Oraindik ere ez aurrera ez atzera dago medikuen gatazka Hego Euskal Herrian, eta, oraingoz, sendagileek asmoa dute protestan segitzeko. Atzo ziren biltzekoak Espainiako Osasun Ministerioa eta greba batzordea, baina medikuen sindikatuek uko egin zioten Gaixoen Erakundeen Plataformak bitartekaritza lanak egiteari, eta, azkenean, bertan behera utzi zuten bilera.
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako osasun buruek martxoaren 27an erabaki zuten bitartekaritza hori martxan jartzea gatazka bideratzeko asmoz; negoziaziorako esparru «neutral» bat izan zedin egin zuten proposamena, «elkarrenganako konfiantza giro bat sortzeko eta elkarrizketan oinarrituriko konponbide bat bideratzeko», adierazi zutenez. Haatik, Medikuen Espainiako Sindikatuen Konfederazioa buru duen greba batzordeak argudiatu du bitartekaritza hori ez dela «neutrala», eta organismoa ez dela aditua lan gatazkak negoziatzen. Horrenbestez, bitartekaritza hori baztertzea erabaki dute.
Sendagileen greba batzordeak ezezkoa eman ondotik, Gaixoen Erakundeen Plataformak sindikatuei leporatu die bere «gaitasuna, neutraltasuna eta legitimitatea» zalantzan jartzea, eta gogorarazi du pazienteak direla kaltetu nagusiak gatazka honetan. Hedabideei igorritako oharrean, plataformak esan du «zuhur eta errespetuz» jokatu duela auzian, eta berretsi laguntzeko prest dagoela.
Atzo egin behar zuten bilera bertan behera geratu ostean, Espainiako Osasun Ministerioak iragarri du beste bilera batera deituko duela astelehenerako, eta sindikatuek esan dute joango direla batzar horretara. Hala ere, eta gatazka konpontzen ez den bitartean, medikuek mobilizatzen jarraituko dute, adierazi dutenez. Hurrengo greba egunak apirilaren 27ko asterako antolatuak dituzte. Hala, eskari nagusiak berretsi dituzte: estatutu marko propioa izatea, negoziazio mahai espezifiko bat sortzea, lan baldintzak hobetzea eta lanaldia murriztea, besteak beste.
Gaur goizean, bilera telematikoa
Abagune horretan, bilera telematikoa egingo dute gaur goizean Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoetako osasun arduradunek, Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan. Medikuen grebaz gain, osasun sistemaren hainbat erronka aztertzeko asmoa dute. Besteak beste, eutanasia arautzen duen legearen aplikazioa hobetzeko neurriak aztertuko dituzte; helburua da administrazio prozedurak argitzea eta autonomia erkidegoen arteko desberdintasunak murriztea, prozesuak arintzeko.
Era berean, hizpide izango dituzte zaintza aringarrietarako 2026ko estrategia, gaixotasun arraroen erregistroaren eguneraketa eta osasun publikoaren kudeaketari buruzko lege aurreproiektua. Gaixotasun kronikoen arloan, giltzurrun gaixotasun kronikoa goiz detektatzeko plan bat aurkeztuko dute.
OPAren elkarretaratzeak
OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak mobilizazioak egingo ditu gaur Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Osakidetzaren «propaganda», murrizketak eta pribatizazio politikak salatu nahi dituzte, eta baita hizkuntza eskubideen urraketak ere. Halaber, «benetako konponbideak» eskatuko dituzte Osakidetzak dituen egiturazko arazoei aurre egiteko.
Plataformaren arabera, «ez da onargarria egoera hau normalizatzea». Osasun publikoa «guztiona» dela nabarmendu dute, eta egungo egoera konpontzeko irtenbideak behar direla.Â
Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkaritzan egingo dute protesta, 12:00etan; Donostian, Gros auzoko osasun etxean, 11:30ean; eta Gasteizen, Olarizuko anbulatorioan, 18:30ean.