Martinezek ordezkatuko du Alba Ahal Dugu-ko idazkaritza nagusian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ren hauteskunde primarioetan gailendu da, botoen %38,27 lortuta. Albaren ustez, «alderdi indartsuago eta batuagoa» atera da prozesu horretatik

Yahcov Ruiz eta Nagua Alba, atzo, emaitzak aurkezteko agerraldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Nagua Albak badu ordezkoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkaritza nagusian. Espero bezala, Lander Martinez gailendu da idazkari nagusi berria aukeratzeko primarioetan, eta aurrerantzean hura izango da alderdiaren buru nagusia. Martinezek 910 boto lortu ditu; %38,27, alegia.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide Maria Valiente izan da bigarrena, botoen %32,76 lortuta, eta hirugarrena, berriz, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide Neskutz Rodriguez (%16,9). Gainerako hautagaiak askoz atzerago gelditu dira: Asun Merinero (%7,65), Rafael Garde (%3,78) eta Manuel Garcia Alfaro (%0,63).

Idazkari nagusi berriaz gain, Herritar Kontseilua eta Berme Demokratikoen Batzordea ere aukeratu dituzte Ahal Dugu-ko kideek. Herritar Kontseiluari dagokionez, hura osatzen duten 39 kideetatik 34 Ahal Dugu-ren zerrendetan erroldatutakoek hautatu dituzte, beste lau zirkuluek aukeratu dituzte, Ahal Dugu-ren egoitzetan egindako bozketetan, eta azkena idazkari nagusia da.

Erroldatutakoek aukeratutako 34 horietatik hamazazpi Lander Martinez buru zuen Guztiok Bat zerrendakoak dira, hamalau Denontzat zerrendakoak —Maria Valienteren zerrenda—, eta hiru Neskutz Rodriguez buru zuen Zurekin Martxan zerrendakoak.

Hauteskunde prozesuaren arduradun Yahcov Ruizek esan duenez, bozetan 2.440 kidek parte hartu dute, hots, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ren zerrendetan ageri diren kide guztien %23,47k, eta prozesuan parte hartzeko izena eman zutenen %72,49k.

Kideek aukeratutako zerrendari «neurri zuzentzailea» ezarri ohi diote, ziurtatzeko Kontseiluan genero berdintasuna bermatzen dela. Ruizek esan duenez, oraingoan ez da beharrezkoa izan neurri zuzentzaile hori ezartzea, berez eta «modu naturalean» gizonezkoak baino emakume gehiago hautatu dituztelako Herritar Kontseilua osatzeko.

«Antzeko argazkia»

Emaitzok aurkezteko egindako agerraldian, orain arteko idazkari nagusi Nagua Albak zoriondu ditu prozesuan parte hartutako guztiak, horren «gardentasuna» nabarmendu, eta erantsi du prozesuak Ahal Dugu-ren «aniztasuna eta batasuna» jarri dituela agerian. Dena dela, Albaren ustetan, egoera ez da asko aldatu azken hauteskunde primarioak egin zituztenetik: «Lehenengo eta bigarren hautagaien arteko aldea aurrekoetan baino handiagoa izan da, baina, oro har, alderdiaren argazkia oso antzekoa da», esan du.

Albaren hitzetan, primario hauetatik «alderdi indartsuagoa eta batuagoa» atera da, «betiere ezaugarritzat dugun aniztasunaren barruan», eta orain «prestatuago» daude hurrengo erronkei heltzeko: 2019ko foru eta udal hauteskundeak eta, batez ere, 2020an «Euskadin gobernu aurrerakoia egon dadin» lortzea.

Aurrerantzean, idazkari nagusi izateari utziko dio Albak, baina lanean jarraitzeko prest agertu da, batez ere Espainiako Kongresuan —Gipuzkoako ordezkari da han— eta, alde horretatik, «laguntza osoa» eskaini dio zuzendaritza berriari. «Ardura handia hartu dute», esan du Albak, «baina gehienak ezagutzen ditut, badakit aukerarik onena direla eta ziur nago oso ondo egingo dutena. Arduraren aurrean ez kikiltzeko esango nieke».

Bihar egingo du Herritar Kontseilu berriak lehenengo bilera, Gasteizen. Amaitutakoan, Martinezek agerraldia egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.