Iratxe Retolaza Gutierrez: «Marko feminista bat eraikitzeko eskatu ziguten, baina modu kolektiboan eta kontrastatuan»

IRATXE RETOLAZA GUTIERREZ
Iratxe Retolaza Gutierrez. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iratxe Retolaza Gutierrezek (Donostia, 1977) edizio lanak egin ditu Sorginak, putak, terroristak liburuan, eta Emagineko kide gisa ere parte hartu du emakume torturatu batzuk egindako eskaera osteko prozesuan.

Nafarroako emakume torturatuen sareak egin zion eskaera Emagini. Nola jaso zenuten?

Elkarrizketa batzuetan dagoeneko bazegoen torturaren gaia hor, marmar baten moduan. Nafarroako emakume torturatuek eginak zituzten mintegi batzuk gurekin, eta gai horri gurekin heltzeko konfiantza giro bat bazela helarazi ziguten. Haiek marko feminista bat eraikitzeko eskatu ziguten, baina modu kolektiboan eta kontrastatuan. Guk ere sentitu genuen ardura marko hori izendatzeko. Torturaren gai hori oso presente zegoen gure artean, zeren mugimendu feministako kide asko torturatuak izan dira, eta ohartu ginen gure inguruko batzuk horren kontzientziarik ere ez zutela, ez delako hitz egin horretaz.

Nola kokatu zen Emagin hor?

Iruditzen zitzaigun bazela marko feminista bat eraikitzeko aukera. Agian mugimendu feministan beste biolentzia batzuei leku gehiago eman izan zaie, eta torturaren biolentzia matxista ez zen esplizitatzen. Eta gogoeta egin dugu: guk gure artean ez badugu hitz egiten honetaz, elkarri entzuteko testuinguru bat izanda, elkar aitortzeko testuinguru bat... nola egingo dute kanpokoek?

Zuengana jo zuten emakume torturatu batzuk bazeuden Euskal Herriko Torturatuen Sarean. Zer sumatzen zuten faltan?

Ikuspegi feminista bat eskatzen zuten. Feminismoaren tresnek ez dute bakarrik aukera ematen tortura gertatzen den garaiko botere harremanak eta beste izendatzeko; torturatuari laguntzen diote, halaber, ulertarazten hori gertatu zaiola egiturazko biolentzia bat egon delako. Torturatu bazaituzte, edo sexu tortura jasan izan baduzu, beste sexu biolentzia guztiak bezala, komunitatean harrera bat dago, eta komunitateak ez badu harrera hori egiteko lanketa feministarik, akaso hor beste biolentzia matxista bat jasaten duzu.

Sortu da honi buruzko elkarrizketarik mugimendu feministan?

Kontakizun ofizialak askotan ez ditu torturak jaso, eta ikusgarri izateko zailtasunak izan ditugu. Izan dira zailtasunak tortura indarkeria matxista modura izendatzeko ere, gatazka armatuaren testuingurua dela eta. Beste biolentzia matxista batzuk salatu izan dira kalean, eta aldiz, hori ez, nahiz eta estatuaren eskutik egindakoa izan. Zailtasun gehiago izan ditu, testuinguru politikoagatik. Beraz, nahi genuen elkarrizketa hau sortzeko zailtasunak izan diren beste garai batzuetako mugimendu feministako eragileekin elkarrizketa hau sortu. Bide hori garrantzitsua da guretzat.

Prozesu hitza darabilzue, liburua tresna gisa kokatuta.

Gure gogoeta sozializatzeko modu bat da, eta lanketan segitzeko. Garbi genuen torturak ez diola subjektu torturatuari bakarrik eragiten, ondoan dagoen komunitateari ere bai. Eta, gero, badugu oraindik argitu ez dugun galdera bat: nola eragin du urte luzeetako tortura praktika horrek gaur egungo emakumeen militantzian? Gainera, emakumeetan oso garbi, helburu izan dutenean emakumeak plaza publikotik desagerraraztea, biolentzia zuzenaren edo izuaren bidez. Horrek zer eragin izan du gerora euskal emakumeen militantzian? Edo herritar ororen militantzian. Uste dut horretaz gutxi pentsatu dugula. Torturari buruz hitz egiteak hortaz ere hitz egitea ekarri behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA