Migratzaileak atxilotzearen truke polizia agenteei onurak ematea«giza eskubideen aurkakoa» da, eta «xenofobia» eragiten du. Hori adierazi zuen atzo Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jaurlaritzako kontrol saioan.
Izan ere, Irungo komisarian agertu zen agiri batek harrabotsa sortu zuen duela aste batzuk. Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatutako ohar bat zen, eta, hartan, jaiegunak eskaintzen zitzaizkien poliziei atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. Ekainaren 8an atera zen argitara oharra, eta uztailaren 1ean zen indarrean sartzekoa. Hala ere, PoliziarenEAEko buruzagitza nagusiak ordu gutxiren buruan indargabetu zuen agindua. Oharra zabaldu zuen buruari espedientea zabaldu diote, eta Melgosak adierazi du «egin zitekeen gutxienekoa» zela hori, egin zuena «burugabekeria onartezina» zelako, eta ezin zaiolako «aitzakiarik» bilatu. Era berean, «migrazioaren fenomenoa gizatiartzeko» deia egin du sailburuak. Esan duenez, migrazioaren inguruko edozein ekintzak «zorrotz» errespetatu behar ditu giza eskubideak, «gizatasuna kendu gabe». Irungo kasuan horrela jokatu ez izana gaitzetsi du, eta gehitu du «esku hartze publiko egoki baterako funtsezkoa» dela «segurtasun indarretako kideak» eta «migrazio errealitatearekin zerikusia duten langileak» trebatzea, «ez dadin antzekorik gertatu berriro».
Melgosak dio migratzaileak atxilotzearren onurak izateak «xenofobia» eragiten duela
Sailburuak Irungo gertakaria gaitzetsi du. Esan duenez, «funtsezkoa» da Polizia trebatzea etorkizunean ez dadin antzekorik gertatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu