Datorren urtean Espainiak 407,2 milioi euro ordainduko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, mendekotasunaren arloko gastuei aurre egiteko; hau da, guztizkoaren erdia. Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak eman du akordioaren berri, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren ondoren. Esplikatu duenez, iazko apirilean lortu zuten hasierako akordioa, eta talde bat sortu zuten hori bideratzeko.
Sailburuarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako Ogasun eta Finantza diputatuek parte hartu dute agerraldian —haiek kudeatzen dute mendekotasunaren arloa—: Itziar Gonzalo de Zuazo, Itxaso Berroialbiz eta Itziar Agirre, hurrenez hurren. Sailburuak erran duenez, joan den urtearekin alderatuta bikoiztu eginen da datorren urtean jasoko duten diru kopurua. Zehazki, 153,3 milioi euro jaso zituzten 2024an aldundiek, 166,5 milioi euro iaz, eta 280,4 milioi euro jaso dituzte aurten. Gehitu du, gainera, akordio hori «babestuta» dagoela eta, beraz, datozen urteetan legegintzan aldaketarik egingo balitz ere horrek ez lukeela akordioan eraginik izango.
Diputatuek, berriz, akordioaren garrantzia nabarmendu dute, gero eta zaharragoa den gizarte batean gizarte politikek duten pisua azpimarratuta. Finantzaketa areagotuta, bertzeak bertze itxaron-zerrendak murriztea, sektoreko langileen baldintzak hobetzea eta mendeko direnentzako zerbitzu zorroa handitzea espero dute.