Maryse Cachenaut: «Espero dugu heldu diren asteetan Bouyguesek amore emanen duela»

Bouygues higiezin promotorearen Baionako egoitzaren aitzinean ehun pertsona inguru bildu dira Marieneako lurretako proiektua bertan behera utz dezan galdegiteko. Ipar Euskal Herriko hautetsi «franko» proiektuaren kontra direla nabarmendu dute.

Bouygues higiezin promotorearen egoitzaren aitzinean egin elkarretaratzea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Bouygues higiezin promotorearen egoitzaren aitzinean egin elkarretaratzea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko urriaren 24a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Marienea ez hunki» oihuen artean, ehun bat lagun elkartu dira Bouygues Immobilier higiezinen promotoreak Baionan duen egoitzaren aitzinean. CADE, Lurzaindia, ELB eta Ostia kolektiboko kideek Marienea ez hunki mezua zeukan zurezko panel batekin eta Kanboko lurretan (Lapurdi) eman ardiekin egin dute ekintza. «Bouyguesek ez badu proiektua gelditzen, herri erresistentzia izanen du aitzinean».

Maryse Cachenaut Lurzaindiako eledunak hartu du hitza lehen-lehenik, eta kontatu du hamar urteko «borroka» judizialaren ondotik errekurtso posible «guziak» eman dituztela CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldearen bidez. Nahiz eta proiektuaren bukaera haiek nahi zuten bezala ez kausitu, bide juridikoak proiektuaren kontrako argudioak plazaratzeko balio izan duela erran du, eta gainera hautetsiak sentsibilizatzeko bidea atzeman dutela nabarmendu du.

Izan ere, aurten, Marienia gunean egitekoa zuten higiezin proiektuaren kontrako posizionamenduek «bihurgune» bat markatu dutela nabarmendu du. «Kanboko Herriko Etxeko gehiengoa aldatu da eta proiektuaren kontra posizionatzen da egun. Euskal Hirigune Elkargoko hainbat hautetsik Marienea laborantza lurra izan dadin nahi dute». Ondorioz, Bouygues eta lurren jabeak proiektua segitu nahi duten bakarrak dira egun. «Ahulduak» direla azpimarratu du Cachenautek, eta proiektua gelditzeko tenorea heldu zaiela aldarrikatu du. «Espero dugu amore emanen dutela heldu diren asteetan. Proiektua ahal bezain fite gelditu behar da».

(ID_16566427) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-10-24, Baiona.ELB, Lurzaindia, Ostia eta CADEko Bouygues Inmobiliaria agentzia bate...
Maryse Cachenaut Lurzaindiako eleduna, Bouyguesen egoitzaren aitzinean: PATXI BELTZAIZ

Elkarretaratzea egiteaz gain, higiezin enpresari gutun bat idatzi diote. Hura irakurri dute kolektiboko bi kideek, gatazkaren parametroak aldatu direla kontatuz. Proiektuaren kontra egiteko herri mobilizazioa «indartu», eta jendearen atxikimendua «azkartu» dela erran dute. Higiezin agentziari jakinarazi diote bakar-bakarrik «tematzen» ari dela proiektuarekin. «Kanboko Herriko Etxeak idatzi behar duen PLUi-an [Herriarteko Tokiko Hirigintza Plana] Marieneako lurrak laborantza lur bihurtzeko xedea du, eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi franko proiektuaren kontra dira. Ordua da gibel egin eta publikoki adieraz dezazuen».

Gutuna egoitzako postontzian sartu, eta honela finitu dute elkarretaratzea. «Aitzina eginez gero zurrunbilo batean sartuko litzateke Bouygues, oposizioak eta herri erresistentziak irmoki segituko baitu proiektua bertan behera utzi arte. Hauxe da helarazi nahi diogun mezua gaur Baionako egoitzaren aitzinean».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA