«Bigarren mailako herritarrak al gara?». Haserre daude Bilboko hegoaldeko auzokideak: hamarkadak daramatzate metroa eskatzen, argi baitute metroak abantailak ekarriko lizkiekeela auzokideei. Ez dira eskaera hori duten bakarrak: metroaren 30 urte hauetan, Bizkaiko eskualde eta herri ugarik eskari bera egin dute, eta argi utzi kasu egin arte ez direla geldituko. Metrorik ez dutenek, berriz, kalitatezko garraio duina exijitu dute.
Aldirietako tren zerbitzua eta Bilbobus zerbitzua dituzte egun Bilboko hegoaldeko auzoetan, «oso maiztasun txikietan» eta beti garraio aldaketak egitera derrigortuta, Metroaren 4. Linea plataformako Mari Luz Basurtok azaldu duenez. «Deustuko Hizkuntza Eskolara joateko 45 minutu behar ditut, Gasteizera joateko beste; hori ez da onargarria», kontatu du, eta erantsi metroarekin hamar minutuan bertan egongo litzatekeela.
Plataformak urteak daramatza Errekalde, Irala, San Adrian eta inguruko auzoetarako metroaren 4. linea eskatzen, eta hamaika protesta eta ekintza egin dituzte. Izan ere, Basurtoren hitzetan, agerikoa da jasaten ari diren «utzikeria», bereziki Bilboko Udalaren partetik. Eusko Jaurlaritzarekin hainbatetan bildu direla esan du, baina Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ez duela ezta behin ere onartu eurekin elkartzea.
«Protesta gehiago antolatuko ditugu Etxanobek sinatu arte; plataforma ez da geldituko obrak hasi arte»
MARI LUZ BASURTO Metroaren 4. Linea plataformako kidea
Aspalditik ari dira metroaren laugarren linearen proiektua lantzen, baina azkenaldian desadostasunak egon dira trazaduraren inguruan. «Errekalde, Moyua eta Matiko lotzen dituen trazadura da guk eskatzen duguna; hau da, mahai gainean beti egon den hori», zehaztu du Basurtok, eta erantsi ez dutela ulertzen zergatik proposatu duten Abandon amaitzea. «Guretzat ez zuen inolako zentzurik; ikusten diodan logika bakarra da gure proiektua denbora luzeagoan alde batera utzi nahi izatea».
Joan den astean hasierako trazaduraren aldeko mozio bat onartu zuten Bilboko Udalean: alderdi guztiek bozkatu zuten alde, EAJk izan ezik. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak sinatzea besterik ez da falta, eta hala egiteko exijitu dio plataformak. Sinatu ezean, Basurtok argi utzi du: «Protesta gehiago antolatuko ditugu, Etxanobek sinatu arte; plataforma ez da geldituko obrak hasi arte».
Tren zerbitzu eskasa
Bilbotik kanpo ere ari dira metro eske. Aurtengo maiatzean, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitatean ordezkaritza duten alderdi guztiek ekinaldi bat babestu dute, metroaren laugarren linea egitea bultzatzeko eta Alonsotegiraino egiteko. Martin Perez Garmendia mankomunitateko presidenteak orduan esan zuenez, azpiegitura hori «lehentasuna» da eskualdearen etorkizunerako. «Gure eskualdeak tren zerbitzu eskasa du, eta horrek eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala oztopatzen du», adierazi zuen.
Alonsotegira iristeko, Zorrotzatik pasatuko litzateke laugarren linea. Fernando Ramos Zorrotzako auzo elkarteko kideak azaldu duenez, ondo ikusten dute metroa, baina badute beste lehentasun bat aspalditik: tren geltokia lurperatzea. Haren hitzetan, nahiz eta Bilbobus, Bizkaibus eta tren zerbitzuak izan, «utzikeria» sentitzen dute erakundeen partetik, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, ohartarazi du maiztasunak ez direla metroarenak bezalakoak. «Metroa bost edo hamar minutuan behin dago; trenak ez ditugu hainbeste». Horrez gain, gauean ez dago trenik, eta, batzuetan, edozein arrazoirengatik tren bat bertan behera geratzen bada, ez dute ordezkorik jartzen.
Bosgarren linea ere bidean da. Jon Atxutegi Usansoloko Geltokia Erdigunean plataformako kideak zehaztu duenez, linea hori hirugarrenaren luzapen bat izango da. «Kukuiagako geltokian bukatu beharrean, Usansoloko ospitalean bukatuko da, eta, hortik, Usansolo guztia azpitik zulatu eta Bediara, Usansolon geltokirik egin gabe».

Herritarrak ez daude ados trazadura horrekin. Izan ere, hasierako proiektuak geltoki bat aurreikusten zuen Usansolon. 2022an, baina, plana aldatu egin zen. «Goizetik gauera, bat-batean, desagertu egin zen Usansolorentzat aurreikusten zen geltokia», azaldu du Atxutegik. Eta ez hori bakarrik: «Usansolok gaur egun daukan Euskotreneko geltokia ere desagertuko da metroaren etorrerarekin». Hainbat errekurtso aurkeztu zituzten plan berriarekin aurka, baina ez zituzten onartu.
Erakundeek argudiatu zuten Usansoloren «biztanle kopuruak ez zuela geltokia egitea justifikatzen», eta proposatu zieten ospitaletik lotura autobus bat jartzea. Herritarrek ez zuten onartu, eta duela urte eta erdi plataforma sortzea erabaki zuten. «Guk defendatzen duguna da tren hori Usansolo azpitik pasatuko dela eta gaur egungo geltokia kenduko digutela, eta, beraz, justuena dela beste geltoki bat egitea».
Atxutegik azaldu du «teknikoki bideragarria» dela bertan geltoki bat egitea. Errekurtsoak aurkeztu zituztenean, Euskal Trenbide Sareak kanpo zerbitzu bat kontratatu zuen, aztertzeko ea Usansolo tren ibilbidera konekta zitekeen. Hiru emaitza posible aurkeztu zituen: «Usansolon bertan geltoki bat jartzea, bostehun metroko tunel bat jartzea ospitaletik Usansolora, edo lotura autobusa; hirurak dira teknikoki bideragarriak». Zer gertatzen da, beraz? Atxutegiren hitzetan, lotura autobusa da aukerarik merkeena, eta horregatik ezarri nahi dute hori.
Bide politikoa
Gaur egun, usansolotarrek hamazazpi minutu behar dituzte Bilbora iristeko. Proposatutako proiektuarekin, berriz, 35 beharko dituzte. Hau da, denbora «bikoiztuko» da, eta hori «ez da onargarria». Atxutegik argi utzi du borrokan jarraituko dutela. Alde batetik, bide politikoa dute irekita. Agerraldiak egin dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, eta alderdi politikoekin bilerak izan dituzte. Udalean, gainera, lortu dute hiru alderdiek adierazpen eta mozio batzuk aho batez onartzea, erdiguneko geltokia eskatzeko. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin eta Susana Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuarekin bileraren bat egitea ere eskatu dute, baina erantzunaren zain daude.
Bestalde, herritarrak kontzientziatzen ari dira, eta «zarata» egiten, «herriak bere egin dezan plataformaren aldarrikapena». Hainbat manifestazio egin dituzte Usansolon eta Bilbon, eta obretan atzerapenak eragiteko kontzentrazioak ere egin dituzte. Horrez gain, duela hilabete inguru herri galdeketa bat egin zuten. «Argi eta garbi, herriak erabaki du erdiguneko geltokia nahi duela», nabarmendu du plataformako kideak.
«Usansolok geltokirik ez badauka, ez da bosgarren linearik egongo; hori argi daukagu»
JON ATXUTEGI Geltokia Erdigunean plataformako kidea
«Usansolok geltokirik ez badauka, ez da bosgarren linearik egongo; hori argi daukagu». Izan ere, Atxutegik esan du obrak herrian bertan hasiko direla, eta bertara iritsiko direla kamioiak. Hortaz: «Bidea daukagu kamioi horiek gerarazteko eta obrarik ez egiteko». Hala ere, ez dute horretara iritsi nahi, «bide politikoan aurrera egin» baizik. «Gu lan egiteko prest gaude, baina alderdi politikoek ez badute lan egiten, proiektuak bertan behera geratu beharko du».
Metrorik ez duten eskualdeek ere badute zer esan garraioaren inguruan. Meatzaldean, esaterako, ez daude gustura garraioarekin: «Metroa iristen ez den herrietan erabat bakartuta sentitzen gara». Urteak daramatzate garraio duin bat eskatzen. Oraintxe Bilbora joateko autobus zuzena duten arren, hainbatetan salatu izan dute bertatik igarotzen den aldirietako trena ez dela batere egokia.
Izan ere, duela bi urte Meatzaldeko gazteek protestara deitu zuten, kalitatezko tren zerbitzua eskatzeko. Haien hitzetan, pandemiak are gehiago okertu zuen egoera. Gaueko trena kendu zuten, esate baterako, eta horrek «nahiko murriztu zituen gazteen aukerak». Horrez gain, trenak bertan behera geratzen dira «oso maiz», eta ez da horren inguruko abisurik ematen; ondorioz, «ehunka erabiltzaile nasetan botata gelditzen dira». Argi adierazi zuten garraio duina ez izateak Meatzaldean bizi diren milaka pertsonen bizitza baldintzatzen duela.
«Oso gaizki komunikatuta»
Herrietako plataformak ez dira garraioarekin arduratuta dauden bakarrak. «Argi daukagu Bizkaian bi puntu daudela garraio aldetik oso gaizki komunikatuta daudenak: aireportua eta EHUren Leioako campusa», adierazi du Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak. «Mugimendu izugarria eragiten duten bi puntu dira», adierazi du.
Izan ere, Garaik gogoratu du metroa aireporturaino bideratzeko proiektua lantzen ari direla. Nahiz eta plan horiei buruz ezer ez aipatu, AENAko iturriek aitortu dute «bidaiariak ugaritzen» ari direla eta «garraio guztiak onak» direla aireportura iristeko. Haien arabera, «intermodalitatea, hau da, garraiobide diferenteen arteko konexio arina, funtsezko faktorea da aireportu moderno baten arrakastarako eta funtzionaltasunerako». Izan ere, «ondo konektatuta» dagoen aireportu bat abantaila da «bidaiarientzat, aire konpainientzat eta eskualdeko ekonomiarentzat». Hortaz, metroak abantailak ekarriko lituzke, eta «arazo gutxi».
«Behin metroa aireportura iritsita, hurrengo proiektua eta konpondu beharrekoa Leioako campusak daukan konexio txarra izan beharko litzateke», adierazi du Garaik. Errektoretza talde berria horretan ari da lanean: mugikortasun plan berri bat egitea dute helburu. Besteak beste, ingeniaritza eskolan datu analisiekin lan egiten dutenak, mugikortasun adituak eta matematikariak bildu dituzte, «analisi zorrotz bat» egin dezaten.
«Argi daukagu Bizkaian bi puntu daudela garraio aldetik oso gaizki komunikatuta daudenak: aireportua eta EHUren Leioako campusa»
ESTITXU GARAI EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordea
Gaur egun, ikasleek Bizkaibus zerbitzua erabiltzen dute campusera iristeko. Garairen hitzetan, «kaskarra» da zerbitzu hori: «Ikasleek beti esaten dute estu-estu doazela latan». Eta ez du ahaztu nahi izan autobus horiek eragiten duten kutsadura. Behin analisia eginda, «trantsizio ekosozialaren ikuspegitik», soluzio bideragarriena zein den erabakiko dute. Hala ere, argi dute «metroaren garapen proiektuan» Bizkaian Leioako campusa dela erronka handi bat.
«Arazo historikotzat» jo du Garaik garraioaren auzia, eta nabarmendu garaia dela «soluzio iraunkor bat» emateko. Epe laburrera begira, uste du Bizkaibusek eskaintzen duen zerbitzua hobetu beharra dagoela eta metroaren eta campusaren arteko konexioa hobetu, autobus zerbitzu horiek indartuz. Epe ertainera begira, berriz, errektoreordeak uste du erakundeen lehentasuna izan behar dela metroa campusera iristea. «Gainera, aireportua eta campusa hurbil daude», azpimarratu du.