Kazetaria

Amparo Lasheras: «Marotoren jarrera orain azaleratu den faxismoaren aurrerapen bat izan zen»

Gora Gasteiz plataformak hiria dinamizatu zuen 2015eko udal hauteskundeen aurretik, Javier Marotoren mezu xenofoboen aurka. Funtsezkoa izan zen PPko hautagaiak alkate izaten jarrai ez zezan.

Amparo Lasheras. SAREAK
Amparo Lasheras. SAREAK
xabier martin
2025eko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko eta Euskal Herri osoko dozenaka eragile ezagunetako bat izan zen Amparo Lasheras kazetaria Gora Gasteiz herri plataforman. Orduko giroa hirian «oso arriskutsua» bihurtu zela gogoratu du.

Marotoren azken legealdiaren amaieran nola zegoen Gasteiz arlo sozialari dagokionez?

Legealdi osoan, Marotok obsesioa izan zuen diru laguntzak zirela eta, eta haiek etorkinekin lotzen zituen etengabe. Orain ere gertatzen da: desberdina dena da beti erruduna. Gauzak oso itsusi bihurtzen ari ziren; indarkeria sumatzen zen kalean, eta bazirudien arrakala bat sortuko zela Marotok hauspotutako diskurtso arrazisten eraginez. Gasteiz ez da sekula arrazista izan.

Giro horri aurre egiteko, Gora Gasteiz sortu zen. Nola gogoratzen duzu hura?

Ez nizuke esango norena izan zen ekimena, baina hiriko zenbait eragile sozial hasi ziren, eta, azkenerako, lortu zuten hainbat ildok bat egitea zer gertatzen ari zen salatzeko. Eskuineko diskurtso xenofoboari aurre egiteko sortu ginen. Ez zegoen alderdi politikoen siglarik han, nahiz eta zenbait alderdi eta sindikatutako militanteak egon. Gizarte zibila zen gakoa Gora Gateizen.

Aurpegi ezagun askok eman zuten izena plataforman.

Bai, Gasteiz eta Araba osoko pertsona ezagun ugari egon ziren, diziplina desberdinetakoak. Unibertsitateko irakasleak, musikariak, kirolariak, kristau foroetako aktibista sozialak... Gasteizko alkate ohi Jose Angel Cuerda ere batu zen taldera. Talde oso plurala izan zen, dudarik gabe. Hiri ereduari dagokionez, iritzi desberdinak izango zituzten, seguruenera, baina argi izan genuen denok Marotoren ekimen horri muga jarri behar zitzaiola.

Marotok ez zuen eten etorkinak diru laguntzekin lotzeko estrategia hori, ordea.

Alderantziz: 2015eko udal hauteskundeak gerturatu ahala, indartu egin zituen adierazpenak. Gotortu egin zen diskurtso xenofobo horretan, eta jende asko, ez halabeharrez ezkerrekoa, nekatzen hasi zen horrelako estrategia arriskutsuak ikusteaz. Gutxika hasi zen Gora Gasteiz; bilera batzuk, batzar handiagoak, prentsaurreko bat, eta, azkenerako, egitasmo oso zabalak egitea lortu genuen, askotariko jendearekin, denok batera, etorkinen aurkako erasoa salatzeko. Orduan ez genuen faxista hitza erabiltzen, baina Marotoren jarrera orain azaleratu den faxismoaren aurrerapen bat izan zen.

Marotok hauteskunde horiek irabazi zituen, eta aurreko emaitzak baino hobeak lortu.

Hauteskundeei buruzko inkestek ere islatzen zuten hori. Mezu arrazistak baditu bezeroak, baina Gasteizen askoz ere jende gehiago zegoen arrazakeriaren aurka. Gora Gasteizek agerraldi bat egin zuen alderdiei batasuna eskatzeko eta horrela Marotok agintean ez segitzeko, eta horrela abiatu zen handik gutxira aldaketa. Gorka Urtaran alkate izendatzeko akordioa zegoela jakin zenean, eta hura izendatu ondoren, festa handia egon zen Andre Maria Zuriaren Plazan; askapen modu bat izan zen Maroto kanporatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.