Bortz hilketa matxista, ostatuetan emakumeak grabatzeko kamerak jarri izana, emakumeen irudiak zabaltzeko foroak erabili izana eta egunero salatzen diren eraso matxistak. Horiek guztiak gogoan izan dituzte gaur Itaiak Iruñean egindako mobilizazioan, eta argi erran dute: «Egoera larria da». Hori ikusirik, baina, matxismoaren kontrako borroka indartuko dutela berretsi dute, hori delako, haien erranetan, «zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren alde» egiten dutenen «ezinbesteko eginbeharra». Bi ildotan eginen dute: batetik, matxismoaren kontrako «mugimendu indartsu bat» eratuz, «kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua»; bertzetik, eraso matxista guztiei erantzunez, «indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normaliza ez daitezen».
Iruñean, Udaletxe plazatik abiatu dira ehunka lagun, eta Alde Zaharrean barna egin dute aurrera. Euskal Herriko bertze lau hiriburutan —Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen— eta 21 herritan ere egin dute protesta. Bandera gorriak eskuan, bortizkeriaren kontrako aldarriak izan dira nagusi ibilbidean zehar, eta hori berretsi dute hondarreko mintzaldian: «Guretzat, lehentasun politikoa da matxismoa amaitzeko bide orria garatzea». Azaldu dute borroka horretan emakumeek eta, oro har, langile klaseak «agente aktibo» izan behar dutela, eta dei egin dute indarkeria matxistaren kontra borrokatzera, «norabide sozialista argi batekin».
Izan ere, salatu dute instituzioak eta alderdi politikoak bortizkeria hori «kudeatzera» mugatzen direla, gero eta baliabide gutxiagorekin, eta emakumeen babesa bermatu gabe. Adibideak jarri dituzte: urruntze aginduen urraketak; prozedura burokratiko amaigabeak; erasotzailea seinalatu beharrean, emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzea...
Etxebizitza ere hizpide izan dute, eta gogoratu erasoak jasaten dituzten emakumeei ez dietela «kalitatezko etxebizitza alternatibarik» bermatzen: «Askori aterpetxe edo etxe partekatuak eskaintzen dizkiete, zenbaitetan, gainera, gizonezkoekin partekatu behar dituztenak; edota babes etxeetatik kanporatzen dituzte». Emazteki horien babesa bermatzeko borroka eginen dutela erran dute, «kalitatezko etxebizitza bermatzeko eta haien ongizaterako beharrezkoak diren baliabide profesionalak eskuratzeko».
«Egiturazko zapalkuntza»
Testuinguru politikoa ere hizpide harturik, erran dute faxismoaren gorakada nabarmena dela: «Argi eduki behar dugu faxismoa emakume langilearen aurkako proiektua dela». Izan ere, ukatu egiten du emakume langileek jasaten duten «egiturazko zapalkuntza», eta zapalkuntza horretan sakontzeko neurriak proposatu, Itaiaren erranetan: «Indarkeria matxistaren aurkako legea deuseztatzea edo abortatzeko eskubidea ukatzea, adibidez».
Antolakundearen erranetan, faxistek «asmo argiak» dituzte: emakume langileak «deshumanizatu eta zapaltzea». Hori ikusirik, berretsi dute aurre eginen diotela faxismoaren normalizazioari: «Ez diegu indartzen utziko gure aurkako diskurtso eta neurri horiei: aurrean izango gaituzte!».

