Mertxe Aizpurua: «Eskuin muturrari irabazi ahal zaio, eta irabazi egingo diogu»

Maddalen Iriartek gobernabide akordio zabal bat proposatu die beste alderdiei foru bozak egin aurretik. Nerea Kortajarenak, berriz, Donostiako alkate izan nahi du «etxebizitza eskuragarria bermatzeko».

Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Mertxe Aizpurua, gaur, Donostiako ekitaldian. EH BILDU
Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Mertxe Aizpurua, gaur, Donostiako ekitaldian. EH BILDU
xabier martin
2026ko urriaren 10a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk helarazi du azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta, «partida jokatzeko» dagoela oraindik eta hura irabaz daitekeela. Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du gaur, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoko Elkartegian, eta han izan dira Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta Nerea Kortajarena Donostiako alkategaia, euren proposamenak aurkezten. Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ere parte hartu du, eta azpimarratu du azaroaren 29ko hauteskundeak aukera direla «eskubideak eta askatasunak defendatzeko»; herritarrak mobilizatzera deitu ditu: «Azaroaren 29an partida jokatzeko dago. Eskuin muturrari irabazi ahal zaio. Partida badago, jokatuko dugu, eta, gainera, irabazi egingo dugu».

Aizpuruaren hitzetan, jendeak merezi du norgehiagoka horretan dena ematea, «eskubide eta askatasun gehiagoren alde borrokatzeak merezi duelako». EH Bilduk Euskal Herria defendatuko duelako konpromisoa hartu du. Horretarako, «mobilizazio soziala eta parte hartze politikoa» uztartzearen garrantzia nabarmendu du, eta hiru ekitaldi jakini erreparatu die, azaroaren 11ko greba orokorrari, hilaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioari eta azaroaren 29ko hauteskundeei: «Gure amaren etxea defendatuko dugu», aldarrikatu du.

Maddalen Iriarte ahaldungai nagusiak, berriz, adierazi du ziurgabetasun garai honetan «herritarren beharrei erantzungo dieten politikak eta gobernatzeko modu berriak» aurkitu behar direla. Haren esanetan, «herritarren bizi baldintzak hobetzeak» izan behar du politikaren helburu nagusia: «Politikan herritarren bizitzak hobetzeko gaude gu. Ez dugu beste asmo eta nahirik».

Akordio zabal bat

Iriartek esplikatu du gaur egungo egoerak gobernatzeko «eredu zaharkituak» gainditzea eskatzen duela, eta EH Bilduk borondatea duela «udalerri askotan» garatzen duen eredua herrialde osora zabaltzeko. Horretarako, «edukietan oinarritutako akordioak eta elkarlana» hartu ditu ardatz. Hala, EH Bilduko hautagaiak Gipuzkoako herritarrei eta eragile politikoei «gobernagarritasun akordio zabal bat» egiteko proposamena egin die, hauteskundeen emaitzak zein izango diren jakin aurretik ere. «Orain eta hemen, hauteskundeak egin aurretik, emaitzak jakin aurretik, proiektu partekatu batean oinarritutako gobernagarritasun akordio zabala eskaintzen dut».

Donostiako alkategai Nerea Kortajarenak ere hartu hitza. Donostia «bizitzeko hiri bat» izatearen beharraz aritu da, eta «lehentasunezko helburutzat» jo du etxebizitza eskuragarria bermatzea. «Arima duen Donostia hori berreskuratu nahi dugu, haren esentzia. Eta berreskuratu nahi dugu Donostian bizi ahal izatea, bizi proiektu bat eduki ahal izatea».

Kortajarenak salatu du etxebizitzaren garestitzeak eta gaur egungo politikek herritar askori eragozten dietela beren auzoan bizitzen jarraitzea. Horregatik, adierazi du «etxebizitza eskuragarria bermatzeko» ere izan nahi duela Donostiako alkate. Gogorarazi du Donostian jendea etxegabetzen dela eta etxebizitzaren merkatuan espekulazioarekin lotutako arazoak daudela, eta azken urteetako hirigintza eta etxebizitza politikak kritikatu ditu: «Bizi dugun etxebizitza larrialdiaren atzean beren auzoan bizi nahi eta ezin dutenen historiak daude. Nire alabarena, zuen seme-alabena, zuena…».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA