Oso latza izan da esaldia iltzatua dago euskal herritar askorengan. Datorren ostiralean beteko dira 45 urte Joxe Arregi hil zela, Carabanchelgo (Madril, Espainia) kartzelan, hitz haiek esan ostean: Espainiako Poliziak atxilotu, bederatzi egunez inkomunikatu eta torturatu egin zuelako esan zituen. Euskal Herrian urtero oroitzen da gertaera hura, eta tortura salatu. «Izugarria baita. Esaten ari gara estatu batek zuzenean bere langile publikoen bidez indarkeria matxista sistematikoki erabili duela, inpunitate osoz. Oso larria da. Eta orain arte egin du hori, gainera». Izan ere, «tortura gaur da», dio Olatz Dañobeitia Ceballosek (Lekeitio, Bizkaia, 1976), Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa liburuaren egileak. Ekarpen zabal bat egin du torturaren gaiari dagokionez, orain arte bildu gabeko begiradak txertatu eta torturaren atzean dauden geruzak aztertu baititu, «gelan dagoen elefanteari» begiratzeko eta osatze prozesuetan ekarpen bat egiteko, begirada feministatik.
Nafarroako Torturatuen Sareko emakumeek Emagin elkartearen atea jo zuten, eta elkarteko kideek Dañobeitiarena, hutsune bat sumatzen baitzuten torturaren lanketan. Hala, betaurreko feministekin ondu dute liburua. Eta hainbat batzarretan, bilera formaletan eta informaletan ari dira gaia lantzen. Atzo, jardunaldi bat egin zuten Donostian, Tortura feminismotik erreparatu izenburupean.
«Torturagarritasuna»
Dañobeitiak liburuan xehatzen du zer den tortura, zer den tortura politikoa eta hura zergatik den indarkeria matxista. Halaber, aztertzen du zergatik den posible torturak irautea: «Torturagarritasuna zera da, komunitate bat torturatu daitekeela sinetsarazteko legitimazio prozesuak abiatzea, deshumanizazio prozesu bat abiatzea biolentzia batzuk gertatzeko, eta gizarteak, halere, beste alde batera begiratu eta aurrera jarraitzeko».
Erlazionatuta
Liburuan Ignacio Mendiola soziologoaren aipu bat dago: «Etengabe sortzen dira torturatzeko guneak eta denborak. Hau da, gizatasuna kentzen zaien pertsona taldeak eraikitzen dira, beren eskubideez desjabetzeko, azken hilabete luzeetan palestinar herriaren genozidioarekin ikusten ari garen moduan». Ondorioz, eskubideak ez dira bermatzen, Dañobeitiak gehitu duenez.
Liburuan tortura politikoan sakondu du, eta honela definitu: «Disidentzia politiko jakin bat deuseztatzeko erabilitakoa; hau da, euskal nortasun independentziazalea desegiteko erabili dena».
«Seinalatu nahi dugu tortura biolentzia matxista dela sortzez, eta biolentzia horrek helburu politikoak ere badituela. Kasu honetan, proiektu politiko bat txikitzea, komunitate politiko bat txikitzea eta emakumeak partaidetza soziopolitikotik aldentzea»
OLATZ DAÑOBEITIA 'Sorginak, putak, terroristak' liburuaren egilea
Tortura politikoari bide emateko, hainbat faktorek bat egin behar dute. Besteak beste, «komunitate bat torturagarria bihurtzeko, tortura ikusezin bihurtu behar da, normalizatu, eta legitimatu». Zehaztu du torturari buruzko salaketen harira izandako isiltasun konplize asko ere «torturagarritasun» horren erakusgarri direla.
Torturaren Aurkako Taldeak eta beste hainbat eragilek eta profesionalek egindako lana azpimarratu du Dañobeitiak, haien ekarpena beharrezkoa izan baita ulertzeko zer egiturak esku hartu behar izan duten torturak funtziona zezan: atxiloaldia bera ez ezik, eremu judiziala, politikoa eta mediatikoa ere funtsezkoak izan dira tortura salaketei sinesgarritasuna kentzeko, edo halakoak isilarazteko. «Askotan atera da egia judizialaren gaia, epaileek honelakoak idazten baitituzte autoetan bertan: 'Akusatuak torturak salatu ditu, baina nola sinistuko bere etxean detonagailuak edo dena delakoak zeuzkan horri'. Auzitegi Nazionalak auto judizialen bidez esaten dizu pertsona horrek ez duela giza eskubiderik. Hori da torturagarritasuna». Eta gehitu duenez, «mehatxu hori hor dago, eta biolentzia sinboliko guztia ere bai».
Indarkeria matxista
Baina hori guztia begirada feminista batetik aztertu du Dañobeitiak, eta honakoa nabarmendu du: tortura biolentzia matxista da. «Zergatik? Biolentzia politikoa eta matxista katramilatuta daude. Noiz hasten da biolentzia politikoa, eta noiz matxista? Hori seinalatu nahi dugu. Biolentzia hori matxista dela sortzez, eta biolentzia horrek helburu politikoak ere badituela. Kasu honetan, proiektu politiko bat eta komunitate politiko bat txikitzeko erabili da. Eta guk seinalatu nahi dugu emakumeen partaidetza soziopolitikoa eteteko helburua ere izan duela. Horrek genero ordenaren aldaketa bat zekarren gizartean, eta aldaketa hori eten nahi izan zen, mehatxu moduan ikusten zelako».
«Torturaren beldur izatearen ondorioz, militatzeari utzi diote askok, gaixotu egin dira beste asko, eta zeukaten ehundura sozial hori desegin da. Hori gertatuz geroztik, isiltasun asko daude: elkarrizketa asko daude oraindik zintzilik, eta bakarrizketa zail asko ere bai»
OLATZ DAÑOBEITIA 'Sorginak, putak, terroristak' liburuaren egilea
Arreta berezia jarri du genero ordenari eusteko funtzioan: «Zergatik esaten dugu tortura generoa berregiteko tresna bat dela? Genero rolek adierazten dute garai eta gizarte bakoitzean zer den gizon izatea eta zer emakume izatea; nola gorpuztu behar diren kategoria horiek, eta nola ez diren gorpuztu behar. Askotariko biolentzien bidez berregiten da mandatu hori».
Dañobeitiaren arabera, «gure gizartean feminitatea eraikitzeko oinarria amatasuna izan da, gizonentzako desiragarri izatea, eta ama eta alaba onaren rol hori izatea. Eta gizon hegemonikoa, berriz, zaurgarritasuna ukatuz eraiki da, homosexualitatea ukatuz... Tortura gertatzen denean, nola erantzun dezake hori jasan duenak? Zer betaurreko dituzun, horren arabera aldatzen da erantzuna».
Adibide batekin azaldu du: «Eman dezagun ni gizon moduan eraikia izan naizela eta txikitu egin nautela esanez ez naizela indartsua, gudaria; hain zuzen, ondoren ez badut gogoeta bat egiten horren inguruan, baliteke gizontasuna parametro hegemoniko horietan eraikitzea, alegia, ‘ba banaiz gizona’ pentsatu, eta hor sartzeko ahaleginetan berregitea neure burua, eskura ditudan tresnen arabera».
Horrek guztiak ondorioak dituela uste du: «Betaurreko feministarik gabe, gertatu diren hainbat gauza era jakin batean interpretatuko dituzu, eta ziurrenik, berregin. Horrek guztiak kostu bat du».
Izan ere, uste du begirada feminista funtsezkoa dela biolentzia esperientziak interpretatzeko orduan: «Adibidez, gizarte matxistak ikusarazi nahi izan digu sexu eraso bat edo bortxaketa bat dela emakume bati gerta dakiokeen gauzarik txarrena. Hortxe amaitzen dela gure duintasuna. Baina feminismoak lagundu du begirada aldatzen horren inguruan ere». Horregatik entzun behar zaie tortura pairatu dutenei, haren ustez: «Inportantea da jendeari galdetzea zelan sentitu zen garai hartan, eta baita gaur arte zelan sentitu den ere».
«Estatu batek zuzenean indarkeria matxista gauzatu du bere langile publikoen bidez hirurogei urtean: salaketa ofizialen arabera, sistematikoki torturatu du emakume bat hilean behin, zuzenean. Eta zer egin dugu horrekin?»
OLATZ DAÑOBEITIA 'Sorginak, putak, terroristak' liburuaren egilea
Tortura biolentzia matxista gisa izendatzea garrantzitsutzat jo du: «Helburuak zein diren ulertzeko, eta biolentzia matxista hori jasan dutenak aitortzeko. 'Biolentzia matxista jasan izan duten emakumeak eta torturatuak' esaten baita oraindik. Eta gauzak ez dira hala. Emakume torturatuek biolentzia matxista bizi izan dute: ez dira bi multzo bereizi behar». Argentinan horren gaineko gogoeta zabala egina dute; izan ere, judizialki, giza eskubideen urraketatzat hartzen dituzte biak: torturatzea eta indarkeria matxista. «Hortik abiatuta landu behar da auzia? Ez dakit. Baina uste dut hankamotz geratzen ari garela errealitate horri begiratzen diogunean».
Ikuspegi feminista
Dañobeitiak uste du feminismoak metatutako jakintza guztia oso baliagarria izan daitekeela tortura pairatu dutenentzat. «Askotariko indarkeria matxisten kontrako borrokan ikasitako guztia ekarri die torturaren inguruko gogoetei: biktima ahularen eta txarraren inguruan egindako hausnarketa guztiak, biktimaren agentziaren ingurukoak, aitortza prozesuei, sistema judizialari eta inpunitate patriarkalari buruzkoak…».
Bide horretan, bere egin dute Nik sinesten dizut leloa. «Urte askoan tortura ukatu denez gero, torturatuak izan diren subjektu horiek asko zentratu dira torturaren egiazkotasuna demostratzeko lanean, eta bereziki arlo judizialean, nahiz eta auziak sistematikoki artxibatzea izan den ohikoena. Egun horietan gertatutakoa xehe kontatu da: inkomunikazioa, norbait Poliziaren eskuetan erortzen denetik hasi eta kalean geratzen den arte edo kartzelara eramaten duten arte».
Uste du oraindik ere joera nagusia dela egun haietako bizipenen berri ematea, baina, halere, izan dela bilakaerarik. Horren harira, lotsa lekuz aldatu beharra ekarri du hizpidera.
Horregatik erabaki dute liburuan testigantza zuzenetara ez jotzea, baizik eta «paisaia» bat eraikitzea torturatu baten bizipenekin, torturatua izateko arriskuan egon zeneko beldurrekin, osteko bizipenekin eta tortura jasan duena inguratzen duten pertsonen soslaiekin.
Ez dute ezkutatzen, halere, torturaren izuak utzitako arrasto sakona: «Torturaren beldur izatearen ondorioz, militatzeari utzi diote askok, gaixotu egin dira beste asko, eta zeukaten ehundura soziala desegin da. Hori gertatuz geroztik, isiltasun asko daude: elkarrizketa asko daude oraindik zintzilik, eta bakarrizketa zail asko ere bai».
Tortura gaur
Zergatik da tortura gaur? «Torturaren ondorio asko martxan daudelako: kulturalak, politikoak, sozialak eta pertsonalak, ehundura sozialean izandako arrakalak... Arrakalak agertu dira, zenbait mesfidantza sortu direlako: norengana hurbildu naiteke, norengana ez, zertaz hitz egin daiteke, norekin bai, norekin ez; kontuz, alerta, izua. Nor da laguna, nor da etsaia?». Torturaren auzia gaur-gaurkoa da, beraz, Dañobeitiaren esanetan.

Aitortu du, dena den, zaila gerta daitekeela torturaz hitz egiteko pausoa ematea: «Askok esaten didate nagia eman diela. Baina nagia mina da. Gure minak ikusgaitasunik ez izateak, aitortza faltak, bizi izan dugun mespretxuak… horrek denak sortzen duen nagia. Orduan, nagia zera da, nor bere oskolean babestea».
Dañobeitiak uste du feminismoak tresnak ematen dituela min hori politizatzeko eta eraldatzeko: «Modua ematen du konturatzeko hor dauden erruduntasunak, lotsak… sortutakoak direla, ez norberarenak, eta ez direla bereziak, ez garela salbuespen bat. Uste dut hori kontatzea lagungarria dela; boteretze prozesuak gertatzen dira».
Zauriari begiratzeaz eta osatzeaz dihardu: «Min horiek pertsona bakoitzaren azalean dauden arrakalak dira, baina berregin egin behar da, txikitutakoa osatu. Kintsugiak hori erakusten du: zeramika hautsiak konpontzeko teknika artistiko bat da, Japoniakoa. Zati hautsiak ezkutatu beharrean, nabarmendu egiten ditu: zauriak ez ditu ezkutatzen. Zaurgarritasuna ez da ahulgune bat, eta indargune ere izan daiteke».
Norentzat?
Torturatuei besarkada bat ematea, mugimendu feministari eskua luzatzea eta gizarteari «hemen gaude» esatea du helburu liburuak, egilearen esanetan: «Tortura bizi izan dutenentzat idatzita dago, baita haien familiakoentzat eta lagunentzat ere. Beldur hori izan dutenentzat».
Eta zera gaineratu du, oraindik ere harrituta: «Izugarria baita. Estatu batek zuzenean indarkeria matxista gauzatu du bere langile publikoen bidez hirurogei urtean; salaketa ofizialen arabera —eta izozmendiaren punta baino ez da datua—, sistematikoki torturatu du emakume bat hilean behin, zuzenean. Eta zer egin horrekin? Ez da ausaz gertatutako zerbait. Sistematikoa eta egiturazkoa izan den zerbaiti buruz ari gara. Biolentzia matxistaz ari gara, baina, biolentzia politikoarekin besarkatuta etorri denez, ematen du gizarteko sektore batzuek lainotuta daukatela biolentzia matxista horren inguruko begirada».
«Elefante bat dugu gelan, eta ez dugu hitz egiten hari buruz. Bakoitzak errepara diezaiola nahi duen erritmoan, dagokion lekutik, dagokion arduratik edo perspektibatik, baina elefantea hor dago, eta ezin dugu ez ikusiarena egin»
OLATZ DAÑOBEITIA 'Sorginak, putak, terroristak' liburuaren egilea
Dañobeitiak uste du gai horrek ikusgaitasunik ez badu handiagoa izango dela berriro ere halakoak gertatzeko arriskua. «Guk eragin dezakegu prozesu sozialetan, politikoetan eta kulturaletan. Eta gure borroka hor geratuko da; bestela, oso paralizatzailea izan daiteke». Ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak torturatuen aitortzen inguruan hasitako bidea. «Aitortzarako tarteak eta beste oso inportanteak dira. Baina bestelako prozesuak ere inportanteak dira, horiek elikatzen eta sakatzen dutelako beste guztia».
Helburu jakin bat du liburuak, finean: «Elefante bat dugu gelan, eta ez dugu hitz egiten hari buruz. Bakoitzak errepara diezaiola nahi duen erritmoan, dagokion lekutik, dagokion arduratik edo perspektibatik, baina elefantea hor dago, eta ezin dugu ez ikusiarena egin».