Joan den urteko uztail bukaeran Gasteizko San Frantzisko eliza zaharberritzeko 600.000 euro jartzea onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak. Biktimen Oroimenezko Zentro bihurtu nahi zuten Zaramaga auzoko eliza, hain justu, 1976ko martxoaren 3an bortz langile hil eta ehunka zauritu zituztelako eraikin horretan mobilizazio bat egiten ari zirela. Joan den astean EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrietak Madrili eskatu zion iker zezala zer gertatu zen, agerian uzteko zein izan zen «Espainiako Estatuak sarraski horretan jokatutako rola». Pedro Sanchezen gobernuak ezezkoa eman zion, baina esplikatu zuen eginahalak eginen zituela eraikina memoria leku izendatzeko. Bada, azkenean, eliza gaur agertu da estreinako aldiz BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean memoria leku gisa.
Ikusi gehiago
«Egun ahaztezina» da Martxoaren 3a, hala dio aldizkariak, eta, horrenbertzez, gertatutakoak «herriaren oroimenean» egon behar du. Franco hil ondotik ere «langile mobilizazioen aurkako borroka legitimoa» erabiltzen zen Euskal Herrian, eta horren «adibide bat» da elizan jazotakoa. BOEren arabera, langileek «lan handia» egin zuten beren bizi eta lan baldintzak hobetzeko, eta indar polizialek «errepresio gogorrez» erantzun zuten. Horren guztiaren izenean, «ezinbestekoa» da eliza memoria toki bihurtzea.
Gaur-gaurkoz, berritze lanetan ari dira eraikinean, eta errekonozimendua egin nahi izan diote «daukan balio sinbolikoagatik, langile klasearen iruditerian duen garrantziagatik, diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren erakusgarri izateagatik, eta gertakari eta hilketa lazgarri haien erreferente izateagatik».