GERNIKAKO ESTATUTUA

Martxorako hiru eskumen emango dizkio Madrilek Jaurlaritzari

Otsailaren 20an berriro batzartuko dira bi gobernuak, transferentzien egutegi osoa adosteko.

Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, gaurko bileran.
jon olano
2020ko otsailaren 5a
14:19
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua gaur batzartu da Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin, 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen transferentziaz hitz egiteko. Bi gobernuen arteko lehen bilera instituzionala izan da, 12:00etan, Madrilen.

Erkorekaz gain, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea eta Tatiana Gonzalez Kabineteko zuzendaria joan dira batzarrera. Espainiako Gobernuaren aldetik, Dariasek Francisco Hernandez Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu idazkaria eta Jose Moya Kabineteko zuzendaria izan ditu alboan.

Transferentzien arloan, Dariasek jakinarazi du hiru eskumenen transferentzia gauzatuko dituztela martxoan zehar: Farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua eta lan erregulazio espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak. Bi gobernuek iazko urtarrilean adostutako egutegiak hiru bloketan banatu zuen eskumenen transferentzia, eta gaur iragarritako hirurak lehen blokekoak dira. Horiek lantzeko, Transferentzien Batzorde Mistoa elkartuko da datorren hilabetean zehar.

Horrez gain, Dariasek iragarri du otsailaren 20an beste bilera bat egingo dutela, Bilbon, «eskumen guztien kronograma» adosteko. Jaurlaritzako iturriek ere baieztatu dute estatutua «osorik» betetzeko egutegi bat jasoko dutela.

Helegiteez, datorren asterako lanean

Bestalde, eskumen gatazkei lotutako hiru helegite indargabetzea ere bazen Jaurlaritzaren asmoa, eta Dariasek adierazi du lantaldeak beharrean hasiko direla datorren astean, eskumen gatazkei lotutako helegiteak konponbidean jartzeko.

Hiru helegite daude Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Bi, euskal erakundeek emandako arauen kontrakoak —Polizia Legearen erreforma eta Merkataritza Gune Handien Lurralde Antolaketarako legea—, eta, bestea, Espainiako Gobernuaren Segurtasun Digitalari buruzko Errege Dekretua —155 digitala esan izan zaiona; horren arabera, gobernuak baliogabetu egin ditzake sareko domeinuak eta komunikazio zerbitzuak, badaezpadako neurri gisa—.

Dariasek eskerrak eman dizkio Erkorekari, haren jarreragatik. Erkorekak, berriz, nabarmendu du bilera «positiboa, emankorra eta alde askotatik itxaropentsua» izan dela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek eskumenei buruzko negoziazioetan izan dezaketen eraginaz galdetutakoan, berriz, Erkorekak azaldu du bozen data ezartzeko dagoela baina, horietara deituta ere, ez dutela oztoporik izango hauteskundeetara bitartean akordioak lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.