bozetarako aurkeztutako pertsona berberekin osatuko ditu zerrendak oraingoan ere.
UPD eta Ciudadanos elkarrekin
Ciudadanoseko zerrendetan ageriko dira UPDko buru Cristiano Brown eta Fernando Savater. Madrilgo zerrendetan agertuko dira biak, zazpigarren izango da Brown eta azken tokian agertuko da Savater. Aurreko bozetan ere elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten bi aldeek, eta Ciudadanosen izenean aurkeztu zen Maite Pagazartondua Europako Parlamenturako hauteskundeetan.