«Mendekua» salatu eta torturen egia kalera ateratzera deitu dute

«Iraina tortura salatzen dutenak atxilotzea da», esan dute 4/2014 sumarioan epaitutakoek, agerraldi jendetsuan. Manifestazioa egingo dute larunbatean, inkomunikazioa amaitzeko

Gonzalez, Arratibel, Mayo, Moreno eta Zabala, atzo, Burlatan egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Iraina tortura salatzen dutenak atxilotzea da», eta ez tortura salatzea. Hala erantzun diete astearteko atxiloketei 4/2014 sumarioan epaitutakoek. «Guardia Zibila iraintzea» leporatuta eraman zituzten polizia etxera zortzi lagun, Burlatan (Nafarroa) egindako mural bat zela medio. Aztnugal kanpainarekin torturaren eta epaiketa politikoen aurka aritu dira, eta astearteko operazioa «mendekua» izan zela ziurtatu dute. «Ez dute lortuko. Mehatxuek eta atxiloketek ez gaituzte isilduko. Modu basatian eta inpunitate osoz torturatuak izan ginela salatzen jarraituko dugu». Orain, herritarrei eskatu diete horretarako laguntza, Burlatakoaren moduko margoketekin edo beste modu batzuetan salaketa hori herriz herri zabal dezaten.

«Oso mingarria da guretzat agerraldi hau egitea», aitortu zuten Iñigo Gonzalezek, Jon Patxi Arratibelek, Gorka Mayok, Iker Morenok eta Gorka Zabalak, atzo, dozenaka lagun atzean zituztela. Atxiloketekin, beren senide eta lagunek «Poliziaren mendeku gosea» jasan dutela azaldu zuten, eta «maitasuna eta esker ona» agertu zieten haiei guztiei.

Burlatan bertan, hasiak dira erantzuna antolatzen. Batzar bat egin zuten asteartean bertan, eta manifestaziora deitu dute larunbaterako: 13:00etan, udaletxe plazatik. Joan den larunbatean aurkeztutako manifestua izango du oinarri protestak. Bi eskaera, zehazki: inkomunikazioa indargabetu eta hura «ezinezko egiteko mekanismoak» abian jartzea batetik, eta NBEren Torturaren aurkako Ituna betetzea bestetik.

4/2014 sumariokoek bizitakoa ekarri zuen gogora Mayok, Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan dela azaltzeko —horixe berretsi zuen atzo Paco Etxeberria auzi medikuak ere, Info7 irratian—. Sei atxilotuetatik, torturak salatu zituzten bostek sinatu zuten polizia deklarazioa; Estrasburgoko auzitegiak Espainia zigortu zuen Arratibelen kasua ez ikertzeagatik; CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak «sinesgarritzat» jo zituen testigantzak... Mayo: «Instantzia horiek segurtasun indarrak iraintzen dituzte?».

Udalbatzarra eta bilkura

Euskal Herrian hainbat erakunde eta elkartek emandako datuak ere aipatu zituen Mayok: Euskal Memoriarenak —5.022 kasu baieztatua—, eta Eusko Jaurlaritzarenak —3.587 kasu egiaztatuta—. Eta galdera batekin erantzun zion Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazi. «Barne ministroak esan zuen inpunitaterik eta immunitaterik ez dagoela segurtasun indarrak iraintzeko; torturatzeko badago inpunitate eta immunitaterik?».

Burlatako Udalean ere eztabaidatu zuten auzia. Udal gobernuko alderdiek deituta —Burlata Aldatuz eta EH Bildu—, ezohiko batzarra egin zuten atzo, eta mozio bat onartu zuten atxiloketak salatzeko. Elkarretaratze bat ere antolatu dute biharko, Aldaketaren aldeko udalei erasorik ez. Gogora ekarri dute murala udalaren baimenarekin egin zutela, eta adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo dituzte atxiloketak.

PSN, aldiz, kritiko agertu da udal gobernuaren jarrerarekin: «Alkateari exijitzen diogu gai identitarioak alboratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.