Max Brisson eta Denise Saint Pe senatariak «minbiziaren aliatuak» direla salatu dute

Cancer Colere kolektiboak prentsaurrekoa eman du Brisson senatariaren lokalaren aitzinean. Salatu dute herritarrak eta laborariak «lanjerean» ezartzen dituen lege bat bozkatu dutela bi senatariek.

Armelle Gomez Cancer Colereko kidea mintzo, gaur, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Armelle Gomez Cancer Colereko kidea mintzo, gaur, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2026ko abuztuaren 29a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ba al dakizue minbizia dela-eta eri den baten tortura fisikoa eta psikologikoa zer heinetakoa den? Ba al dakizue zer senti dezakeen astean 90 oren lan egiten duen eta gutiengo lansaria baino gutiago ukaiten duen laborari batek jakiten duelarik familiako kide batek edo berak minbizia duela?». Horrela hasi dute prentsaurrekoa gaur goizean Cancer Colere kolektiboko kideek, Max Brisson senatariaren lokalaren aitzinean, Miarritzen (Lapurdi). Hain zuzen ere, Pirinio Atlantikoetako senatari Brissonek eta Denise Saint Pek laborantza larrialdiaren legearen alde bozkatu izana salatu dute minbizia duten, izan duten edo hurbileko bat hark jorik galdu dutenen herritar talde horrek.

Uztailaren 21ean laborantza larrialdiaren legea onartuta, Duplomb legearekin lortu ez zutena kausitu zuten. Iaz, porrot egin zuen lege hark, baina aurten Frantziako eskuinak eta zentroak lortu dute azetamiprid eta flupiradifurona pestizidak berriz erabiltzeko aukeraz bozkatzea: 296 diputatuk egin zuten alde, eta 224k kontra. Hala, bi pestizidak laster erabiltzen ahalko dituzte berriz Ipar Euskal Herriko laborariek ere.

Hori salatzeko ez ezik, Brisson (LR) Errepublikanoak alderdiko senatari lapurtarrak eta Denise Saint Pe (UC) Batasun Zentrista taldeko senatari bearnotarrak legearen alde bozkatu izana deitoratu du Armelle Gomez Cancer Colereko eledunak. «Biziki kexu gara, hemengo bi senatarik laborariez trufatzen den lege horren alde bozkatu baitute. Ahalkegarria da! Nolaz bozka dezakete herritarrak eta laborariak lanjerean ezartzen dituen lege bat?».

«Biziki kexu gara, hemengo bi senatarik laborariez trufatzen den lege horren alde bozkatu baitute. Ahalkegarria da! Nolaz bozka dezakete herritarrak eta laborariak lanjerean ezartzen dituen lege bat?»

ARMELLE GOMEZ Cancer Colereko kidea 

Gomezek ohartarazi du Pirinio Atlantikoetako senatariek laborariak «geroz eta pobreago» bihurtzeko sistema bat elikatzen dutela eta, are gehiago, laborantza industrialaren alde egiten dutela ere bai. «Ekoizle independenteak hiltzea nahi dute, FNSEA sindikatuaren eta etxalde industrialen zerbitzuko». «Kulpabilitate eta ahalke ahalik eta sakonena senti dezatela bi senatariek», gehitu du Gomezek, haserre.

(ID_16395850) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-08-29, Miarritze.\
Cancer Colereko kideek egin pankarta, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ

Minbiziari buruzko datu kezkagarriak emanez segitu du hitzaldia. Frantziako Osasun Agentziaren datu batzuk eman ditu, eta zehaztu 1990 eta 2023 bitarte 50 urte baino gutiagokoen minbizi kasuak %80z igan direla. Ez hori bakarrik, The Lancet aldizkari zientifikoaren arabera, Frantzia bigarren lekuan da minbizia izateko arriskua duten herrialdeen artean.

Gainera, salatu du Frantzia dela pestizidak erabiltzeko baimen berezi gehien ematen duen herrialdea: aurten 83, haien hitzetan. Ondorioz, Brissonek eta Saint Pek herritarrak «pozoitzen eta sendatzen» dituzten lobbyen alde egiten dute, adierazi duenez. «Lobby horiek pestizidak saltzen dizkiete laborariei, baina horiek berek dituzte pozoituriko pertsonen tratamenduak ontzen». 

Laborantza biologikoa da aterabidea 

Kolektiboko bertze kide batek, Edouard Exilar laborariak, laborantza konbentzionaletik biologikora pasatzeko erabakia hartu zuen 6 urteko alaba minbiziak jorik hil zitzaiolarik. «1991n hasi nintzen laborari gisa, eredu konbentzionalean. 25 urtez hala ari izan nintzen, baina ondotik biologikora pasatu, ene 6 urteko alaba minbiziarengatik hil baitzen. Garai hartan, Bordeleko ospitalean minbizia zuten 35 eri ziren, eta bostek bakarrik atera ziren bizirik», kontatu du. 

«Laborantza biologikoa hil nahi dute, eta, gainera, badakite gorputz eriak errentagarriak direla. Noiz arte segituko dugu manera horretan? Familia bakoitzean haur batek minbizia ukan artio?»

EDOUARD EXILAR Laboraria eta Cancer Colereko kidea

Baina nabarmendu du laborantza biologikoa ez dela aski lagundua. Laborantza sistema industrialak «zapaltzen» du, eskuin muturreko hedabideek etengabe «zikintzen» dute sail biologikoan ari diren laborarien irudia, eta, gobernuek ez dutenez laborantza eredu hori sostengatzen, laborantza biologikoan ari diren «geroz eta laborari gehiago» konbentzionalera itzultzen ari dira, azpimarratu duenez. «Sistema osoki aldatu beharko litzateke, eta janari biologikoari BEZik ez aplikatu, adibidez. Laborantza biologikoa hil nahi dute, eta, gainera, badakite gorputz eriak errentagarriak direla. Noiz arte segituko dugu manera horretan? Familia bakoitzean haur batek minbizia ukan artio?».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA