Osakidetzak Europako Batasunetik kanpoko mediku eta erizainak kontratatuko ditu, langile falta konpontzeko

Espezialitate bat «defizitariotzat» jotzen dutenean, nazionalitate betekizuna salbuetsiko dute. Hala ere, hura betetzen dutenek izango dute lehentasuna.

Osakidetzako osasun zentroa
Osakidetzaren osasun zentro bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urtarrilaren 3a
15:00
Entzun

Osakidetzak medikuen eta erizainen hautaketa prozesuetarako neurri berri bat argitaratu du gaur EAEko Aldizkari Ofizialean: aurrerantzean, aldi baterako hautaketa prozesuetan, mediku eta erizain kategoria batzuetarako hautagaiek ez dute Europako Batasuneko nazionalitatea eduki beharko, salbuetsi egingo baitituzte. Noiz? Lanpostu horiek «defizitariotzat» edo «betetzeko zailtzat» jotzen badituzte. Horrelakoetan, Europako Batasunetik kanpoko langileek izena eman ahalko dute aldi baterako hautaketen prozesuetan.

Espezialitateak langile faltagatik, arrazoi geografikoengatik edo urtaroei lotutako arrazoiengatik jo ahal izango dituzte «defizitariotzat». Horretarako, ezarritako lau irizpideetako bat bete beharko dute gutxienez. Lehenengoa: «Espezialista kategoria jakin eta zerbitzu erakunde baterako onartutako lantaldearen eta zerbitzuak ematen ari diren benetako langileen arteko desfasea» izatea. Paziente ratioak gehiegizkoak izatea da bigarren irizpidea. Eta hirugarrena teknologia berrien sartzearekin dago lotuta. Horiek erabiltzeak lan karga handitzen badu eta langileek behar gehigarriak badituzte, nazionalitate betekizuna salbuetsita geratuko da. Azkenik, Espainiako nazionalitatea duten aldi baterako langileekin zein langile finkoekin lanpostuak betetzen ez badituzte, atzerritarrak onartuko dituzte.

Osakidetzako administrazio kontseiluak erabakiko du espezialitateak «defizitariotzat» jo edo ez, eta ea horiek «premiaz bete behar diren». Osakidetzak zehaztu du neurri hau «aldi baterakoa» dela; gutxienez urtean behin berrikusiko dute.

Hautaketako prozesuetan izena emateko, herritarrek titulua homologatuta izan beharko dute. Gaur-gaurkoz, Espainiako Gobernuaren eskumena da hori, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren eskaeretako bat izan eskumen hori eskualdatzea. Jakina da, gainera, tituluak homologatzeko prozesu burokratikoak nahiko luzeak izaten direla atzerritarrentzat, eta urteak igaro ditzaketela hura lortu arte.

Nahiz eta titulu homologatua aurkeztu, lehentasuna izango dute Europako Batasuneko nazionalitatea dutenek. «Berme handiagoa izateko», xedapenak adierazi duenez, «Europako Batasunaz kanpoko norbait izendatzeko edozein eskaintza egin aurretik», egiaztatu beharko dute ez dagoela nazionalitate betekizuna betetzen duen langilerik, aldi baterako kontratazioko zerrendetan sartuta egon zein ez.

55 kontratazio zerrenda

Osakidetzak 55 espezialitatetan bilatuko ditu mediku eta erizain atzerritarrak. Hain zuzen, medikuei dagozkie 52 kategoria. Besteak beste, psikiatrian, pediatrian, larrialdietan eta ospitaleko larrialdietan behar dituzte profesionalak. Beste hirurak erizainen espezialitateak dira: lan osasuneko erizainak, osasun mentalekoak eta emaginak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.