Manuel Fraga Iribarne ministro frankista eta Aliantza Popularreko buru izandakoaren bustoari pintura gorria bota zioten atzo goizaldean haren jaioterrian, Vilalban (Lugo, Galizia). Ekintza gogor gaitzetsi dute PPko zenbait buruzagik, eta gaur haren egiletza aldarrikatu du Gasteizko GKS Gazte Koordinadora Sozialistak, bideo baten bidez.
📍Villalba, Lugo
— Gasteizko GKS (@GKS_Gasteiz) February 22, 2026
Fraga Iribarne ministro frankistaren herria. Martxoaren 3an bost langileen erailketaren arduradun nagusietako bat izan zen
Fragaren omenezko bustoak oraindik plaza erdian jarraitzen du.
M3 borroka ez da eten! pic.twitter.com/znLoNeA7ck
GKSk gogorarazi du Fraga izan zela 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil izanaren «arduradun nagusietako bat», eta gaitzetsi egin du haren omenezko bustoak oraindik ere Vilalbako plaza erdian jarraitzea. Duela 50 urte, Espainiako Poliziak bost lagun horiek hil zituenean, Fraga Gobernazio ministroa zen.
PPk salaketa bat aurkeztuko du ekintzaren egileen aurka, eta Alfonso Ruedak, Galiziako presidenteak, erasoari buruz esan du ez dela kalte material bat soilik, «elkarbizitzari eraso zuzen bat» dela, «pluraltasun politikoari eta historiari». Sare sozialetan ere idatzi du: «Ez dituzte sinboloak errespetatzen. Ez dute Galizian lau gehiengo oso lortu zituen presidente bat errespetatzen. Euren sektarismoa soilik errespetatzen dute».
Ikusi gehiago
Fragaren bustoa 1970. urtean jarri zuten Vilalban, eta gehiagotan ere egin izan diote eraso, besteak beste, 2017ko martxoan, orduan ere Gasteizko sarraskiarekin lotuta. BNGk eskatu izan du hura kentzeko, baina oraingoan ez du babestu hari pintura bota izana, eurek «legeari jarraituta» kendu nahi baitute eskultura, ez horrelako ekintzen bidez.
Asteon Espainiako Senatuan dagoen Fragaren bustoa ateratzeko galdegin dute EH Bilduk, EAJk eta Geroa Baik beste zenbait alderdirekin batera; tartean da BNG. «Errepresioari» lotutako politikari baten «inpunitatearen sinbolo» dela adierazi dute, besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen rolagatik.