Marlaska: «Guardia Zibila garrantzitsua da lurralde kohesiorako»

Espainiako jarduneko Barne ministroak adierazi du Nafarroan guardia zibil gehiago egoteko lanean ari dela Espainiako Gobernua.

Grande-Marlaska ministroa eta Pere Navarro Espainiako Trafiko zuzendaria. PACO CAMPOS, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko urtarrilaren 2a
15:25
Entzun

Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak kazetarien galderei erantzunez gaur esan du foruzainek trafiko eskumena jasota ere «guardia zibil bakar bat ere» ez dela aterako Nafarroatik. Are gehiago, esan du Nafarroan eta beste lurralde batzuetan Guardia Zibilaren presentzia handitzeko lanean ari dela Espainiako Gobernua. Haren hitzetan, Guardia Zibilak funtzio garrantzitsua betetzen du Espainiaren lurralde kohesioan. «PPren garaian murriztu zen guardia zibilen kopurua handitzeko lanean ari gara, Guardia Zibilak rol garrantzitsua baitu lurralde kohesioan, eta Gobernuaren ardatzetako bat da nekazaritza munduarekin lotura mantentzea".

PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatu duten akordioan hitzartu dute trafikoko eskuduntza Nafarroan foruzainen eskuetan egotea sei hilabete barru. Felix Azon Guardia Zibileko zuzendariak azaroan esan zuen ez zela horrelakorik aurreikusten, eta akordioan jasotakoak hautsak harrotu ditu, nahiz eta lehenagotik hartutako konpromisoa izan —azken aldiz 2018ko urrian, Pedro Sanchezek berak—. Marlaskak gaur adierazi du eskuduntza hori azken hogei urteetan eskatu duela Nafarroako indar politikoen gehiengoak, eta zehaztu du Jose Mari Aznar Espainiako presidente zela hala hitzartu zuela horrek ere Miguel Sanz Nafarroako presidentearekin.

Marlaskak gaineratu du behar eta aukera tekniko eta ekonomikoak aintzat hartuz pixkanaka hartuko duela Nafarroak trafiko eskuduntza hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.