Melgosa, Ceutako krisiaz: «Besteok ordaindu behar al ditugu Marokok egin ez dituen etxeko lanak?»

«Migrazio gaietarako eskumen handiagoa» eskatuko dio ortzegunean Elma Saiz Espainiako Migrazio ministroari, argudiatuta «saturazio mailara» iristen ari dela egoera.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua. IREKIA
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua. IREKIA
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 28a
16:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskadi eta beste autonomia erkidego batzuk ezin dira egoera geopolitikoaren erantzule egin». Halaxe erran du gaur Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Ceutako krisiari buruz aritu da solasean, eta salatu du «migrazio plan estrategiko baten beharrean» daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; are, «saturazio mailara» iristen ari dela egoera. Sailburua heldu den irailaren 3an biltzekoa da Elma Saiz Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroarekin, eta, esplikatu duenez, EAEko erakundeek «migrazio gaietan eskumen handiagoa» izatea eskatuko dio, «hala nola erregularizazio prozesuan edo Europako Migraziorako eta Asilorako Hitzarmenean».

Melgosak iritzi dio Ceutan dauden adingabeek «familiaren ondoan» egon behar dutela, eta egoera zenbat eta gehiago luzatu, gazteak «orduan eta zaurgarriago» izanen direla. Baliabideetan jarri behar da indarra, haren ustez, baina hori ez dagokio, zehazki, Eusko Jaurlaritzari. «Besteok ordaindu behar al ditugu Marokok egin ez dituen etxeko lanak?». Bertze alde batera begiratzea leporatu dio Europako Batasunari, eta gogorarazi «hegoaldeko muga ere Europaren parte» dela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren adingabe atzerritarrei ematen zaien arretari buruz aritu da gero, eta esplikatu du «euskal eredua eredu oso ona» dela. Kopuruan dago arazoa, baina. «Askoz hobeto erantzuten da arreta emateko kopurua egokia denean, eta hemen ordena eta irizpidea jarri behar dira, bakoitzak bere betebeharrak eginda». Alegia, Eusko Jaurlaritzak migrazio eskumenak izanen balitu, «askoz ere hobeto» artatu ahal izanen lituzketela adingabeak. Espainiako Estatuari buruz ere gauza bertsua erran du, han ere migrazio plan estrategiko bat behar baita, Melgosaren irudiko. «Baina ez adingabeen egoera barne hartzen duena bakarrik. Eztabaida lasaia eskatzen du honek». Eta urrunago begiratu du: «Euskadin lan eremuan sartu beharko ditugu atzerritarrak, eta, horretarako, etorkizunean pentsatu behar da».

Espainiako Gobernuak «oso berandu» heldu dio Ceutako krisiari, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteari «behingoz hitz egin dezatela» eskatu die Melgosak. Bide batez, Eusko Jaurlaritza «laguntzeko prest» dagoela erran du, baina, deus baino lehen, erantzun bat eskatu dio Marokori. «Ez dut ulertzen Marokok zergatik ez duen erantzuten».

Mendoza, elkartasun eske

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere gai bera izan du hizpide, migrazio krisia, baina bertze ikuspuntu batetik begiratu dio. Adingabeak artatzea «eginahal kolektiboa» da, haren iritziz, eta, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiari gazteak hartzea tokatuko balitzaio, «erantzukidetasuna eta elkartasuna» erakusteko eskatu du. «Gure lurraldean dagoen edozein adingabe laguntzeko, zaintzeko eta babesteko betebeharra du diputazioak, jatorria edozein dela ere».

Gipuzkoa «elkartasun handiko lurraldea» da, Mendozaren ustez, baina baliabide «gero eta urriagoak» dauzka. Horrexegatik eskatu du erantzukizunez jokatzeko, «baina ez Gipuzkoak bakarrik, baizik eta Espainiako Estatuko lurralde guztiek».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA