Pandemiaren eta azken hilabeteotako konfinamenduaren eraginez, aurrez antolatuak zituen egitasmoak bertan behera utzi ditu 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, baina uztailaren 8ko ekitaldiari eutsiko dio, modu berezian bada ere. 42 urte beteko dira orduko polizia armatuek German Rodriguez hil zutenetik, eta, aurten, asteazkenean, 11:00etatik 13:00etara, krabelin gorriak jartzera deitu du. Deialdi horrekin bat egin dute kultura munduko, sanferminetako eta Iruñeko hainbat gizarte mugimendutako eragileek.
Ekitaldian Rodolfo Martin Villa 1978an Barne ministro zena epaitzeko mezua egingo dute. Ekitaldiaren bukaeran, bertsolari batek esku hartuko du, eta aurresku bat dantzatuko da German Rodriguez eta Joseba Barandiaranen omenez —German Rodriguezen hilketaren aurkako protesten hurrengo egunetan erail zuten—, bai eta «polizia eraso kriminal eta bereizi gabeko hartan zauritutakoen omenez ere». Ondoren, agiri bat irakurriko da.
Egun horretan, 22:00etan eltzeekin protesta egitera ere deitu du 78ko Sanferminak Gogoan taldeak.
Gaur egun, Argentinako kereilan Inputaturik dago Martin Villa, eta espero dute lehen urratsa izatea trantsizio garaiko eta frankismoko krimenekin egon den zigorgabetasuna ezerezean gera dadin. «Espainiako Gobernu utzi egin behar dio prozesu honi oztopoak jartzeari, eta bultzatu egin behar du 1968ko Sekretu Ofizialei buruzko Legea eta 1977ko Amnistiari Buruzko Legea indargabetzea», adierazi dute.
78ko Sanferminak Gogoan taldeak bat egin dute Iruñeko udal batzan EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik bultzatutako ekinbidearekin. Mozio batean, bat egin dute Argentinako kereilan Servini epailearen jardunbidearekin, eta Martin Villak gaurdaino jasotako ohoreak eta dominak kentzea galdegin dute.
Peñen jarrera txalotu dute. Peñen federazioak ez du jaietan ekitaldi bakar bat egingo, pandemiaren eraginez. Aurreko urteetan, 13:00etako omenaldiaz gain, arratsaldeko zezenketen ostean Rodriguezen omenezko kalejira egiten zen. Aurten, «zerbait berezia» egiteko asmoa dute, 20:00etan.