Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi duenez, irailaren 3ean gizon irundar bat atxilotu zuen Frantziako Poliziak Biriatun, migratzaileekin trafikatzea leporatuta. Azaldu dute gizonaren peskizan zebiltzala lehendik ere, eta atzeman zuten momentuan zazpi migratzaile zeramatzala auto batean Hegoaldetik Iparraldera. Epailearen esku utzi zuten.
Operazioa Irungo kaleetan hasi zen. Espainiako ordezkaritzaren arabera, kalez jantzitako polizia batzuek bi migratzaile motxila handiekin eta telefonoz hizketan ikusi zituzten. Horrek atentzioa eman zien, adierazi dutenez, jakin baitakite "trafikatzaileek" telefonoz laguntzen dietela migratzaileei muga pasatzen, "diru kopuru handi baten truke".
Poliziek migratzaileei jarraitu zieten, eta bi horiek beste bostekin elkartu zirela ikusi zuten. Ordubete geroago, auto bat hurbildu zitzaien. Autoa gizon zuri batek gidatzen zuela ikusirik, mugako poliziak ohartarazi zituzten, haruntz joan zitezkeelakoan. Azkenean, Biriatun atxilotu zuen gizona Frantziako Poliziak.