Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldea berregituratu du, «arreta modernizatzeko»

Gontzal Tamayo Medel izango da sailburuordea, eta Lorea Bilbao Artetxek hartuko du Osakidetza gidatzeko ardura. Antolakuntza eta teknologia modernizatzeko erronkari helduko dio talde berriak.

Martinez sailburuak —ezkerrean— harrera egin die arduradun berriei, Gobernu Kontseiluaren ostean. BERRIA
Martinez sailburuak —ezkerrean— harrera egin die arduradun berriei, Gobernu Kontseiluaren ostean. BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko uztailaren 22a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alberto Martinezek iazko ekainean hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila gidatzeko ardura, Imanol Pradales lehendakariak Eusko Jaurlaritza eratzean, eta hamasei laguneko talde bat osatu zuen bere inguruan. Bada, gaur iragarri du antolaketa aldatuko duela izenei eta zereginei dagokienez, «arreta modernizatzeko eta herritarrentzako eta profesionalentzako kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko».

Gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean eman ditu xehetasunak Martinezek. Kontatu du lehen urtea «premiazko erronkei» aurre egiteko eta etorkizuneko osasun sistema publikoaren oinarriak ezartzeko izan dela; behin etapa hori bukatuta, «asmo handiko» plan bati ekiteko garaia heldu dela iragarri du. «Herritarrek, pazienteek, osasun arloko eragileek eta profesionalek seinale argiak bidali dizkigute, eta ez diot izkin egingo ardurari. Eraldaketa prozesuak azkartzeko garaia da». Osasun sistema publiko «moderno, berritzaile eta digital» bat desio du, «pertsonengan» zentratuko dena eta «iraunkortasuna» eta «eraginkortasuna» ardatz izango dituena. Horretarako «ikuspegi estrategiko berrietan» oinarritutako lidergoa behar dela argudiatu du.

Tartean, sailburuordea kargutik kendu du. Orain arte Enrique Peiro izan da Martinezen albokoa, baina aurrerantzean Gontzal Tamayo Medel izango da. Anestesista da, eta, besteak beste, osasun kudeaketako graduondokoa du. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren barruko Osasun Sailaren Plangintzako zuzendari ziharduen. Eraldaketa digitalean «erreferente bat» dela esan du sailburuak. «Euskal osasun sistemaren berrikuntza gidatu beharra kontuan hartuta aukeratu dira profil berritzailea eta gaitasun handiko lidergoa, emaitzetara eta etengabeko hobekuntzara bideratutako ikuspegia erabilita». Osasun sailburuordetzari izena aldatu diote, hain justu: hemendik aurrera, Osasun Arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzak izango da. «Funtsezko zutabea da euskal osasun sistema eraldatzeko, Osasun Sailak modernizazioarekin, eraginkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa sendotuz, eta osasun arretan eta herritarren ongizatean etorkizuneko joerak markatuko dituen erreferente gisa kokatuz».

Peiro aurrerantzean ere «gertu» edukiko duela adierazi du sailburuak. «Lotura estua izango dugu. Bere lanpostua Osakidetzan dago, eta horra itzuliko da. Gainera, adiskideak gara». Esker oneko hitzak izan ditu harentzat —«lan ezin hobea egin du»—, eta gogoratu du aurreko sailburuentzat ere lan egin duela.

Tamayorekin batera, eraldaketa aurrera eramateko ardura izango du aurrerantzean Ines Gallego Camiñak. Orain arte Gurutzetako Ospitaleko Berrikuntzako zuzendariordea izan da, eta Osasun Sailera jauzi egin du. «Errefortzu kualitatiboa da, ikuspegi teknikoa eta giza ikuspegia dituelako eta euskal gizartearen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa dituelako». Analisiaren, Plangintzaren eta Herritarren Parte Hartzearen Zuzendaritzaren buru izango da. Osasun mahaia dinamizatu du, esaterako.

«Herritarrek, pazienteek, osasun arloko eragileek eta profesionalek seinale argiak bidali dizkigute, eta ez diot izkin egingo ardurari. Eraldaketa prozesuak azkartzeko garaia da» 

ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordetzak Osasun Arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko Sailburuordetza izena hartu du. «Aldaketa hori osasun itunaren ondorioei dagokie, hain zuzen, erronka eta konpromiso berriei aurre egiteko». Aritz Uriarte Fuertesek hartuko du ardura. Ez da osasun arloko profesionala, ekonomialaria baizik. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da EHUn. Publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren auziari heldu beharko dio, besteak beste.

Osakidetzan ere, aldaketak

Osakidetzako zuzendari nagusia Lore Bilbao Artetxe izango da, Susana Lopez Altunaren ordez. Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordea izan da azken urtebetean, eta osasun ituneko agerraldietan eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeetan bozeramaile izan da. Haren «zorroztasuna» eta prozesuak «optimizatzeko» gaitasuna goraipatu ditu sailburuak, eta «giza baliabideak, baliabide teknologikoak eta finantzarioak uztartzeko ahalmena» nabarmendu du.

Osakidetzaren Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuaren burua Maite Martinez de Albeniz Zabaleta izango da. Haren ardura izango dira, besteak beste, Gipuzkoako osasun poloa garatzea eta Tolosaldeko ospitale berria gauzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.