Gipuzkoako Aldundia. Urrezko domina eta bereizgarriak

Merezitako berotasunean

Jende ugari hurbildu zen atzo Basterretxea eta 'Egin'-eko eta 'Egunkaria'-ko langileak omentzeko ekitaldira, Gipuzkoako Foru Aldundira, erakunde ugaritako ordezkaritza barne, eta goraino bete zen ekitaldiko aretoa.

Ibarretxe eta Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak ere izan ziren atzoko sari banaketa ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Merezitakoa. Beroa. Hunkigarria. Horiek izan ziren atzo, Gipuzkoako Urrezko dominaren eta bereizgarrien sari banaketa ekitaldian jende gehienaren burutik pasatuko ziren hitzak eta sentipenak. Sarriez baitago ikuskizun handien beharrik norbaiti merezia duena eskertzeko, askok eta askok sentitzen duena sari baten bidez transmititzeko. Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian, nahikoak izan ziren hitza, kantua, eta dantzaren bat edo beste.

Ekitaldira hurbildu zen jende andana izan zen atzo lekuko, askok sentitzen zutela Nestor Basterretxea artistari eta EuskaldunonEgunkaria-ko eta Egin-eko langileei eskertza hori egin beharra. 18:30ean zegoen zita jarria, baina kasik ordu erdi lehenagorako jende asko bildu zen Foru Aldundiaren kanpoaldea. Txistu eta danbolin doinuekin batera bildu ziren guztiak, eta dantzarien atzetik egin zuten kalean jarria zegoen oholtza txikirako bidea. Jendetzak hartu zuen kalea, eta sarituek oholtza, dantzariek ohorezko agurra egiteko: Basterretxea eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano erdian, eta Tomas Arrizabalaga, Iñaki Iriondo eta Ixiar Arteaga —Egin-eko langileen izenean— eta Bego Zubeltzu, Gurutze Zabaltza, Ainhoa Albisu —Egunkaria-ko langileen izenean— alde banatan. Ezpata dantzaren ondoren, barrurantz egin zuten guztiek, etorri bezala, txistulari eta dantzarien atzetik. Ezpataz egindako arkuaren azpitik sartu ziren guztiak, eskaileratan gora eginda, Jargi aretora.

Berehala bete zen goraino aretoa. Gertatuko zena aurreikusita edo, dozenaka aulki zeuden kanpoaldean, eta atea irekita jarraitu ahal izan zuten ekitaldia sartu ezin izan zutenek. Eskaileratan ere geratu zen bat baino gehiago, barruan gertatzen zena pantaila batetik jarraitzen.

Erakundeetako ordezkaritza

Jendetzaren artean ziren, Egin-eko eta Egunkaria-ko langileez gain, erakundeetako nahiz eragileetako ordezkari ugari ere: besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Foru Aldundiko ordezkariak, Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendari Alberto Barandiaran, EAJko Markel Olano, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena, EH Bilduko Joxean Agirre eta Amaiurreko Rafa Larreina. Ondorengo ekitaldian zehar gogoratu zuten moduan, ordea, izan zen bertan egon ezin zuenik ere, oraindik preso baitituzte Egin-en aurkako auziagatik.

Ekitaldian, bideoen laguntzaz goraipatu zuten bi egunkarietako langileek eta Basterretxeak egindako lana. Kalean ere ez zebilenhotzik atzo, baina bero handia egiten zuen goraino betetako aretoan. Hala ere, gustura jarraitu zituzten han bataren eta bestearen hitzak. Ekitaldia amaitzeko, Jon Maya dantzari eta Egunkaria-ko langileak egin zien azken agurra, Mikel Laboaren ahotsean: Ez nau izutzen negu hurbilak.

«Zoragarria» iruditu zitzaion ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiari: «Merezitako saria jaso dute guztiek». Hitz onak baino ez zituen Basterretxearentzat: «Eskuzabala izan da, beti herrigintzaren alde egin du, artearen alde, eta gainera berezko duen grazia eta dohain horrekin». Egin-ekin eta Egunkaria-rekin egindako «bidegabekaria» zuen buruan Deia-ko zuzendari Bingen Zupiriak: «Gertatu zenean horrela ikusi zuen herri honen gehiengoak, eta gero justiziak ere horrela ikusi du. Bidegabekeria horrek aitortza bat edukitzea erakundeen aldetik garrantzitsua iruditzen zait». Bi egunkarien itxierak izan dira Garaikoetxearen esanetan azken urteetan gertatu diren «eskandalu izugarrienak», baina alde onik ere topatu zien lehendakari ohiak hedabide horietako langileen ahaleginari: «Argi eta garbi erakutsi dute herri hau gai dela burua altxatzeko. Oso adierazgarria da hori».

Basterretxeak saria jaso zuen unea izan zen, ordea, Garaikoetxearentzat bereziena. Hala onartu zuen berak: «Artista handia da, baina niretzat, batez ere, oso adiskide mina. Hunkigarria izan da hemen egotea». Adinean aurrera joan arren, gustura geratu zen artista ere mokadu bat jaten, lagunarte onaren eta kantu doinuen berotasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.