Mertxe Aizpurua ez da EH Bilduren hautagaia izango Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. EH Bilduk martxan du hautagaiak aukeratzeko prozesua Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan —datorren astearen amaieran jakinaraziko dituzte izenak—, baina EITBk aurreratu egin du Aizpuruaren albistea.
Eguerdian, Aizpuruak berak baieztatu du berria, sare sozialen bidez. «Bizitzako ziklo bat bete dut, eta egindako lanarekin harro hartu dut erabakia», hasi da. «Proiektua badago, taldea badago, eta anbizioa badago. Ezin lasaiago noa».
«Urte intentsuak izan dira: une zailak bizi izan ditugu, lorpenak eskuratu ditugu tarteka, eta ikasi egin dugu denbora horretan guztian. Asko», adierazi du, iraganera begiratuta. Segidan, eskerrak eman dizkie urte horietan «bidelagun eta konplize» izan dituenei, «Madrilgo familia osoari, han eta hemengo aliatuei, EH Bildu osatzen duen komunitate osoari, eta etxekoei, noski».
«Erretiroa hartzera noa, baina ez naiz EH Bildutik erretiratuko. Asko dago egiteko. Herri honek merezi du, eta egin egingo dugu», esanez amaitu du.
Ikusi gehiago
Aizpuruak 66 urte ditu, ofizioz kazetaria da, eta Gara egunkariko zuzendaria izan zen 1999. eta 2004. urteen artean. Politikarako jauzia, berriz, EH Bildurekin batera egin zuen, eta 2011tik 2015era Usurbilgo (Gipuzkoa) alkate izan zen, baita Udalbiltzako presidente ere 2013tik 2016ra.
Espainiako Kongresuan dabil 2019tik; hirutan izan da koalizioaren Gipuzkoako hautagaia, eta EH Bilduren taldeko bozeramaile ere bai, Oskar Matuterekin batera.